IKUSTATEZ ETA MIRESMENEZ AINES DUFAU IKAS-EKO ZUZENDARIA

2021-11-01
 
 

1999. urtea. Iparraldean euskarazko ikasmaterialgintzan berezitua den Ikas zentroak lehenbiziko ikastresna argitaratu berria zuen: euskararen eta psikomotrizitatearen lantzeko Kantiruri CD eta liburuxka, eta irakasleen gidaliburua.
Hik Hasi dela medio, ikastresna xume hori aurkezteko gomita izan genuen Pantxika Solorzano egileak eta biek Musika Irakasle Euskaldunon Lehengo Topaketan, Donostian. Han, 150 bat irakasle, eta horien artean izenez eta obren bidez ezagun zitzaigun Imanol Urbieta.
Topaketen ondotik, elkarrizketa ere izan genuen 1999ko maiatzeko aldizkarian (38. zenb.).
Hik Hasiri esker, Iparraldeko eta EAE-Nafarroako curriculumak ezberdinak izanik ere, euskararen herrian bat egiten gaituena balioztatua da beti.
Hik Hasi aldizkaria sekulako ezagutza hazlekua dugu, kalitate handiko argitalpena baita, eta eduki aberatsekoa: hezkuntza saileko teoriak eta praktikak molde erakargarrian aurkeztuak, irakaskuntzako marko juridiko-administratiboak eta herri mugimenduen ihardukitzeak, hezkuntzako langileen lan baldintzak, ikastresna berriak...
Hezkuntza herri osoaren egitekoa baita, herritar guztiei gogo hazkurri zaizkigun gaiak atzematen ditugu Hik Hasin, hala nola: pedagogia, kultura transmisioa, genero kontuak, software libreen erabilera, ergonomia, haur eta gazteen bizitza hunkitzen duten jendarte mailako gai asko, etab.
Lehengo iturrietatik edanez (Euskal Herrian erreferente diren pedagogoak) eta oraingo bide berritzaileak ikertuz, Euskal Herrian barna eta munduan gaindi ikuska dabil Hik Hasiko taldea, hitza unibertsitario-ikerlariei eta egunero gazteekin ari diren irakasleei eta hezitzaileei luzatuz.
Espantagarria iduritzen zait, adibidez, gurea bezalako herri ttipi bateko lantalde batek Finlandiara joan eta, hango gobernuko hezkuntza aholkularia Donostiara ekarrarazi, laurehun bat irakasle behatzaile bildu, eta orduko gogoeta aztarnak aldizkarian eman ahal izatea.
Gisa horretako jardunaldiek eta argitalpenek agerian ematen dute Euskal Herria egiazko herria dela, eta garaiko jokagaien araberako hezkuntza proiektua iruten ari dela beti.
Iparraldekoak hamaika aldiz gomit izan gara Hik Hasiren ekitaldietara. Batzuetan parte hartu dugu baina funtsezko mugarrietan ezin... Adibidez, pena dut Kalitatezko hezkuntza bermatzeko zoru pedagogiko eta etikoa: hezkuntza hobetzeko gakoak idazteko unean (ikus 2017ko azaroko Hik Hasin, 222. zenb.) kanpo egon baikara, mugimenduari ezin jarraikiz.
Gomitak Joxe Mari Auzmendik egiten zizkigun beti, gure gogoan Hik Hasik eta Joxe Marik bat egiten dutela.
Joxe Marik barne-barnetik bizi zuen Euskal Herriaren batasuna, eta ahal zuen guztietan “zentrotik periferiara” heldu zen, guregana, hots, beti jendekin eta gure berri jakin-nahia. Ezin estimatuzko jauna, Joxe Mari. Gure gogo-bihotzetan bizirik.
Joxe Mari ongi inguratua zen, eta horren froga dugu Hik Hasi beti aitzina doala. Obra sendo hori balio berak biltzen dituen jende multzoari zor diogu. Goresmenak eta eskerrik bizienak zuei, eta bereziki Hik Hasiren jarraipena egunero segurtatzen duzuen lagunei!