Pandemia, krisi ekosoziala eta hezkuntza

2021-10-01

Eskolara itzuli da gaur
goizean Lur. Bi hilabete baino gehiago zeramatzan ezagutzaren, arauen,
lagunen, irakasleen,
adiskidetasunaren,
maitasunen eta abarren eguneroko leku hori
zapaldu gabe. Itzulera, emozioz betetako lurralde batera. Baina, oraingoan, beste era bateko inpresioak ditu. Orain, atera iristen da, eta bere txandaren zain egon behar du, araututako
distantzia zainduz, pozik eta adi, bere lagunek jantzita duten maskararen look
berriari so. Begiradak eta begi-keinu konplizeak bilatzen ditu, ahoa estalita duenetik horiek
antzematen ikasten ari baita.

 
 

Urduri samar dago, ez baitaki hurrengo egunetan gauzak nola joango diren eta zer eskatuko zaien. Badirudi urrun geratu direla besarkadak, eskutadak, belarrira esandako konfidentziak, poza, haserrea, keinu baten bidez adierazitako konplizitatea. Askoz urrunago daude, berriz, Greta Thunbergen deiarekin bat egin eta, ilusioz beteta, klima-aldaketaren aurkako politiken geldotasunari aurre egiteko kanpaina dibertigarri hura egin zuten egunak. Aurreko beste bizitza bateko oroitzapen bat dirudi. Bien bitartean, itxialdia. Etxean giltzapean. Badira familian bizitzera, ohitura berri batzuetara eta ordenagailuarekin lan egitera egokitu direnak. Badira etxean familia-jazarpena jasan dutenak, etxeko lanak egiteko baliabide digitalik ez zutenak, ikasteko laguntza zutenak eta laguntzarik ez zutenak, edo, familia-nukleoko beste pertsona batzuk ere telelanean ari zirelako, baliabideak partekatu behar izan dituztenak.
Emozio berriak sentitzen ditu Lurrek, eta zaharrak gogoratzen ditu. Eta horien erdian? Beldurra, tristura, gabezia, motibaziorik eza, larritasuna, antsietatea, atsekabea –batez ere urtebetetze-eguna familiarekin eta logelan igaro behar izan duelako, egoera berri horretan lagunen zorion-mezuen eta bideo andanaren zain, urduri– eta dolua, ia azaldu ezin duen nahaste batean. Lurren amonak 32 egun eman zituen ZIUn hil aurretik, eta ezin izan ziren harekin egon, eta ezin izan zuten ikusi ere.
Mundua, Lurrentzat gutxi gorabehera segurua zena (bere mugak zituen, jarraitu beharreko arauak, zaintzak…), egun batetik bestera erori, eta ziurgabetasunean murgildu zen. Zer gertatu da? Zergatik? Zergatik guri? Zer gertatuko da? Nola egongo da amona? Zenbat iraungo du honek? Nolakoa izango da aurreko bizitzara itzultzea? Nola sentitzen naiz? Nola sentitzen dira nire lagunak?
Lurrek egoera hori bizi izan eta jasan du. Eta ikastetxera joatera behartzen duen hezkuntza-sistemak etxean babestea eta bere autonomia bat-batean handitzea inposatu zion, erronka berriei aurre egiteko. Eta zer eskaini dio hezkuntza-sistemak? Edukiak (ezin konta ahala) etxetik lantzea, irakasleen eta etxekoen laguntzarekin, irakasleak shock-egoeran egon arren eta nahiz eta zenbaitetan trebetasun digital mugatuak izan.

Hezkuntzaren norabidea
Hezkuntza al da hori? Ez. Urrutiko irakaskuntza, teleirakaskuntza, irakaskuntza digitala edo antzeko zerbait izan daiteke, baina ez hezkuntza. Emozioak ezinbestekoak dira hezkuntzan, ikaskuntzan, eta, egoera honetan, emozio negatiboak nagusitu dira. Zein hezkuntza-administraziok jarri du arreta emozioen eta sentimenduen zaintzan eta kudeaketan, hau da, gure ikasleek gehien behar zuten horretan, ikasgai-zerrenda kosta ahala kosta amaitzen tematu beharrean? Gainera, non geratu dira lankidetza-proiektuak, ikaskuntza-komunitateak eta lantalde inklusiboak, besteak beste? Eta beste hainbat gauza.
Izan ere, hezkuntzaren helburuetako bat, indarrean dagoen legearen arabera, “hezkuntza gure gizartearen eta ekonomiaren erdigunean kokatuko duten jokabide-eredu berriak sartzea” da; “gero eta globalagoa den eta langileen eta enpresarien prestakuntzari dagokionez zorrotzagoa den egungo ekonomian (…), enplegagarritasunean eta lehiakortasunean eragiten du ezinbestean”. Eta hor dago gakoa. Hezkuntza-sistemak, gizarte-zerbitzu gisa, instituzio segurua, inklusiboa, bidezkoa eta etikoa izan beharko luke. Alabaina, oso urrun dago horretatik; haren helburua merkatu-ekonomiaren eta enpresen lehiakortasunaren premien zerbitzura jartzea da, pertsonen eta bizi garen komunitatearen premiak alde batera utzita.
Beraz, hurrengo urteetan, sistemaren hezkuntzan murgilduta egongo da Lur; alegia, balioak, ezagutzak, kezkak, jarrerak edo errealitatearen irakurketak ekoizpen- eta kontsumo-sistemaren mende jartzen dituen hezkuntzan. Eta horren helburua hauxe da: Lurrek ekonomia hegemonikoaren zerbitzura dauden “jokabide-eredu berriak” bereganatzea.

Hezkuntza-trantsizio ekosozialaren aldarria eta beharra
Osasun-krisi tragiko hau gure planetako izaki bizidun gehienek pairatzen duten eta Antropozenora ekarri gaituen krisi ekosozial handiaren zati da; larrialdi sistemiko bat da. Ekonomiak eragindako krisi ekologikoa eta soziala da, erreferentziazko hezkuntza-legea goraipatu eta indartu nahi duena. Krisi global hori gaindituko badugu, ezinbestekoa izango da beharrezkoak diren trantsizio sozialak eta ekologikoak egitea, gizarte zuzenagoak, bidezkoagoak, biosferaren zikloetara egokituagoak eta etorkizuneko gertaerekiko erresilienteagoak lortzeko. Eta hor, hezkuntza da gakoa berriz ere, beharrezko hezkuntza-trantsizioa, ekoherritar ahaldunduak heziko dituena eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko erresilientzia garatuko duena.
Aipatutako helburuak ez bezala, hezkuntza-trantsizioak bizitza jarri behar du hezkuntzaren erdigunean, jardueraren eta eskola-curriculumaren muinean. Eta bizitza hori hauskorra eta mugatua da, pertsonen ekomendekotasunari eta interdependentziari dagokienez. Printzipio horiek hezkuntza ekosozial berri baten zutabeak izan behar dute. Horretan oinarrituta, ikasleen garapen integrala gidatu behar du hezkuntza ekosozialak, eta tokiko arazoei zein arazo globalei eta curriculumean ezkutuan dauden subjektuei eta kolektiboei erantzun behar die (klima-aldaketa, biodibertsitatearen galera –pandemiaren faktoreetako bat–, zaintza-krisiak, beste ekonomia posible batzuk, osasuna, energia-trantsizioa eta premia espezifikoak dituzten pertsonak, emakumeak, migratzaileak, etxegabetuak, esplotatuak…). Hori guztia, oinarri ekosozial hauetan oinarrituta: gizarte-ekitatean, ondasun komunen erabileraren iraunkortasunean eta demokrazia parte-hartzailean.
Hezkuntza-trantsizio ekosozialak barnean hartzen ditu gizarteratzea eta ahalduntzea, alternatiben proposamena eta ekosozialki eraldatzaileak diren ekintzen garapena. Eta horretarako, behar-beharrezkoa da hezkuntza-sisteman gaitasun berri bat –zaharrena izan beharko lukeena– txertatzea: iraunkortasunerako gaitasun ekosoziala. Ingurumen-krisia ulertzeko eta adierazteko eta etorkizuneko trantsizio saihestezinetan benetan parte hartzeko modu bat erakusten duten ahalmenen, trebetasunen eta jarreren multzoa, hain zuzen. Iraunkortasunerako gaitasun ekosozialak hainbat ardatz ditu: pertsona bakoitzak bere burua ezagutzea eta ulertzea, eta bere burura, bere taldera eta bizi den mundura behar bezala egokitzea; gertakari berriei aurre egiteko beharrezkoak diren natura- eta gizarte-zientziei buruzko ezagutzak eskuratzea; gure planetako bizitza, mugak eta fluxu energetiko, material eta biofisikoak nola garatzen diren jakitea; ingurumen-krisi sakonaz, krisi horrek gizartean dituen eraginez eta aldaketa sistemiko sakonen saihestezintasunaz jabetzea; guztiz demokratikoa, parte-hartzailea, solidarioa, inklusiboa eta askotarikoa den gizarte bat garatzen laguntzea; arazoak kritikoki aztertzea, alternatibak bilatzea eta aldaketarako gizarte-eragile aktiboa izateko irtenbide irudimentsuak proposatzea.
Horrela prestatu balute, Lurrek konfinamendua eta bere harremanetara eta eskolara itzultzea baldintza hobeetan bizi ahal izango zituen; eragile aktiboa izango zen bere komunitatean. Lurrengatik, beharrezko trantsizio sozialagatik eta ekologiagatik: jasangarritasuneranzko hezkuntza ekosoziala!