Change hezkuntza-proposamena, Beste begirada bat, beste gizarte bat

2021-12-01

Alboan gobernuz kanpoko erakundeak proposamen pedagogiko batean parte hartzeko gonbita luzatu die Bigarren Hezkuntzako ikasleei zein haien irakasle eta hezitzaileei. Errefuxiatuen babesaren eta migrazioaren inguruan hausnartzeko eta gizarte inklusibo baten alde ekintzak antolatzeko aukera eskaintzen duen proposamena da, eta Change du izena. Alboanek irakasle eta hezitzaileei laguntza, aholkularitza eta prestakuntza eskaintzen dizkie, ikasleek Change hezkuntza-proposamenean parte hartu dezaten.

 

 
 

Babesaren eta migrazioaren gainean hausnartzeko, ikasteko eta ekintzara pasatzeko aukera ematen duen programa europarra da Change, eta azken jomuga aldaketa sortzea da. Change programaren xedea ikasleak errefuxiatuen eta migrazioaren gaiari buruz modu kritikoan pentsatzera bultzatzea da, gertakariak eta iritziak bereizi ditzaten, eta aurreiritziak eta estereotipoak identifika ditzaten.
Parte hartzen duten ikasleak aldaketaren eragile aktibo izatea bultzatzen du, eta, horretarako, bidelagun izan daitezke irakasleak, eta aldaketarako irakats dezakete. Programako protagonista ikasle gazteak dira, eta irakasleek lagundu egingo diete, euren jakintza eta energia nahi duten etorkizuna moldatzeko erabil ditzaten. Ikasleak modu kritikoan pentsatzera eta beren balioak definitzera animatu nahi duen proposamen pedagogikoa da.
Pentsatu, sentitu, elkartu, ekin eta aldatu. Hitz horiek laburtzen dute Changek proposatzen duen ibilbidea. “Badakigu pertsonek elkartzeko aukera dutenean benetako aldaketa
—Change— gerta daitekeela. Horregatik, Changek konexio esanguratsuak sustatu nahi ditu errefuxiatuen eta gazteen artean”, dio Alboaneko Ines Vicentek. “Ikasleek pentsamendu kritikoa hobetu, eta migrazioaren, gizartearen eta horrelako gaien inguruan iritzi propioa garatu dezakete, irakasleek zuzendutako sei etapako programa honen bidez”.

Ekintza-planak eta
enbaxadore-lanak dira ardatza
Hiru eragile aktibo biltzen ditu Changek: ikasleak, irakasleak eta errefuxiatu eta migratzaileak. Ikasleei errefuxiatuen eta migratzaileen egoerari buruzko informazioa ematen die irakasleak ikasgelan, eta hainbat jarduera egiten dituzte, gai horien inguruan modu kritikoan pentsa dezaten. Programan zehar, errefuxiatuen lekukotzak eta historiak ezagutzeko aukera dute; harrera-herrialdera nola iritsi ziren, nola bizi diren horietan, etorkizunerako zer itxaropen eta amets dituzten, eta abar.
Programa bukatutakoan, ekintzara pasatzeko aukera izango dute: Changeko ikasle enbaxadore izango dira. “Beste enbaxadore batzuekin batera, ideiak bildu eta ekintza-plan bat prestatu beharko dute jendea sentsibilizatzeko eta gizartean ikusi nahi duten aldaketaren alde egiteko. Ekintza-plana izan daiteke ekitaldi bat, zerbitzu solidarioko proiektu bat, kanpaina txiki bat...”, dio Vicentek.
Ikasturte amaieran, Changeko ikasle enbaxadoreek egindako lanak ikusteko aukera izango da, eta aldaketarako ekintza onenak sustatu dituzten ikasle enbaxadoreen taldeek 2021ean Bruselara joateko bidaia irabaz dezakete. Han, beren esperientziak partekatuko dituzte Changeko beste parte-hartzaile batzuekin eta Europako Parlamentuko ordezkari politikoekin. Change programan, Europako beste zortzi herrialdetako ikasleek hartzen dute parte.
Irakasleen zeregina ikasleei laguntzea izango da, gai horiei buruz ongi oinarritutako iritzia izan dezaten. Horretarako, Changek sei urratsetako hezkuntza-programa eskaintzen du eta etapa bakoitzean dauden pausoen artean irakasleek beren talderako aproposenak hautatu ditzakete. Hori guztia garatzeko laguntza eskaintzen du Alboanek: irakasleentzako prestakuntza, errefuxiatu eta migratzaileak eskolara eramateko bitartekaritza, programan parte hartzen duten beste eskola batzuekin topatzeko guneak, egindako ekintzak ezagutzera emateko bitartekoak, eta abar.
2020ko urtarrilean jarri zen martxan proiektua, eta, oraingoz, 18 ikastetxe ari dira parte hartzen Euskal Herrian. “Izena emateko eperik ez dago; ikasturtean zehar eman daiteke”, azaldu du Vicentek. “Nahi den hiruhilekoan lant daitekeen proiektua da, baina parte hartu nahi dutela argi duten ikastetxeei izena orain emateko eskatzen diegu, gurekin egin nahi dituzten jarduerak antolatzeko eta Europan zehar zenbat eskolak parte hartuko duten jakiteko”. Horrez gain, Vicentek erantsi du proiektua oso malgua dela. “Ez dago jarduera guztiak egin beharrik; eskola bakoitzak erabaki dezake zein egin, interesen eta norberaren irizpideen arabera”.