ZER DA PRAKTIKA FILOSOFIKOA ETA ZER EKARPEN EGIN DIEZAGUKE HEZKUNTZAN, HEZIKETAN ETA BIZITZAN?
MIREN CAMISON
Praktika filosofikoen web atariaren sortzailea
www.filosofiafaktoria.eus
Praktika filosofikoa 70eko hamarkadatik gaur egunera arte filosofiari “bira praktikoa” ematen dion mugimendu berria da.
Filosofia mugimendu berri hau, Mendebaldeko zein Ekialdeko antzinako tradizio eta praktika filosofiko klasikoetan inspiratzen da.
90eko hamarkadan, Pierre Hadot filosofo frantsesak, Mendebaldeko antzinako filosofiaz egindako ikerketak argitaratu zituen eta zera azaldu zuen: filosofia, batez ere, bizitzeko modu bat da (Hadot, 1995). Antzinako Greziako eta Erromako eskoletan (estoikoak, epikureoak, zinikoak, eszeptikoak…), filosofiaren bidea jarraitzen zuten filosofoek, bizitzeko arteari aplikatutako praktika filosofikoetan trebatzen ziren egunero. Ataraxiaren edo ongizatearen bila, filosofoek egunez egun euren bizitza aztertzen zuten, norbere baitan sakon ikertuz. Horren isla da Platonek bere Apologia obra dialogikoan Sokratesen ahotan jartzen duen gogoeta: “Azterketarik gabeko bizitza batek, ez du merezi bizitua izatea”.
Iturburu filosofiko-praktiko klasikoari begira baina esanahi, eduki eta forma garaikide propioa emanez, hainbat filosofo garaikideren lana garrantzitsua izan da egungo praktika filosofikora heltzeko, besteak beste: Friedrich Nietzsche, Spinoza, Pierre Hadot, Michel Foucault, Leonard Nelson, Matthew Lipman, Gerd Achenbach, Marc Sautet, Mónica Cavallé, Oscar Brenifier, Lou Marinoff, Ran Lahav, Michel Onfray eta Martha Nussbaum.
Praktika filosofikoak
Praktika filosofikoaren baitan, testuinguru kultural eta sozial desberdinetan sortu eta garatu izan diren hainbat praktika filosofiko independente aurki daitezke: haur eta gazte filosofia, filosofia tailerrak (elkarrizketa filosofikoak), kafe filosofikoak, aholkularitza filosofikoa eta filosofia erakundeetan. Horietako bakoitzak corpus teoriko eta metodologia propioa ditu, baina denek elementu orokor komun bat partekatzen dutela esan daiteke: filosofia praktika gisa jorratzea eta dimentsio dialogikoa (elkarrizketa sokratikoa) funtsezkoa izatea.
Filosofia, praktika gisa ulertuta
“Diskurtso filosofikoak ez ditu estatua geldiak zizelkatzen, ukitzen duen guztia aktibo, eraginkor eta bizi bihurtu nahi du. Hastapen bulkadak iradokitzen ditu, ekintza erabilgarriak sortzen dituzten judizioak eta ongiaren aldeko hautuak”.
Plutarko
Praktika filosofikoaren garapen historikoaren lehen fasea 1920ko hamarkadaren hasieran gertatu zen. Leonard Nelson irakasleak Alemanian, Kant filosofoaren maximari jarraituz, aipatu eta ezarri zuenean, “filosofia ezin da ikasi, filosofatzen bakarrik ikas baitaiteke”.
Nelsonek, maieutika-sokratikoan inspiratuz, metodo bat garatu zuen ikasleek filosofatzen ikas zezaten eta “Sokratisches Gësprach” izena eman zion. Metodologia sokratiko hori ez da filosofia irakasteko artean oinarritzen; filosofatzen irakasteko artean baizik. Nelsonen aburuz, “ikasleengan aurkikuntza filosofikoak serioski bultzatu nahi dituen irakasleak, filosofatzeko artea irakasten besterik ezin du egin”. Nelsonek, ikasle bakoitzak bere pentsamendua gara zezan bilatzen zuen.
Haurtzaroan eta gaztaroan filosofia pratikatzearen onurak
“Filosofia egiteko eredua Sokratesen figura handia da eta harentzat filosofia ez zen lorpen bat, ezta lanbide bat ere, bizimodu bat baizik. Sokratesek irakasten diguna ez da filosofia jakiten, ezta aplikatzen ere, praktikatzen baizik. Desafio egiten digu onartzera filosofia, egite bat den aldetik, bizimodu bat den aldetik, gutariko edozeinek imitatu dezakeen zerbait dela.”
Matthew Lipman,
Filosofia ikasgelan
Haurrak jaiotzen direnetik ikerlari sutsuak dira eta galdera filosofikoak egiteko joera daukate. Haur eta gazteen galderei hausnarketa emankorra egiteko aukera eskaintzen du haur filosofiaren praktika filosofikoak. Bizitzarako garrantzitsuak diren gaiak jorratuz: maitasuna, heriotza, askatasuna, justizia, edertasuna eta egia, besteak beste. Metodologia filosofikoak nork bere kabuz eta besteekin modu kooperatiboan pentsatzen eta izaten ikastea dakar.
Haurrekin gai filosofikoez hitz egitea beraiekin bizitzaz hausnartzea da. Eta beraiekin elkarrizketa filosofikoak praktikan jartzeak, bizikidetza hobetu eta kultura demokratikoa sustatzen du. Lipmanek honakoa aipatzen zuen: “Funtsezkoa dugu haurrei beren kabuz pentsatzen nola irakatsi ikastea, demokrazia baliotsua izan nahi badugu”. Adoktrinamenduaren aurkako praktika filosofikoa proposatzen zuen Lipmanek haur eta gazteen hezkuntzan. Haur eta gazteek beraien pentsamendu kritikoan, sortzailean eta enpatikoan gaitzeko aukerak sortuz, “ikerketa eta elkarrizketa komunitatearen” metodologiaren bidez.
Praktika filosofikoak ikasgelan gure ideiak partekatzera, adieraztera, problematizatzera, arrazoitzera eta idaztera eramaten gaitu: galderak eginez, hipotesiak formulatuz, argudioak ongi eraikiak izan diren ikertuz, kontraesanak eta falaziak identifikatuz, ideiak erlazionatuz eta kontzeptualizatuz. Prozesu horrek guztiak, gure artean sortzen den harremanaren eta egotearen kalitateari ere arreta jartzera eramaten gaitu.
Entzutea
Elkarrizketa filosofikoaren oinarria entzutea da. Barne isiltasuna eta pazientzia lantzen ikastea, baina hain abiadura handian eta modu hiperaktiboan mugitzen den gizarte honetan, aurkako bidearen eredua daukagu.
Geure artean ez badiogu elkarri entzuten ezingo dugu benetako elkarrizketa gogoetatsurik sortu eta horrek ez digu utziko aurkikuntza esanguratsurik egiten ere.
Gogoeta filosofikoaren denbora, halabeharrez, lasaitasun une bihurtzen da. Gure arreta eta presentzia osoa eskatzen duen ariketan murgiltzen garelako. Praktika filosofikoak, arreta berezia jartzen du entzutearen kontzientzia izaten eta lantzen. Ekialdeko eta Mendebaldeko antzinako filosofia sapientzialek barne isiltasunaren bidez entzutearen garrantzia oroitarazten digute.
Geure burua entzuteko eta besteak entzuteko, asko laguntzen digu gelditzen ikasteak. Baita barne isiltasuna esperimentatzeak eta praktikatzeak ere. Gaur egun, oso gizarte zaratatsuan, bizkorrean, estres-maila handikoan, proaktiboan eta, batez ere, produktibitatean zentratuan bizi gara, non harmena balio gisa izateari eta haren praktika erabiltzeari utzi zaion hein handi batean. Horrek, aldi berean, gizartearen sektore batean bizimodu lasaiagoa, erritmo geldoagoa, izate kontzienteagoa, arretatsuagoa eta osoagoa lortzeko irrika sortu du. Praktika filosofikoak ikasketa emozional eta existentzialak ere ekartzen dizkigu, lanketa pertsonalarekin harremana duten bertuteak eta balio etikoak ekartzen dituen praktika baita: presentzia, arreta, isiltasuna, errespetua, pazientzia, konfiantza, begirunea, parte-hartzea, ardura, pentsatzearen esfortzuari ekitea, ziurtasunak baztertzea, apaltasuna, berdintasuna, malgutasuna eta sinesmenak eta iritziak zalantzan jartzeko ausardia izatea, besteak beste.
Izatea, bizitza hobe baterako filosofia
“Besteak ezagutzen dituena, azkarra da. Bere burua ezagutzen duena, jakintsua da”.
Lao-Tse
Antzinako Greziako eta Erromako filosofoek, filosofia bizitzaren arte gisa praktikatzen zuten, izatearen arte gisa, doktrina teoriko gisa baino gehiago. Hortik abiatuz, egungo aholkularitza filosofikoak, pertsona bakoitzak bere burua ezagutzeko eta eraldatzeko duen gaitasunean jartzen du indarra, bai eta bere kudeaketa emozionala eta intelektuala zabaltzeko ere.
Gerd Achenbach aholkularitza filosofikoaren aitzindaria eta sortzailea izan zen. 1981ean, filosofian doktore zen gazte honek Praktika Filosofikoa eta Orientaziorako Institutua sortu zuen. Baita kabinete partikularra ireki ere, ikerketa filosofiko bateratu baten bidez, beren bizitzetan orientazioa bilatzen duten pertsonei laguntzeko. Ideia eta ekintza horrek antzinako Greziako eta Erromako tradizio filosofiko klasikora eramaten gaitu berriro, non filosofia pentsamendu, bizitza eta harreman komunitarioaren bizipen gisa praktikatzen zen.
Achenbachek “Philosophische Praxis” neologismoa sortu zuen, filosofo praktikoak bere lanbidean jardun askea garatzeko aukera aldarrikatuz. Eta neologismo horrek eman dio izendapena gaur egun filosofiaren baitan sortu den mugimendu berri honi. Gaur egun Mónica Cavallé filosofoak aholkulari gisa lan egiten du eta bibliografia zabala argitaratu du aholkularitza filosofikoaren teoria eta metodologiaren inguruan.
Hiritartasun sortzailea eta kritikoa sustatzen
Filosofoa kalera irteten da, agorara edo plaza publikora, eta adin askotariko pertsona taldeekin eta inguruneko errealitatea zalantzan jartzeko interesa duten herritarrekin hitz egiteko prest azaltzen da. Elkarrizketa filosofikoaren praktika, bizitzako espazioetan txertatzen da, antzinate klasikoan gertatzen zen bezala. Filosofoek, kafe filosofikoak —informalak— edo tailer filosofikoak —formalak— gidatzen dituzte.
Egun, elkarrizketa filosofikoak kultur esparruetan topa daitezke: liburutegietan, kultur guneetan, arte-galerietan nahiz museoetan, baina baita espazio sozial informaletan ere, besteak beste, ospitaletan, kafetegietan, tabernetan, terrazetan zein natura eta hiri guneko espazio irekietan.
Kafe filosofikoek bat-bateko sorrera bitxia izan zuten. 1992an, Marc Sautet Pariseko Unibertsitateko irakasleak, irratian egindako elkarrizketa batean komentatu zuen, lagun batzuekin biltzen ohi zela igande goizero Bastilla Plazako kafe batean filosofatzeko. Eta zein izango zen bere harridura, hurrengo igandean, eztabaida filosofiko informal hartan parte hartu nahi zuten pertsona ugari bertaratu zirela egiaztatu zuenean. Pixkanaka, gero eta jende gehiagok parte hartu nahi zuen eta oinarrizko arau batzuk bilatu behar izan zituzten, jende gehiegi etortzen hasi zelako. Pixkanaka, ekimen horiek ugarituz eta birsortuz joan ziren.
Behin kafe filosofikoak sendotuz joan zirenean, eskakizun eta zorroztasun filosofikoa areagotzeko beharra sortzen hasi zen jendearen artean. Horrela sortu ziren tailer filosofikoak, esku-hartzearen exijentzia filosofikoa areagotuz eta metodologia hobetuz. Oscar Brenifier frantziar filosofoa izan zen praktika ildo hau garatu zuen lehena.
Filosofatzea
Filosofatzea elkarrizketaren bidez filosofiaren tradizio maieutiko sokratikoa berrezartzea eta praktikan jartzea da.
Pertsona-talde batek gai filosofiko zehatz bati buruz elkarrekin ikertzeko konpromisoa hartzen du; pertsona bakoitzak bere iritzi nahiz bizi-esperientzia bestelako iritzi eta mundu ikuskerekin aurrez aurre jartzen ditu. Elkarrizketa-prozesuan, filosofo praktikoak galderak egiten ditu pentsamendu sakonagoa eta zorrotzagoa eskatuz, eta bide horretatik lor daiteke ideiak argitzea, kontzeptuetan sakontzea, pentsamendu akatsak detektatzea edo orain arte aintzat hartu ez diren aukera berrietara begirada eta ulermena zabaltzea.
Bide-laguntza filosofikoa hazieran eta hezkuntzan
Filosofia Faktoria euskarazko praktika filosofikoen web atarian, ildo berria landu eta eskaintzen zaie guraso eta hezitzaileei zuzendutako “taldekako bide-laguntza filosofikoa hazieran eta hezkuntzan” atalean.
Hezitzaileentzako taldekako bide-
laguntza filosofikoa: ikastetxean sor daitezkeen gaizki-ulertuak eta bizikidetza-gatazkak irakasleen, ikasleen, irakasle-ikasleen, jangelaren eta familien artean abiapuntutzat hartuta, ezaugarri filosofikoak dituen bide-laguntza proposatzen da. Elkarren arteko ulermen- eta konfiantza-esparrua sortzeko; elkarrizketa filosofikoa, entzutea, barne-isiltasuna eta komunikazio enpatikoaren bidez lan egiten da. Tentsioak modu ulerkor, lasai eta sortzailean konpon daitezen zainduz.
Gurasoentzako taldekako bide-laguntza filosofikoa: etxean gurasoen eta seme-alaben arteko bizikidetzan sortzen dira bizitza osorako lotura maitagarriarekin batuko gaituzten sentimenduak, baina baita hainbatetan kudeatzeko prest ez gauden desadostasunak eta gatazkak ere.
Gurasoentzako taldekako bide-laguntza filosofikoko tailer honetan, gure esperientziatik abiatuta, eguneroko bizikidetzan identifikatzen ditugun era guztietako egoera gatazkatsuak eta erronka pertsonalak jorratzen dira. Elkarrizketa filosofikoaren bidez galdera esanguratsuak egiten dira sakonki eta konplazentziarik gabe ikertzeko, horrela gure ulermen sakonenean ezkutuan geratzen den horri argitasuna emanez.