XANGORIN HIK HASITARRON ARTEAN JOSU TXAPARTEGI IRAKASLE OHIA

2021-10-01
 
 

Hik hasi aldizkariaren hasierak ziren. Joxe Mari Auzmendik hauxe komentatu zuen bilera batean: “Izen baten bila nabilek, proiektuaren euskarri izango den elkarteari estalki bat emateko”. Egun haietan, Agosti Xahoren Bidaia Nafarroara euskaldunen oldartzearen denboran (1830-1835) nobela historizatua irakurtzen ari nintzen. Lehen Karlistaldi garaian zabaldu zen Zumalakarregiren balentria hura, euskaldun talde baten laguntzarekin Etxarri Aranatz armaz hartu zuenekoa. Xahok bere irudimenean egiaztatu nahi izan zituen Zumalakarregiren eta karlisten askatasunaren aldeko borroka haiek. Iparraldetik Nafarroa Beherera doan alegiazko bidaia bat kontatzen du liburuan.
Denen gainetik, hitz batek erakarri zidan arreta: xangarin. Xaho berak argitzen zuen hitzaren esanahia: “zango arin”. Horrela deitzen zitzaien, nonbait, garai hartako euskal kontrabandistei. Begiak zorrotz, belarriak erne eta zangoak arin, hara pertsonaia haien dohain beharrezkoenak. Gaua eta ekaitza, baita ere, lagun onak.
Zein hitz egokia, pentsatu nuen, jaio behar zuen aldizkariarentzat, euskal kulturari, euskarari eta euskal eskolari abiada bizkortzera zetorren proiektuarentzat. Gu ere kontrabandisten moduan ibiliak ginen mendetan, gure herriaren etorkizuna babestu nahian. Enbata eta ilunpe asko pasatutako herria ginen. Horrek zorroztu dizkigu begi, belarri, oin eta arimaren gihar guztiak. Xangoarinak izango ginen, bada, Hik Hasitarrak. Oraingoan, ez kontrabandista moduan gauez eta iheska, egun argiz eta aldizkari duin baten bitartez baizik. Kontrabandisten mendi-maldak, bidexkak eta ur-lasterrak haurrak, gurasoak eta irakasleak izango ziren guretzat. Guztion artean osatutako komunitate sendo bat lortu behar genuen.
Xangorin hitzak baditu bere baldintzak. Datorrena urrun samarretik asmatzen jakitea da bat. Atzean utzitako lanaren etengabeko errepasoa, bigarrena. Beste bat, ondoan zurekin doanarekiko konfiantza osoa. Eta laugarrena, erresistentzia handia, proiektu osoari bizitza luzea eskaintzeko, aldapa igoerak eta jaitsierak ongi kontrolatzeko gaitasuna.
Horrela izan zen hitz horren jaiotza gure artean. Joxe Marik enbidoa bota, nik heldu, eta aldizkariko lantaldeari nortasuna ematen dion ezaugarri gisa gelditu den terminoa.