EUSKAL HERRIGINTZAN HEZKUNTZA DA BIDEA

2021-12-01

ANJELES IZTUETA   
EUSKO JAURLARITZAKO HEZKUNTZA SAILBURU OHIA

 
 

Hasteko, Joxe Mari Auzmendiri eginiko guztia eskertu nahi diot. Joxe Mari landa-herri batean, Malloen azpialdeko Azkaraten, munduratu zen. Mutikotan, Patrizio Etxeberriaren fabrika handiaren inguruan garatutako Legazpi industrialera migratu zuen bere familia osoak. Nekazari izatetik, soldatapeko langile familia izatera pasa ziren. Euskal Herrian beste familia asko eta asko bezala. Barru-barrutik bizi izan zituen landa-munduaren eta herri industrial baten artean zeuden alde eta kontraste guztiak. Eguneroko bizitza eta giroa erabat desberdina baita batean eta bestean.
Garai hartan, langile eta nekazari familietan ikasketa unibertsitarioak egiten zituzten mutilak seminario edota fraideen etxetik pasatakoak izaten ziren normalki, eta, gehienetan, Humanitate ikasketak egiten zituzten. Nolatan, bada, Joxe Mari kimikari? Badakigu urte haietan langileen seme-alabei beka bidez ikasteko aukera ematen zieten Universidades Laborales zeritzen barnetegi-ikastetxeak zeudela. Joxe Marik Chesten (Murtzian) eta, gero, Huescako Unibertsitate Laboralean ikasi zuen. Beraz, lehen saltoa Azkaratetik Legazpira, eta, gero, Murtzia eta Huescara, guztiak mutiko eta gazte garaian… eta horrek bere marka ezartzen du modu positiboan, eta mundu-ikuskera asko zabaldu dezake. Joxe Mariren kasuan, horrela izan zen.
Nik ere antzeko ibilbidea egin nuen… Zaragozako Unibertsitate Laboralean ikasi nuen, eta, nekazari eta gero langile familia bateko ibilbide berdintsua egin ondoren, Matematika ikasketak egin nituen Valladoliden. Bizipen horiek asko lotzen ninduten Joxe Marirekin.
Kimikaria izanik, Pedagogia ikasketak egin zituen gerora Joxe Marik, eta bokazioa eta lanbidea, bere ikuskera zabal horrekin, Hik Hasiren inguruan garatu zuen.
5. urtean ezagutu nuen nik Hik Hasi, garai horretan Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburu nintzela. Behin, bulegora joan nintzen bisitan, eta harrituta gelditu nintzen ikusirik zein txikia zen tokiz eta zer ilusio eta dinamika aberatsa zegoen han. Harrituta eta eskertuta gelditu nintzen benetan! Handik aurrera, elkarlana aberatsa izan zen: prestakuntzaren alorrean, euskal curriculumaren lanketan, Finlandiako eta Eskandinaviako hezkuntza-sistemak ezagutzeko lanetan…
Hasiera-hasieratik, gainera, sistema gisa bizi zuen hezkuntza-komunitatea Hik Hasik, eta berdin lan egiten zuen administrazioa jabego zuten ikastetxe publikoekin zein kooperatiba ziren ikastolekin zein jabego erlijiosoa zuten ikastetxeekin. Batez ere ume gaztetxoen alde egiten zuen lan, irakasleei laguntzen eta gurasoen eta euskal komunitatearen alde. Hik Hasin, euskarak eta inklusio-ikuspegiak beti izan du zentralitatea, oso planteamendu berritzaileak eta parte-hartzaileak bultzatuz. Guztia oso diru gutxirekin eta ilusio eta profesionaltasun izugarriarekin.
Zer eskatuko nioke Hik Hasiri? Zubi-lanak egiten jarraitzeko euskal hezkuntza-sistema osoaren eragileen artean, jarraitzeko berrikuntza lantzen euskal hezkuntza-sisteman, euskara ardatz hartuta beti eta euskal lurraldeen ikuspegia jomuga izanik, eta inklusioaren eta aukera-berdintasunaren printzipioekin lanean jarraitzeko. Ilusioz eta profesionaltasunez! Euskal herrigintzan Hezkuntza da bidea.