Haurrentzako euskal kulturaren sarea

2021-11-01

Kezka batetik abiatutako egitasmoa da HitzKeta webgunea, eta behar bati erantzutera dator. Euskararen eta euskal kulturaren transmisioan belaunaldien artean dagoen hutsunea betetzeko xedez sortu den euskal abesti, olerki eta liburuen bilduma bat da, haurrei eta gurasoei zuzendua.

 
 

Ez da kezka berria euskararen eta euskal kulturaren transmisioarena —edo transmisio ezarena—. Belaunaldien artean jarraipenik edo transmisiorik ez izateak soka asko etenda uzten ditu. Begien bistakoa da urteetako ezagutza, ohiturak eta jakinduria galtzeko arriskua. Belaunaldi berrientzat arrotza eta ezezaguna izatera irits daiteke, beren errealitatearekin loturarik ez duen ondarea izatera. Eta hizkuntza eta kultura gutxitua garen heinean, arrakala bikoitza sortzen du eten horrek.
Egoera horren aurrean, erantzun egin dute zenbaitek, eta soluzioak edo proposamenak planteatu dituzte; horietako lau dira HitzKeta egitasmoaren sortzaileak. Haur Hezkuntzan graduatutako lau irakasle gazte dira, irakaskuntzan, euskaran eta euskal kulturan interesa dutenak. Eta interes horrek eraman ditu HitzKeta egitasmoa sortzera. “Hutsune nabarmena sumatu dugu belaunaldi berriengan, euskarari eta euskal kulturaren transmisioari dagokienez, eta hutsune hori betetzeko edo bederen arintzeko asmoz sortu dugu egitasmoa”, diote Naroa Mendizabal Sandonis, Haritz Mujika Lasa, Maddi Murgiondo Moiua eta Miren Puertas Abaunz egileek. Haurrentzako euskal abesti, olerki eta liburuen bilduma bat da HitzKeta, bereziki 6 urtera arteko haurrentzat eta haiekin ari diren helduentzat pentsatua (gurasoentzat nahiz Haur Hezkuntzako hezitzaileentzat). Batzuei zein besteei eskainitako baliabide berri honen bidez, bildumako abesti, olerki zein liburuak erabil daitezke, ikasleekin lantzeko, seme-alabei kontatu eta kantatzeko eta, zergatik ez, norberak tarte atsegin bat pasatzeko.
Bilduma www.hitzketa.eus webgunean topatuko dugu. Edukiak ataletan sailkatuta daude: alde batetik, liburuak; bestetik, abestiak, eta hirugarren atalean, berriz, olerkiak.
Liburuak bost multzotan sailkatuta daude: album ilustratuak, ipuinak, album mutuak, ahozkotasuna lantzekoak eta bestelakoak. Liburuak erraz identifikatzeko, bakoitza bere azalarekin aurkeztu dute, eta liburuaren inguruko informazioa ere erantsi dute: idazlea, ilustratzailea, argitaletxea, zein urtetakoa den, eta baita zein adinetako haurrentzako den ere. “Azken datu hori orientagarria dela azpimarratu dugu, jakin bai baitakigu irakurleen adina asko aldatu daitekeela”. Liburuen aukeraketa egiterakoan, hainbat irizpide izan dituzte kontuan egileek: gaia, idatzitako modua, egitura eta ilustrazioak.
Abestien atalean dauden kantuak lau multzotan banatuta daude: eskuen mugimendua lantzeko abestiak; jolaserako edo dantzarakoak; animaliei buruzkoak eta lasaitzeko edo lotarako abestiak. Multzo bakoitzaren barruan, hainbat abestiren bideoak daude; horietako batzuek abesti horretarako proposatutako dantza erakusten dute, eta gehienek abestiaren letra ere badakarte, nahi izanez gero, abestia kantatu eta dantzatzeko.
“Horrez gain, gehitu den diskografian, haurrekin erabiltzeko aproposak diren zenbait diskoren izenak proposatu dira. Halaber, disko horien izenetako batzuen gainean klikatuta, diskoko abestiak entzuteko aukera dago”, argitu dute egileek.
Olerkien atalean, hizkuntzarekin jolasteko eta gozatzeko lau multzo daude: olerkiak (gaika antolatuta), asmakizunak, aho-korapiloak eta esaera zaharrak. “Atal bakoitzaren barruan, hainbat iturritatik lortutako dokumentuak jarri ditugu eskuragarri PDF formatuan, nahi izanez gero inprimatzeko”, azaldu dute egileek. “Gainera, dokumentu horiez gain, olerkiak, asmakizunak, aho-korapiloak edota esaera zaharrak zein liburutan topa daitezkeen jakin nahi izanez gero, azpian, “bibliografia” atalean klikatuta, liburuen zerrenda bat dago”.

Proposamen didaktikoak ere bai
Bilduma bakoitzarekin batera, horietako bakoitza lantzeko hainbat proposamen didaktiko daude eskuragarri. “Liburuen kasuan, esate baterako, ilustrazioak erakutsiz ozen irakurtzea da proposamen bat; beste bat, helduak haurrari ipuina kontatzea, baina irakurri ahala antzeztuta, bai kontalariak, bai umeak berak; hirugarren proposamena ipuina txotxongiloen bidez kontatzea da, eta laugarrena, helduarena entzun ondoren haurrak berak kontatzea ipuina, horrela narrazio-gaitasuna garatzeko”.
Abestien ataleko proposamen didaktikoak abestera, dantzatzera eta gorputz-perkusioa lantzera gonbidatzen du.
Hirugarren ataleko olerkiak, asmakizunak, aho-korapiloak eta esaera zaharrak haurrekin, familia giroan, lagunartean eta beste hainbat modutan lantzeko proposamen didaktiko bat ere badago. Olerkiak lantzeko, hainbat modu eskaintzen dira: ozen irakurtzea, onomatopeien jolasa, memoria-jolasa eta irudikapen-jolasa.

Denen artean aberasten
“Haurrentzako dagoen euskarazko materiala orri batean bildu eta denen eskura jartzea da gure helburua”, diote sustatzaileek. “Gaur egun, sareak aukera anitz eskaintzen ditu, eta horiek baliatu nahi izan ditugu”.
Ez da amaitutzat ematen duten lana. Bilduma osatzen eta aberasten jarraitzeko asmoa dute, “eta ekarpenak eta laguntza jasotzeko prest gaude”, diote egileek. Harremanetarako atal bat egokitu dute horretarako, nahi duen orok haiei ekarpenak helarazteko eta denen artean webgunea osatu eta aberasteko. Eta baita harpidetzeko ere.