Hik Hasi opari batekin dator 25. urteurrenean

2021-11-01

25 URTEKO IBILBIDEAREN ONDOREN, HIK HASIK GUZTIONTZAKO
HEZKUNTZA-EREDU HOBE BATEN
ALDEKO ADIERAZPENA AURKEZTU DU, PREMISA GARRANTZITSU BATEKIN: ELKARREKIN EGITEA AURRERA.

 
 

Ikasturte berezia izaten ari da aurtengoa COVID-19a dela-eta, baina Hik Hasirentzat berezia da beste arrazoi bategatik ere: 25 urte bete dituelako! Hik Hasi aldizkariaren 252 zenbaki, Hazi Haziren 34 zenbaki, hamaika material eta monografiko, makina bat ikastaro, topaketa eta formazio. Fruta asko eman dituen zuhaitza izan da eta oraindik ere ematen jarraituko duena. Harpideek eman dioten ongarria funtsezkoa izan da, bai frutak emateko, eta baita zuhaitzaren itzala handitzeko ere. Hik Hasik denok gerizpe horretan elkartuta sentitzeko lana egin du, hezkuntza komunitateko partaideen artean topagune bat eskaintzeko apustua.
Orain, 25 urte beteta, hezkuntza komunitate horri enbido berri bat luzatzen dio: elkarrekin, guztiontzako hezkuntza-eredu hobe baten alde jarduteko proposamena. Une honetan bizitzen ari garen egoeratik abiatuta, Euskal Herriko hezkuntzak aurrera begira egin dezakeenaren gaineko proposamena da (32. orrrialdean dator adierazpena osorik).
Euskal Herriko hezkuntzak unea du aurrera begira jarri eta eraldaketa sakona egiteko. Eta horretarako, garrantzitsua da nor bere lubakitik atera eta konturatzea hezkuntza guztiona eta guztiontzako dela eta hezkuntza hobetzeko elkartu beharra dagoela. Hezkuntza eragileen elkarlana eta adostasunera iristeko borondatea funtsezkoak dira.
Horrekin batera, familiek, aisialdiko profesionalek, jendarteak eta herriak heziketaren ardura beren gain hartu behar dute. Jendarte osoak elkarrekin aritu behar du, elkarrekiko konfiantzan eta elkarzaintzan oinarrituta, herri hezitzailea denon artean gauzatuz.
Herritar euskaldun eleaniztunak sortu behar ditugu, horretarako mantentze eta murgiltze ereduak gauzatuz eta herri askotariko eragileak bidelagun izanik. Euskararekin batera, euskal kulturaren transmisioa eta sormena sustatzea ezinbestekoa da. Gure haur eta gazteak bizitzarako hezi behar ditugu, naturarekin bat eta gaitasun ekosozialetan trebatuta; beraz, heziketak kritiko eta askatzailea behar du izan. Beste era bateko antolaketa eredua behar dugu: sistema publiko eta komunitario baterazlea, anitza, parte-hartzailea eta inklusiboa izango dena. Eta hezkuntza antolaketa berriak, eraginkorra izan dadin, finantziazio egokia beharko du, hezkuntzak gizartean duen garrantziaren araberakoa eta hezkuntza-premiei erantzuteko behar bestekoa.
Erronkak hor daude, enbidoa botata. Zuen hordagoaren zain gaude. Adierazpena partekatzeko, hausnartzeko eta lantzeko gonbidapena luzatzen dizue Hik Hasik. Hausnarketa kolektiboak eginez, zuhaitzaren gerizpean elkartu eta aurrera egiteko denok elkarrekin.

“Orain dela hainbat urte ezarritako elementuek (hiru hizkuntza ereduek, itunpekoaren eta publikoaren inguruko bereizketak, atzerritarrekin gertatzen ari den segregazioak...) aspalditik behar dute eguneratzea. Eta hori posible egiteko momentua ere izan daiteke legegintzaldi berria”
Felix Arrieta