COVID-19a: psikomotrizitate-gelak irekiko ditugu eskoletan?

2021-12-01

Galdera ez da irekitzea edo ez irekitzea, baizik eta nola ireki behar diren. Hori diote Luzaro Psikomotrizitate Eskolako kideek. Urte luzez psimotrizitateko saioak eta formazioa ematen ari diren adituon gogoetak, argudioak eta prebentzio-neurriak jasotzen dira lerrootan, hainbat eskolatako psimotrizitate-geletarako baliagarri izan daitezkeenak.

 
 

Ziurgabetasun-egoera orokor batean gaude. Bizitza pribatuaren eta sozialaren esparru guztietan ditugu galderak, emozioak eta sentimenduak. Ez da erraza lasaitasunez pentsatzea, erabaki zuhurrak hartzeko aukera emango diguten gogoeta lasaiak egitea, gehiegizko beldurrean eta gehiegizko haserrean oinarritu gabe.
Luzaro Psikomotrizitate Eskolan (ASEFOP), orientazio-eskaera asko jaso ditugu garai nahasi hauetan, haurren mundua zaintzeko eta babesteko moduaz arduratzen diren profesionalen aldetik. Galdetu digute ea ireki ala ez, nola ireki, nola joan psikomotrizitate-geletara segurtasun nahikoarekin. Lehenik eta behin, hezkuntzan eta terapian psikomotrizista gisa lan egiten dutenen jarrera eta ahalegina baloratu nahi ditugu, mugetatik eta debekuetatik harago joan nahi baitute, haurren beharrak eta osasun globala nola zaindu jakiteko (ezin dira haurren osasun fisikoa eta psikoafektiboa isolatu, bizitzako lehen urteetako globaltasunaren funtsa horixe baita: elkarrekintza eta erlazio iraunkorra daude alderdi horien guztien artean). Luzaroko taldean gai horri buruzko emozioak, sentimenduak eta analisiak trukatu ditugu, eta erabaki dugu dokumentu hau egitea, haurren mundua zaintzeko egin dezakegun ekarpen gisa, erantzukizunetik eta profesionaltasunetik abiatuta. Egoera bitxi honetan murgilduta dauden pertsona guztiak bezala, zailtasunak eta mugimendu emozional biziak ari gara bizitzen, eta, horregatik, sentimendu horiek taldean partekatu ditugu lehenik, eta gogoetak eta testuak landu ditugu, gure beldurrei, desirei, haserreei eta abarri hitza emateko.
Deskarga emozional horren ondoren, dokumentu hau egin dugu, eta espero dugu eraikitzailea izango dela, segurtasun eta desira handiagoz aurrera egiten laguntzeko.

Gogoetak eta argudioak
“Ezer adostu baino lehen, garbi utzi nahi dugu haurrei ezin zaiela kontaktua izatea debekatu ez eta gauzak ukitzeko aukera, printzipioz, kendu. Edonola ere, osasun-egoera kontuan hartuta printzipio gisa, haurren taldeak ez nahastea edo beste taldeekin ez elkartzea lehenesten da, eta talde bakoitzak erabiliko dituen espazio fisikoak (kanpokoak eta barnekoak) identifikatuta eta esleituta izatea. (…)
Zirkulazio hitzak eskola barruan zein kanpoan egingo diren mugimenduari egiten dio erreferentzia. Arestian aipatu bezala, haurrei haien arteko kontaktu fisikoa izatea debekatzea ezinezkoa da. Hala ere, ezinbestekoa da hezitzaileak haurrekin batera beharrezko higiene-neurriak lantzea eta praktikan ipintzea, errutina gisa barneratu arte. Gainera, haurraren garapenean funtsezkoak diren aspektuak (nork bere gorputza ezagutzea, jolasa, mugimendua eta esperimentazioa) besteekin elkarrekintzan eta elkarreraginean garatzen dira, eta hori bermatu egin behar da, Haur Hezkuntzaren muina delako”.
Hitz horiek ez dira gureak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarenak baizik (Haur-hezkuntzako etapa, 2020-2021 ikasturte hasierako orientazioak dokumentuan).
Ez dago gehiago gehitu beharrik. Haurren mundua bere osotasunean babestea da helburua, hain zuzen ere, haurren esku espazioak eta profesionalak jarri nahi dira, jaso ditzaketen gehiegizko tentsioei eta emozioei aurre egiteko balioko dieten hainbat baliabide eskuratzea bermatuko dutenak. Horixe aurkitzen dute psikomotrizitate-geletan, modu pribilegiatuan: ekintza, mugimendua eta jolasa, segurtasunez eta atseginez; jarduteko plazera, plazer partekatua, bere buruarekin, besteekin eta errealitatearekin.
Beharrezkoa da azalpen bat ematea: Eusko Jaurlaritzaren dokumentuan esaten da ez dela espazio bera erabili behar egun berean talde bat baino gehiago aritzeko, eta hori aldatu daiteke, horretarako aukera ematen duten desinfekzio- eta aireztapen-sistemak badaudelako (are gehiago ustez seguruak diren neurriei erreparatzen badiegu, eta kontuan hartuta beste eremu batzuetan haurrena baino arrisku handiagoko populazioekin erabiltzen direla). Gure ustez, hurrengo ataleko prebentzio-baliabideak kontuan hartu eta erabili behar dira, ahalik eta segurtasun handienarekin joateko psikomotrizitate-geletara (eta beste edozein lekutara); bai eta egun berean gela bera erabiltzeko aukera ematen duten produktu eta aparatuak ere, haurrek beren eguneroko bizitzako beste espazio batzuetan aurkitzen dutena baino askoz ere segurtasun handiagoa hartuta horrela.

Prebentzio-neurriak
Haurrekin bizi diren pertsona helduek haurrak berme nahikoarekin bidaltzea eskolara, ezarritako osasun-irizpideak errespetatuta.
Aurreko irizpide bera ikastetxeetan lan egiten duten profesionalentzat eta, jakina, psikomotrizistentzat. Aurrekoa behar bezala zainduta badago, badakigu 9 urtetik beherako haurren transmisio-arriskua oso txikia dela. Gainera, une honetan egiaztatu dugu eskolatzearekin ez dela kutsadura-igoerarik gertatu.
Gela ahalik eta gehien aireztatu behar da, aireztapenak birusa ezabatzea errazten baitu.
Gela hainbat sistema erabiliz desinfekta daiteke.
Desinfektatzeko sistemak eta produktuak:
Espainiako Osasun Ministerioak aldizka eguneratzen duen biruziden zerrenda argitaratu du (https://www.mscbs.gob.es/profesionales/saludPublica/ccayes/alertasActual/nCov/documentos/Listado_virucidas.pdf).
Psikomotrizitate-geletan probatu diren produktuen adibideren bat jarriko dizuegu.
Produktuak:
• OX VIRIN; Mikro MK300 desinf. hidroalcohol; Deskol, erref. 510064 (www.juper.net); etab.
Eta azkar lehortzeko aparatuak:
• Matabi IK-9 lainoztagailua (erref. 522008) (www.juper.net);  ULV Fogger atomizagailu elektrikoa; etab.
Eta amaitzeko, Psikomotrizisten Elkarte Profesionalak 2020ko ekainean argitaratutako komunikatu bateko testua aipatuko dugu, erabat ados baikaude: “Badakigu zein beharrezkoa den psikomotrizitatea beti, eta are gehiago orain, aldaketa sozialen eta eskoletako baldintza berrien aurrean. Ikusgarri eta beharrezko egin dezagun psikmotrizitatea, parteka ditzagun proposamenak eta esperientziak, diziplina horren bikaintasunak erakusteko. Diziplina horrek adierazkortasun globala jasotzen du, eta txikienek sentimenduak eta emozioak landu, adierazi eta bideratu ahal izatea ahalbidetzen du; salbuespen-egoera honetan, askotariko emozioak azaleratu baitira eta hala jarraituko baitute denbora batez”.