Umorez hartuta ere, haserrea azaleratzen da

2021-10-01

KONTRAESANAK ETA INJUSTIZIAK IKASLEEK ERE NOZITZEN DITUZTE.
GEHIENA BERAIEK AKASO. EDONOLA ERE, EMATEN DUTENEI —IRAKASLE ZEIN IKASLE— ENTZUN EGIN BEHAR ZAIE, LEHERTU EZ DAITEZEN.

 
 

Hasi da COVID-19aren ikasturtea, protokoloz jantzia goitik behera, segurtasuna eta osasuna ipartzat hartuta. Horrek izan du lehentasuna aurreneko asteetan, eta, oro har, gorabeherak gorabehera, ikasturtea martxan jartzea lortu da. Eta are garrantzitsuagoa dena, ikasleak gustura hasi dira, orokorrean begiratuta.
Luparekin gertuago so eginda, ordea, beste bizipen batzuk ikusten dira. ETBko Barre Librea saioko Gorane neskatilak ikusarazi dituen bezala. Ikasturte hasierako bizipenak kontatu ditu 6 urteko Goranek (Aitziber Garmendiak antzeztuta) eta kontatu du burbuiletan daudela, ezin duela Andoitz lagunarekin elkartu eta “triste infinitu” dagoela. Gauza asko aldatu direla dio: lehen “utzi jostailuak zuen lagunei” esaten zietela, eta orain “ez eraman jostailurik etxetik, ezin diezue lagunei ezer utzi”; lehen “dena partekatzen ikasi behar duzue”, eta orain “hamaiketako txikia ekarri, ez eman inori eta dena zeuek jan”; lehen “komunera joan nahi duzunean esan lasai, eskatu andereñori”, eta  orain “nire gelako 6B burbuilakooi 10:07an eta 12:18an tokatzen zaigu komunera joatera. Nik atzo ezin izan zuen aguantatu eta 10:05ean pixak alde egin zidan”.
Eta Goranek ez du ulertzen. “Ez dut ulertzen zergatik ezin diodan Andoitzi nire hamaiketakoa eman edo nire jostailuak utzi, baina nire gurasoak lehengoan taberna bateko terrazan egon ziren lagunekin, eta denek plater beretik jan zituzten azeitunak. Eta nik ezin dut musukoa kendu eskolan, baina nire gurasoek tabernako terrazan bai”.
Goranek ez du ulertzen zergatik dituzten eskolan hainbeste muga eta beste leku batzuetan ez. Zergatik dituzten umeek hainbeste muga eta helduek ez. Eta kontraesan horiek haserrea sortzen diote.
Andereño ere estresatuta dabilela dio, “zuek gobernatuko dituenik ez dago”, esanez. Baina Goranek badaki andereño ere ezinean dabilela, gelan iazko haur kopuru bera daudela eta andereño ez dela iristen. Badaki bi andereño egongo balira hobeto moldatuko liratekeela denak, eta lasaiago egongo liratekeela. Eta ez du ulertzen zergatik ez dituzten irakasle gehiago jarri aurten, edo garbitzaile gehiago komunera sarriago joan ahal izateko, edo jangelako laguntzaile gehiago janaria bero jateko. Badaki hori eskatu dutela eta horregatik esaten dio andereñori lasai egoteko estresatuta ikusten duenean: “Andereño, ez da zure kulpa. Baina gurea ere ez. Hori gobernuak gobernatu behar du”.
Umeek argi ikusten dute, irakasleek ere bai, garbitzaileek eta jangelako langileek ere bai, aisialdiko hezitzaileek ere bai, gurasoek ere bai. Eta gobernatu behar dutenek?