Gernikako Bakearen Museoa

2021-07-01

Gernikako Bakearen Museoak Espainiako Gerra Zibila eta Gernikako bonbardaketa lantzeko material didaktikoa sortu du. 14-15 urtetik gorakoei zuzentzen zaie, gazte zein helduei. Gai gogorrak izanik ere, jolasaren, umorearen eta ikerketaren bidez jorratu nahi izan dituzte. Helburu nagusia gure herriko historia hurbila ezagutzea da, egileek diotenez, nondik gatozen jakitea, nora joan nahi dugun erabakitzeko.

 
 

Euskal Herriak bere historian bizitako bi une garrantzitsu bildu dituzte material didaktiko batean, Gernikako Bakearen Museoan. Zehazki Espainiako Gerra Zibila eta Gernikako bonbardaketa lantzeko materiala sortu dute museoko langileek.
Gerra Zibilaren gaia erakargarriagoa izan dadin, bineten bidez erakutsi dute. Ideia erakusketa batetik hartu zuten: “OROIMENERAKO BINETAK. Euskadin gerrak iraun zuen garaian Bilboko egunkarietan argitaratutako binetak (1936-37)”. Umorea oso tresna baliagarria izan zitekeela otu zitzaien, Idoia Orbe Narbaiza Gernikako Museoko hezkuntza-arduradunaren hitzetan: “Umorea oso baliabide erakargarria da historia ikasteko, eta oso erabilia da egunkari guztietan, XIX. mendetik hona”.
Binetetatik abiatuta, jolasa proposatzen dute gertaera historikoa ezagutzeko tresna gisa: jolasetan edo gamifikazioan oinarritu dira gaiak aztertzeko. “Batetik, Euskadiko egoera nolakoa zen ulertuko dugu, gerran parte hartu zuten pertsonaia batzuk aztertuz, eta, bestetik, garaiko mugimendu artistikoak landuko ditugu, marrazkilari edo binetagileen marrazteko estiloak jorratuz”, azaldu du Orbek. Hala ere, materialaren egileek leku berezia eta denbora asko eskaintzen dizkiote hausnarketari prozesu guztian zehar. Sinetsita daudelako gazteek badutela behar besteko heldutasuna eta, horren ondorioz, hausnarketa behar-beharrezkotzat ikusten dutelako hezteko prozesuan.
Gernikako bonbardaketaren materiala ikerketa baten bidez aztertzea proposatzen dute. Hiru rol daude aukeratzeko: lekukoarena, kazetariarena eta marrazkilariarena. Lan kooperatiboa izango da, hiruko taldeetan banatuko baitira parte-hartzaileak, eta, azkenean, ikerketaren emaitza aldizkari baten eranskinaren itxurakoa izango da.
Museoko hezkuntza-arduradunaren ustetan, Gernikako bonbardaketa gai polemikoa da oraindik ere: “Bai gaur, bai lehen, gizarteari komunikabideetan azaltzen diotena ez da beti zuzena izaten, edo informazioaren parte bat baino ez da ematen, eta, beste batzuetan, gezurrak saltzen dituzte. Gernikaren kasua oso adierazgarria da, eta eredutzat erabil daiteke altxamenduaren aldeko matxinatuen bertsioa, fake news edo informazio faltsuaren adibide modura. Jakin badakigu Interneten material ugari aurkitu dezakegula, baina gai izan behar dugu informazio egokia aurkitzeko eta okerrak baztertzeko”.
Fake newsak ekiditeko bide bat da zuzeneko lekukotasunak erabiltzea, eta, hain zuzen, garrantzia ematen diote baliabide horri, horretarako, onbardaketa zuzenean bizi zutenek urte hauetan guztietan eskaini dituzten lekukotasunen bideoak baliatu dituzte, eta Interneten jarri dituzte ikusgai.
Museoko langileek sortua
Bi gaiak lantzen dituzten materialak 14-15 urtetik gorakoei zuzentzen zaizkie. Biak ala biak Gernikako Bakearen Museoko langileek sortuak dira, nahiz eta Gerra Zibilaren kasuan laguntza berezia izan zuten hasieran: “Gerra Zibila bineten bidez lantzeko materialaren kasuan, hasierako ideiak ateratzeko, erakusketaren komisarioaren laguntza izan genuen, Aline Soberonena, baina, handik aurrera, beste guzti-guztia museoko lantaldeak egin zuen. Bonbardaketako materialari dagokionez, berriz, museoan egin dugu lan guztia, ideiak ateratzetik diseinuraino”, dio Orbek.
Material guztia sortzeko, museoak bisitari gutxiago jaso duen denboraldia baliatu dute, bai eta itxita egon den tartea ere. COVID-19aren eraginez kalera ateratzerik ez zegoenez eta ondorenean oso zaila izan denez museoetara joatea, lekuak ezagutzeko eta abarretarako eskola-taldeekin txangoak egitea, materiala online lantzeko prestatu dute, edozein lekutatik erabili ahal izateko. Bi materialek aukera ematen dute atal batzuk gelan eta beste batzuk etxean jorratzeko, material gehigarri asko baitago sakontzeko ere.
Helburu nagusia gure historia hurbila ezagutzea dela uste du Orbek, “nondik gatozen jakitea nora joan nahi dugun erabakitzeko”. Gerra Zibila ikasturtearen amaieran ematen den gaia izaki, batzuetan gutxi sakontzen den gaia, denbora faltagatik askotan. “Gure iritziz, gure historiako oso atal garrantzitsua da gaur egungo egoera eta politika ulertzeko, eta baita gure aitona-amonek bizi izan zutena ezagutzeko ere. Gure familiaren historia aztertzeak eta ezagutzeak geure burua hobeto ezagutzen lagunduko digu, eta, kasu askotan, beste herrialde batzuetan gertatzen denarekin ere enpatia sorraraziko digu”.
Informazio guztia Gernikako Bakearen Museoko webgunean aurkitu daiteke. Hala ere, webgunera sartu gabe esteka guztiak eskura izan nahi dituenak museoko hezkuntza-arlora idatz dezake, eta berehala bidaliko diote informazioa: hezkuntza.
museoa@gernika-lumo.net
Museoko hezkuntza-arduradunak eskaera bat luzatu die erabiltzaile guztiei: haien iritzia bidaltzea materiala erabiltzen dutenean hezkuntza.museoa@gernika-lumo.net helbidera. “Eta animatzen badira, bonbardaketaren ikerketa egiten duten ikasleen eranskinak bidaltzea eskertuko genuke, gure helburuak egoki bete diren ala ez egiaztatzeko”.