Oztopo guztien gainetik eta protokolo guztien azpitik, ildo pedagogikoari eutsiz

2021-11-01

Bilboko Urretxindorra ikastolan 2018-2019 ikasturtean marko pedagogikoa eraberritu zuten Errotik proiektua martxan jarriz, eta horrek ekarri zuen ikastolako espazioak irekitzea, denbora beste era batera antolatzea eta haurrei begiratzeko modua aldatzea. Ikasturte honetan, COVID-19ari aurre egiteko neurriak ezarri direnean, proiektua bere horretan aurrera eramateko zailtasunekin topatu dira. Ez dute, ordea, proiektua bertan behera utzi; egokitu eta eutsi egin diote. Zer eta nola egiten duten kontatu diote Hik Hasiri.

 
 

Ezjakintasuna eta ziurgabetasuna izan dira uztailaz geroztik bizi izan dituztenak: informazio falta, uztailean agindu bat, abuztuaren amaieran beste bat, urduritasuna, kontraesanak eta erantzunik gabeko galdera ugari: “Nola ez dut urtebeteko ume bat altzoan hartuko? Hori pentsaezina da guretzat”; “‘musukatzen egon dira eta ezin da musukatu’ esan digute ikasleek. Lehen elkarbanatzeko eta partekatzeko erakusten zitzaien eta orain kontrakoa?”; “ikasleek taldeka lan egin dezakete? Eta mahaiak mugitu ditzakegu?”; “nola egongo da 6 urteko ume bat lau-bost ordu jezarrita?”; “lau aldiz aldatu genituen espazioak gela barruan”; “gu metroa hartu eta gela lau espaziotan banatzen aritu ginen”; “negar egiten baldin badu hartuko duzu? galdetzen ziguten gurasoek”; “ezjakintasun handia egon da, egunero Eusko Jaurlaritzakoei entzuten egon gara”; “erabaki asko oso denbora laburrean hartu behar izan dira, ongi edo txarto zeuden jakin gabe”; “orain seguruago gaude, ez seguruago COVID-19agatik, baizik eta badakigulako zer egin dezakegun eta zer ez”. Urretxindorra ikastolako irakasleen bizipenak izan dira eta Juan Zulueta zuzendari pedagogikoak ongi laburbiltzen du: “Irakasleek arkitekturako, ingenieritzako eta ez dakit zenbat arlotako masterrak egin dituzte”.
Zurrunbilo betean egon dira azken hilabeetan 1.000 ikasletik gora dituen Urretxindorra ikastolan. Urtebetetik 18 urtera bitarteko ikasleak biltzen dira Bilboko San Adrian eta Miribilla auzoen artean kokatuta dagoen ikastola honetan. Duela hiru ikasturte jarri zuten martxan Errotik proiektua eta argi zuten, egoerak egoera, proiektuari eutsi egingo ziotela. Jon Ander Gorostiaga LH1eko irakasleak hala dio: “Eskatu zaizkigun neurrien aurrean errazena proiektua bertan behera utzi eta lehen bezala irakastera pasatzea izango zen: burbuilak egin gelaka, ikasleak banaka jezarri, 1,5 metroko distantziarekin eta guk eskola magistralak eman arbelean idatziz. Hori eginez gero, oso erraza izango zen egoera berrira egokitzea. Baina guk ez genuen hori egin nahi. Bi gauzak egin nahi genituen: segurtasuna mantendu eta gure Errotik proiektuarekin jarraitu”.
Errotik proiektua hainbat iturritatik edanda osatu duten marko pedagogikoa da: konfiantzaren pedagogiaren oinarriekin, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak antolatutako formazio saioekin, Urretxindorrako irakasleek egindako formazio pertsonalarekin (Montessori, Waldorf, Pikler...) eta barne hausnarketekin. Duela hiru urte abiatu zuten Haur Hezkuntzan eta une honetan Lehen Hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailan daukaten Kimu proiektuarekin lotzen da. Lehen Hezkuntzako 2. zikloan eta Bigarren Hezkuntzan Eki proiektua lantzen dute. Errotik proiektuak eraldaketa ekarri zuen ikastolako beheko etapetara. Garikoitz Gainza HHko hezitzaileak eta proiektuaren koordinatzaile izan zenak batez ere hiru aldaketa azpimarratzen ditu: umeari begiratzeko modua, espazioaren diseinu aldaketa eta denboraren antolaketa berria. “Hasteko, haurrei beste modu batera begiratzen diegu orain; lehen irakaslea zen dena zekiena eta umeei erakusten ziena. Ez ziren aintzat hartzen umeek aurretik zituzten esperientziak, bizipenak, ezagutzak... Orain, irakasle baino gehiago bidelagun gara. Umeek autonomia ganoraz garatzea nahi dugu, umeen beharrak asetzea, esperimentaziorako duten gogoa garatzen laguntzea... Eta horrek aldaketa arkitektonikoa eta denboraren beste kudeaketa bat eskatzen ditu”.
Eraldaketa arkitektonikoa da proiektuaren zutabeetako bat: espazioak zabaldu zituzten, gelak ireki, hormak bota, zirkulazio librea ahalbidetu, hiru dimentsiotako egiturak jarri, mugimendurako espazioak eskaini, lasai egoteko espazioak ere bai...
Denboraren antolaketa da beste zutabeetako bat: ongi etorri edo sarrera malgua egiten dute, erritmo zirkadinoei jarraitzen diete, saio zuzenduak oso laburrak izan ohi dira eta abar.

Protokoloak sortutako oztopoak
Burbuilak egin beharrak hori dena hankaz gora jarri die. Errotik proiektuaren oinarri batzuk ezin dituzte aurrera eraman. “Oztoporik nagusienetako bat izan da familiekin genuen harremana eten egin dela modu batean edo bestean”, dio Gainzak. “Hau da, familiak barrura sartzen ziren egunero, gelara, seme-alabei berokia eta oinetakoak eranzten laguntzen zieten, eta hori egin bitartean gu haiekin geunden informazioa transmititzen eta partekatzen”. Juan Zulueta zuzendari pedagogikoak gehitzen du, jarduerak gurasoekin hasten zituztela puzzle bat eginez, liburu bat irakurriz... “Eta orain, ezin direnez ikastola barrura sartu, harreman hori galdu egin da pixka bat”.
Horrez gain, burbuilak gelaka antolatu dituztenez, beraien arteko erlazioak mugatu egin dira eta adin desberdinen artekoak ere bai. Taldeak nahasten ez direnez, ezin dituzte proiektuak edo lanak denek elkarrekin egin. Orain hezitzaile bakarrarekin egon behar dute eta lehen bi edo hirurekin erlazionatzeko aukera zuten; beraz, erreferenteak murriztu zaizkie umeei. Lehen gela askotan zehar askatasunez mugitzeko aukera zuten; orain bakoitzak bere gelan egon behar du.
“Ezin gara denok elkartu, baina gelan zer eta nola antolatu dezakegu? Hori izan zen geure buruari egin genion galdera. Nola lortu dezakegu egoera honetan konfiantza ematea, autonomia garatzea, material manipulatiboa erabiltzea, bizipenak eskaintzea...?”. Bazekiten gauza asko ezingo zituztela egin, baina ahalik eta ezaugarri gehien mantentzen saiatu dira. Alde batetik, araudiaren zirrikituez baliatu dira: “Dekretuak esaten du gurasoak ezin izango direla ikastetxeetara sartu egoera berezi bat ez baldin bada. Guretzat, egokitzapena egoera berezia da; beraz, egokitzapenean gurasoak ikastolara sartu dira”, azaltzen du Gainzak. Talde txikitan egin dute, hogeinaka sartu ordez bost edo seinaka; ordutegia zehaztuta eta mailakatuta, taldeak zehaztuta, batzuek alde egindakoan desinfektatuz eta abar, baina sartu, sartu dira. “Egin dugun beste gauza bat egokitzapena hedatzea izan da; hau da, normalean 2 urteko gelan egiten dugu eta 3 urtekoan zerbait. Aurten 4 eta 5 urteko gelan ere egin dugu, azken batean sei hilabetez egon direlako ikastolara etorri barik eta beharrezkoa ikusten genuelako patxadaz eta lasai-lasai erakustea umeei funtzionamendu berria”.

Errotik-etik Mini-errotik-era
Aldaketa horiez gain, beste egokitzapen nagusi bat egin dute: handian pentsatutakoa txikira ekarri. Hau da, Errotik proiektua Mini-errotik bihurtu. “Lehen espazio handiagoetan egiten genuena orain gelako espazioan egiten dugu” azaltzen du Errotik proiektuaren koordinatzaileak. “Esate baterako, espazio handian hiru azpi-espazio genituen: bat plastikara bideratua, bestea hizkuntzara eta hirugarrena jolas sinbolikora. Orain, hiru espazio horiek gela barruan sartu ditugu, gela bakoitzak ditu hirurak. Noski, neurriz txikiagoak dira, baina behintzat mantendu egin ditugu”.
Haur Hezkuntzako 1. zikloan urtebeteko haurrak eta bi urtekoak daude. Urtebeteko haur guztiak burbuila berean sartu dituzte —21 guztira— eta gela horretan dituzte komunak eta jangela. Harrera gune bat jarri dute gurasoentzat. “Talde txikitan sartzen dira umeei oinetakoak eranzten laguntzera, agenda betetzera eta lasai agurtzera”, dio Irati Garcia hezitzaileak. “Psikomotrizitate gela galdu dugu, eta ongi zetorkigun beti lau hormen artean ez egoteko, aldatzeko, mugitzeko…”. Urtebeteko umeak berriak dira ikastolan, eta gurasoek ate irekietan ikusi zutena eta irailean ikusi dutena desberdina izan da; orain dena altzariz beteta ikusi dute, labirinto baten itxura hartu du gelak. “Horrek kezka sortu zien hasieran: nola egingo dituzue proiektuak? Zirkulazio librea egongo da? Galdera pila bat zituzten. Orain, ikusi dute daukagun espaziora egokituta gauzak egin ditzakegula eta lasaiago daude”.
2 urteko haurrek lau gela dituzte, bakoitza 18-19 haurrekoa, eta lau burbuila egin dituzte. Lehen denak espazio handi batean ibiltzen ziren eta orain espazio hori bost zatitan banatu dute: lau espazio umeentzat eta bat harrerarako. Gainzak dio garrantzitsua iruditzen zitzaiela harrerarako lekua izatea: “Horrekin leku gutxiago dugu umeentzat, baina gurasoak sartzearekin beste gauza batzuk irabazten ditugu”. 2 urteko gelan hiru dimentsiotako egitura bakarra dagoenez, taldeak errotatu egiten dira denak egitura hori duen espaziotik pasa daitezen. Gure helburua lau burbuilatatik bi burbuilatara pasatzea da”.
Hezitzaileei kosta egin zaie 2 urteko umeei ulertaraztea zergatik ezin duten lagun-minarekin egon, zergatik ezin duten gaztelura joan iaz nahi zutenean joaten baldin baziren, zergatik ezin duten euren eremutik atera, zergatik ezin duten komunera joan beharra dutenean...
Haur Hezkuntzako 2. zikloan espazioa izugarri aldatu da. “Horma guztiak botata eta espazio zabalak eta handiak antolatuta genituen”, kontatzen du Itxasne Iruretagoiena HH5eko hezitzaileak. “Lehendabiziko lana altzari eta armairu zaharrak atera eta espazio txikiagoak antolatzea izan da”. Horrek, noski, mugikortasuna mugatu die haurrei: “Lehen batetik bestera mugitzeko askatasuna zuten, orain bakoitza bere hezitzaile-erreferentearekin egon behar da gelan. Faltan botatzen dugu hezitzaile-erreferente gehiago izatea”. Maila bakoitzean hiru gela daude, 25 ume ingurukoak, guztira 75. Horiek denak elkarrekin egiten zituzten proiektuak iaz: “Orain bakoitzak bere gelan egiten ditu. Horregatik, lehen denentzat zeuden hiru espazioak (plastikarako, matematikarako eta hizkuntzarako) orain gela bakoitzean sortu ditugu”.
Antzekoa egin dute Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailan, egokitu, baina esentzia mantenduz. Hori bai, bakoitzak bere gelan egin behar duenez bere jarduna eta materiala ezin dutenez partekatu, hirukoiztu egin behar izan dute: gela guztietan egon behar dira kartak, bingoa, hizkuntza txartelak... Hori kudeatzea izan da oztopoetako bat.
Jarduerak egokitzea izan da beste zeregin bat. Jon Ander Gorostiaga 1. mailako irakasleak kontatzen du proiektu baten egokitzapena nola egin duten: “1. mailan erronka bat ikastola ezagutzea izaten da, batetik bestera ibiliz, ikasleak esploratzaile bihurtuta. Aurten ikastolako hainbat gela eta txokoren argazkiak eta bideoak prestatu ditugu eta jolasak planteatu ditugu horiekin. Adibidez, musika gelaren argazkia erakutsi, hamar segundotan ikusi eta gero argazkian agertzen ziren instrumentuak gogoratu behar dituzte. Beste bat irakasleena izan da: ezin dituzte irakasleak ezagutu gelaz gela joanez. Orduan, irakasleen argazkiak egin ditugu, ikasleei deskripzioak egin dizkiegu eta haien izena dagokion argazkiaren gaineran jarri dute”.
Igartzen dutena da haurrek mugimendua behar dutela. “Metodologia honek jolas asko eta mugimenduko ekintza asko dakartza, eta lehen espazio zabalagoetan egiten genuena orain espazio bakar batean egiten dugunez, horrek mugimendua murriztu die”, dio Marga Bilbao 2. mailako irakasleak. “Zorionez, guk gela batzuk hutsik ditugu eta tarteka hara joaten gara jolasak edo mugimenduko ekintzak egitera”.

Euskararen arnas estua
Euskararen aldetik atzerakada antzeman dute Urretxindorran. Familia erdaldunetako umeek konfinamenduan ez dute euskara entzuteko eta hitz egiteko aukerarik izan. Orain, irailean “mina cabezan” esanez itzuli dira eta hitz egiteko ohitura erabat galduta. “1. mailako nire ikasle bat ez da gai izan oporrak euskaraz kontatzeko, ikastolan lau urte pasatakoa izan arren”, dio Gorostiagak. Hitz egiteko ohitura galdu dute, “eta gure lehenengo helburua ohitura berreskuratzea da, eta ondoren kalitatea hobetzea: hiztegia, esamoldeak eta abar. Izan ere, gure ume askorentzat euskararen erreferentzia bakarra ikastola da. Lehen ETB ere bai, baina gaur egun Youtube eta abar daude, eta hor ez dago euskararik”, azaltzen du Gainzak. “Uste genuena baino gehiago galdu dute sei hilabetetan, baina azkar ari dira berreskuratzen. Ikastolan estimulu, egoera eta erronka asko dituzte eta bi hilabete hauetan hobekuntza itzela ikusi dugu”.

Nekea igartzen da
Antolaketa berriak uneoro egokitzea eskatzen die hezitzaileei, eta metodologia eta planteamendu guztiak egoera berrira egokitzeak lana bikoiztu ez, laukoiztu egin diela diote. “Goizeko errutinak aldatu dira, denbora pila bat pasatzen dugu eskuak garbitzen, komunera txandaka joaten, etxetik ekartzen dituzten edalontzietan ura banatzen, 25-26 ume gela musukoarekin... Gauza berri asko dira, kontraesan asko, eta horrek nekea sortzen du, estres larregi”, dio Bilbaok.
Urtebeteko haurrekin dabilen Garcia ere antzera mintzo da: “Ume bati leku batean aldatzen diot pardela, ondoren desinfektatu egin behar dut, gero esaten didate ez dela beharrezkoa desinfektatzea burbuila berekoak direlako denak, 2 urteko batek armairuaren gainetik puzzle zati bat bota du... Hasieran zoramena zen. Orain, lasaitasun gehiagoz hartzen dugu”. Bilbaok ere lasaitzen ari direla dio, “komunera joateko txandekin ez gara hain zorrotzak, hasieran ‘ez, ez, komunera ez, 10:00etan tokatzen zaigu, bost minutu falta dira’, horrela ginen. Orain, komunean inor ez baldin badago eta  txizagurea baldin badute joaten uzten diegu. Beste beharrak errespetatu gabe ari ginela jabetu gara. Apurka-apurka joan gara lasaitasun hori lortzen, baina neke eta tentsio handiz. Dena kontrolatu behar horrek lan estra sortzen digu.”. Gorostiagak ongi gogoratzen du komunera joateko tarte hori antolatzeko unea: “Lehen Hezkuntzako sei irakasle geunden, ziklo osoa, eta hiru ordu egon ginen hori nola egin pentsatzen eta erabakitzen”.
“Gizarteak eskatu du eta eman dugu. Hemen ondo daude, seguru daude, gurasoak eta haurrak lasai daude. Gehiago ezin da egin 25 umerekin gela barruan eta ahal den hoberen egiten ari gara”, dio Bilbaok. Halere, ardurak gehiago partekatu behar direla uste du. “Izan ere, normaltasuna heldu da: umeak eskolan daude eta gaixoak ospitaletan. Sistema ez da aldatu, moldatu gara. Baina sistema osoak eman behar ditu erantzunak, ez hezkuntzak eta osasungintzak bakarrik. Luzerako denez, eta denok dakigunez gutxi gorabehera luzerako izango dela, partxeen ordez neurri sakonagoak eta orokorragoak behar dira, sistema osoa aldatu behar da: gu moldatu gara, osasun arloan moldatu dira, beste hainbat lekutan moldatu dira, baina aldaketak benetan sakona izan behar baldin badu, guraso guztiek izan beharko lukete beste era batera lan egiteko aukera”.