IKASLEAK MARTXAN DIRA Ikama antolakundea sortu dute

2021-11-01

Euskal Herriko ikasleek antolakunde berri bat sortu dute, Ikama izena eman diotena (Ikasleria martxan). Azken urteetan ikasleen artean sumatu duten hutsunea betetzera dator, Euskal Herriko ikasleak elkarrekin harremanetan jarri eta saretzera. Eta behin itsasontzi berera igota, norabide berean egin nahi dute arraun: Euskal Eskola Herritar eta Burujaberantz. Badakite zein itsasotan murgildu diren eta bidaia horretan esku artean izango dituzten mapak, arraunak, patroiak, sareak eta lanak definitu dituzte. Dagoeneko Euskal Herri osoko 70 ikastetxe, institutu eta lanbide eskoletako 370 ikasle ontziratu dira, eta badakite gehiago izango direla. Euskal hezkuntza sistema propioa ortzimugan jarritak euskal eskola burujabea, nazionala, publikoa eta askatzailea amesten dute.

 

 
 

Ikasle batzuen artean sortutako dinamika Euskal Herriko ikasle antolakunde bihurtu da. Ikama (Ikasleria martxan) erakunde berria beste era bateko euskal hezkuntza sistema aldarrikatzeko sortu da eta sistema berri horren eraikuntzan bere alea jartzeko, noski. Antzeko ideiak zituzten ikasleak beren ikastetxeetan elkartzen hasi ziren 2019 inguruan, euren asanbladak eginez. Ikastetxe batekoak beste batekoen berri izaten hasi ziren, Lasarte-Oriako institutukoek Oiartzungoen berri, haiek Nafarroakoekin erlazionatzen eta abar. Elkar ezagutzen eta ideiak partekatzen hasi ziren eta 2019. urteko ekainean Donostian bildu ziren denak, Euskal Herri osotik etorritako ikasleak DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleak. Lehenengo bilkura nazionala izan zen eta Gora Ikasleon Borroka dinamika sortu zen handik. Ikasleen mugimendua piztu zen dinamika harekin, ikasturtean zehar egindako ekintzekin eta ikastetxez ikastetxe egindako aurkezpenekin. Han eta hemen hitz egindakoa, partekatutakoa, eztabaidatutakoa eta bildutakoa landuz joan ziren Kargatzen deitu zioten prozesuan, eta azkenean Izpia dokumentua ondu zuten ateratako ondorio guztiekin. Konfinamenduan egindako geldialdiaren ondoren, berriro ere dokumentua hartu eta hori jantzita agertu da Ikama jendartean. Horixe da Ikamaren soinekoa, dokumentu horrek jantzi du antolakunde berria eta horrekin abiatu du ikasturte berria.

Izpia dokumentuan “Nondik gatoz, non gaude eta norantz goaz” atalak josi dituzte Ikamako kideek. Ibilbidearen hasiera gogoratzeaz gain, gerora itsasontzian sartzen diren partaideek prozesuaren hastapenak ezagutzea garrantzitsutzat jo dute, “batzen diren guztiek jakin dezaten nondik gatozen”, diote Aitzol Gil de San Vicente eta Izaro Cuadra bozeramaileek. Atal horretan ikasleek ez dute euren burua norbanako soiltzat hartzen, kolektibo gisa baizik: “Euskal Herriko ikasleok, ikasle gisa eta euskal herritar gisa, kolektibo bat osatzen dugu, problematika komun bat bizi dugulako”, argitzen du Cuadrak. Aipatzen duen problematika hori beren heziketa prozesuarekin guztiz lotuta dagoela dio, ikasle izate hutsagatik ezaugarri bereziak dituztelako eta “zapalkuntza berezitua” ere bai. Horregatik, heziketa prozesua garatzeko beste modu bat aldarrikatzen dute, “biharko Euskal Herria eraikitzeko pertsona kritiko eta askeak heziko dituen hezkuntza eredua”. Horren alde egin nahi dute arraun, “jakin badakigulako eredu berri hori ez digutela eskura emango, gure lan indarraz, borrokaz eta ilusioz eraikiko dugula”.

Euskal Eskola Herritar eta Burujabea
dute jomugan

Ikasleek argi diote: Euskal Herriko hezkuntza egitasmoak ikasleak erdigunean jartzea nahi dute. Bizi diren gizarteko baldintza sozialak, kulturalak, politikoak nahiz ekonomikoak aintzat hartzen dituen eredua aldarrikatzen dute. Horrekin batera, errealitatearekin lotura izatea garrantzitsua iruditzen zaie, eta errealitate hori ulertzeko eta eraldatzeko bitartekoak eskaintzea ere bai. Jasotzen duten jakintza elkartrukatzea nahi dute eta herriaren medeserako erabiltzea. Pertsona kritiko, parte-hartzaile eta aktiboak heztea nahi dute. Eta hori guztia posible egingo duen eredua Euskal Eskola Herritar eta Burujabea dela diote.

Hezkuntza egitasmoaren ezaugarriak ongi definituta ditu Ikamak: burujabea, nazionala, publikoa eta askatzailea. “Lau ezaugarri horietan barnebiltzen dira gure ideia guztiak eta lau ezaugarri horien baitan txertatzen dira gure hausnarketa guztiak” dio Izaro Cuadra Ikamako bozeramaileak.
Burujabea: “Herri ororen eskubidea da bere hezkuntza antolatzea eta kudeatzea eta herri garen heinean, gurea ere bai”, idatzi dute Izpia dokumentuan. Herriaz gain, herritarrak ere aipatzen dituzte, azpimarratuz herritar orok duela erabakietan parte hartzeko eskubidea. Era berean, euskal curriculum propioa garapena defendatzen dute, alegia, curriculum propioan ardaztea heziketa prozesuaren edukiak: ebaluazio-sistema, pedagogia eredua, lantzeko den materiala, ikaskuntza metodoak eta gainerako alorrak. Bertako eta momentuko behar errealen arabera zehaztutako euskal curriculuma izango litzateke, eta horren baitan ikasleak prozesuaren zentroan jartzea aldarrikatzen dute.
Nazionala: Euskal Herri osoa bilduko duten hezkuntza sistema defendatzen dute Ikamako ikasleek. Euskara, euskal kultura eta Euskal Herriaren historia ardatz harturik nazio izaera eta identitatea landuko dituena, herriarekiko lotura bultzatuz, euskalduna izango dena eta ikasle euskaldun eleaniztunak heziko dituena. Hezkuntza Euskal Herriaren behar errealei erantzuteko moldatu behar dela diote eta eredu dezentralizatuak horretan lagundu egingo lukeela.
Publikoa: hezkuntzak guztientzat eskuragarria izan behar duela azpimarratzen dute. Eta hezkuntza planifikatzeko, antolatzeko eta gauzatzeko garaian hezkuntza-komunitateak izan behar duela protagonista. Komunitate horren barruan ikasleak zentroan kokatzeari garrantzi berezia ematen dio Ikamak. Publikoa definitzeko unean, Ikamarentzat publikoak esan nahi du doakoa, eskuragarria, euskalduna, merkatuaren logikatik at kokatzen dena, feminista, inklusiboa, laikoa eta ahalduntzailea.
Askatzailea: norgehiagoka, indibidualismo eta menpekotasun oro gainditzeko, bizi eredu askatzaileak garatzeko oinarriak eta tresnak eskainiko dituen hezkuntza defendatzen dute. Kolektibotasuna indartu eta elkartasuna eta auzolana landu nahi dituzte. Era berean, heziketa prozesuak, askatzaile izango bada, pertsona kritikoa, aktibo eta parte-hartzaileak sustatu beharko dituela azpimarratzen dute.

Lanerako filosofiak

Definizio eta ideia horiek idatzita dituzte ikasleek, proiektua finkatuta dute, baina horiek bideratu behar dira ondoren. Horrexegatik finkatu dituzte lanerako hiru filosofia eta horiexek dira euskal ikasleriaren artean sustraitu nahi dituztenak. “Lanerako filosofiak, finean, gure helburuak lortzeko garatuko ditugun borrokak diseinatzeko aintzat hartu beharreko elementu zentralak dira, begiratzeko jarriko ditugun betaurrekoak”, dio Aitzol Gil de San Vicente bozeramaileak. “Euskal Eskola Herritar eta Burujabearen oinarrian dauden balore eta gako ideologikoak barnebiltzen dituzte filosofia hauek. Ikasleen artean hausnartzeko, jarduteko eta borrokatzeko filosofia bat txertatzen dugu”. Hala, ikasle subjektu berriak oinarrian izango dituen filosofiak hiru dira:

Ikasleriak du hitza eta erabakia: ikasleen ahalduntzeari eta burujabetzari lotutako filosofia da. “Euskal ikasleriaren subjektu politiko izaera aitortzea eta lantzea nahi dugu, askotan bigarren mailan geratzen garelako ikasleak hezkuntzaz hitz egitean, gurasoen eta irakasleen azpitik”, dio Gil de San Vicentek. Ikasle subjektua hezkuntza prozesuaren erdigunean jartzea aldarrikatzen dute.
Hezkuntza herritik eta herriarentzat: hezkuntzaz ari garelarik, komunitatearen eta herriaren inplikazioa eta parte-hartzea bilatzen dituen filosofia da, hezkuntzaren eta errealitatearen arteko beharrezko lotura aldarrikatzen duen filosofia. “Izan ere, hezkuntza ez da ikastetxean gertatzen eta geratzen den zerbait soilik, baizik eta herri osoari eragiten dion zerbait.”. Herria-ikastetxea-herria logika sustatzearen alde agertzen dira, herriaren, herritarren eta hezkuntzaren arteko lotura indartzeko xedez.
Nazio eta herri eraikuntza: “Non gauden jakitun izan behar dugu, ez dituelako ezaugarri berak leku bateko edo besteko hezkuntza sistemak. Euskal Herrian lurreratze jakin bat dauka hezkuntzak, Euskal Herriak bere ezaugarriak dituelako eta horren kontziente izan behar dugula uste dugu”, diote bi bozeramaileek. Euskal hezkuntza sistema Frantziako eta Espainiko hezkuntza sistemen mende dagoenez, euskal hezkuntza sistemaren eraikuntzak Euskal Herri askearen eraikuntzan lagunduko lukeela uste dute Ikamatik.

Praktikarako ardatzak eta tresnak

Egoera ikusita, garbi dute hezkuntza burujabetza eskuratzea funtsezkoa dela, “egun herri gisa hezkuntzaz erabakitzeko eta berau antolatu eta kudeatzeko daukagun eskubidea ukatu egiten baitzaigu”, diote. Hezkuntza Burujabea izateak esan nahi du euskal herritarrok Euskal Herrian dauzkagun nahi eta behar errealen arabera hezkuntza egitasmoa zein den pentsatu, erabaki eta gauzatzeko ahalmena izatea.

Burujabetza hori lortzeko baldintzak desberdinak dira Ipar Euskal Herrian, Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan, lurralde bakoitzean hezkuntzarekiko dauden eskumenak ere desberdinak direlarik. Horregatik, leku bakoitzean dagozkion urratsak eta proposamenak egitearen aldekoak dira, baina lurraldeen arteko elkarlana bultzatuz eta Euskal Herriko ikuspegi nazionala galdu gabe. “Azken helburua Euskal Herri osoa aintzat hartuko duen, lurraldearen luze zabalerako balioko duen eta kanpo injerentziarik izango ez duen Euskal Hezkuntza Sistema Propio bat eraikitzea delako”, Cuadraren esanetan.

Horretarako tenorea dela uste dute Ikamako kideek, “gaurtik eta lokaletik eraikiko dugu Euskal Eskola Herritar eta Burujabea, ikastetxeetan, institutuetan eta lanbide eskoletan erronkaz erronka jardunez”. Eginkizun nagusietako bat ikasleen baldintzak hobetzeko lan egitea izango da, ikasleria antolatzea, hezkuntza eraldatzea eta heziketa prozesu osoa duina izan dadin eredu berri baten alde aritzea elkarrekin.

Horretarako antolatu eta aurrera eramango dituzten dinamikak bi ardatzetan oinarrituko dituzte:

Eredu Propioaren Eraikuntza: aurrera eramango dituzten ekimenak eredu propioaren eraikuntzara bideratuta egongo dira. “Hau da, ez da nahikoa balio ez diguna salatzea, horrez gain behar duguna aldarrikatu behar dugu eta aldarrikapen horietatik gure behar errealei erantzungo dien praktika eta proiektu berriak sortu, sustatu eta garatzea dagokigu”, dio Cuadrak.

Ikasleen kontzientzia lantzeari ere garrantzia ematen diote, “inposatzen zaizkigun hezkuntza sistema eta ereduek ez digutelako herri eta herritar gisa ditugun nahi eta behar errealei erantzuten. Horren kontziente izan behar dugu ikasleok”. Eta horretarako, ikasle masa mobilizatzera joko dute.

Ikasle problematika eta hezkuntza eraldaketa: ikastetxe bakoitzeko errealitatea desberdina dela jakitun izanik, tokian tokiko arazoei irtenbideak edo planteamenduak tokitik bertatik egitea lehenesten dute. Ikastetxe, institutu eta lanbide eskola bakoitzak aurrera eramateko moduko dinamikak planteatzea, astiro-astiro aldaketa txikiak eginez. “Txikitik eraginez gauza handiak lortu daitezkeela uste dugu. Alegia, nork bere zentroan egiten dituen aldaketak Euskal Herriko gainerako ikastetxeetako kideekin partekatuz gero, eta guztiok norabide berean jardunez gero, eraldaketaren dimentsioa handitu egingo da”, azaltzen du Cuadrak. Esate baterako, ikastetxe edo institutu batean ikasleek ebaluazio irizpideek ikasleengan presioa sortzen dutela salatzen dutenean, ikasleak erdigunean jarriko dituen beste ebaluazio eredu bat behar dela aldarrikatzen ari dira. Arazo jakin batetik, aldarrikapen orokor bat egiten ari dira. Gauza bera gertatzen da egungo sistemak sortzen dituen segregazioak salatzen dituztenean eta bestelako publikotasun bat aldarrikatzen dutenean, horrekin mota bateko edo besteko segregazioa pairatzen duten ikasleen baldintzak duintzeko aldarrikatzen dute.

“Gaurtik eta lokaletik hasita”, dinamiken esparrua norberaren ikastetxea izango da, ikasleen egoera duintzen saiatuko dira ikasleak, euren ahotsa entzun dezaten ahaleginduko dira, hezkuntza erdigunean jarriz eta hezkuntzaren zentroan ikasleak. Dagoeneko Euskal Herri osoko 70 ikastetxe, institutu eta lanbide eskoletan hasi dira ikasleak asanbladatan bildu eta ekintzak antolatzen. 370 ikasle inguru igo dira Ikamaren itsasontzira eta abiatu dira. Ikastetxeetako gatazkak azaleratuko dira, gaur egun ikasleen ahotsa ez delako aintzat hartzen: “Ez dugu parte hartzen gure hezkuntza ereduari buruz erabakiak hartzen diren guneetan eta hezkuntza komunitatean gure espazioa izan behar dugula uste dugu, zelako hezkuntza eredua nahi dugun irudikatzeko eta marrazteko”, Cuadraren esanetan.

Borrokarako gida izena jarri dioten tresnarekin hasi dira ikasturte honetan eta hori izango da ikasleek ikastetxeetako eta institutuetako dinamika bideratzeko erabiliko duten erreminta. “Ikastetxeetako gatazkak eta problematikak identifikatzen eta ikasturteko plangintzan diseinatzen lagunduko duen tresna da”, azaltzen du Gil de San Vicentek. Gidak zazpi ildo proposatzen ditu lantzeko: feminismoa, ikas baldintza duinak, pedagogia eredua, kontrol soziala eta helduen boterea, ingurumena, espazioaren antolaketa eta Euskal Herria. Zentro bakoitzak esparru horietako bakoitzean zein egoeratan dagoen jakin ahal izango du, eta ondoren, horren araberako dinamikak planteatu. “Ildo guztiak landu beharrik ez dago, gida malgua da, eta ikastetxe bakoitzak erabakiko du zenbat landu, nahastuta edo banaka landu nahi dituen eta abar”.

Ikastetxe bakoitzeko egoeraz gaindik, orokorrean gaur egungo eredua agortuta ikusten dute zentzu guztietan: bai eduki aldetik, bai pedagogikoki, bai espazio aldetik... “Ondorioz, ikasleen artean ez dago ikasteko motibaziorik, ikastetxea kartzela bat da, eta hori aldatu nahi dugu”. Hezkuntza komunitate osoarekin eta herriarekin egin nahi dute eraldaketa, gogoz daude ikasleak, euren ahotsa entzuteko garaia da.

Zer diote ikasleek COVID-19az?

Ezohiko ikasturte hasiera izan da, eta Ikamako kideek buruan zituzten gaiei heldu aurretik egoerak eskatu duenari erantzun diote: hezkuntza komunitatearen grebarekin bat egin dute, Nafarroako eta Iparraldeko zenbait mobilizazioetan parte hartu dute eta, oro har, sindikatuen eta hezkuntza komunitateak egindako aldarrikapenak babestu dituzte, horietan ahots propioz eraginez. Bizi dugun egoera honetan ikasleek desinformazio handia dutela adierazi dute: “Estatu alarma egoera berrian, esate baterako, ezin dira sei pertsona baino gehiago bildu ez espazio publikoan ez pribatuan, baina ikastetxetan 30 pertsonako aglomerazioak egon daitezke. Hori zergatik ahalbidetzen duten jakin gabe jarraitzen dugu”, dio Cuadrak. “Gela asko konfinatuta daude, positiboak nonahi, ez dago ezer finkorik, irizpideak ere ez dira finkoak eta desinformazioa eta zoramena bizi ditugu. Bi hilabete eta erdi pasa dira ikasturtea hasi genuenetik, eta ia lehenengo egunean bezala jarraitzen dugu”. Orokorrean onartzen dute osasun neurriak beharrezkoak direla, baina osasun neurriekin batera neurri pedagogikoak falta izan direla uste dute: “Elkar zaintzarako, ikasteko eta elkarrekin erlazionatzeko neurririk ez da hartu. Momentu honetan muga batzuk jarri dizkigute, baina ez dute pentsatu muga horiekin nola erlazionatuko garen edota nola ikasiko dugu. Osasunaren aldeko neurriak dira, baina ez gure garapenerako neurriak. Jada aurretik ere bazegoen hutsune hori guztia orain areagotu egin da muga fisiko hauekin”.