GAIA: NATURAREKIN BAT IZAN ETA... ‘Natura, eskola bizia’ jardunaldiak

2021-12-01

Ongizatea, askatasuna, berezkotasuna, sormena, inplikazioa eta harremanak areagotzen ditu naturak. Haurren garapena, osasuna, heziketa eta sozializazioa sustatzen ditu izadiarekin kontaktuan egoteak. COVID-19aren testuinguruan, eta baita bestela ere, balioan jarri beharreko ingurunea da naturak eskaintzen diguna. Hik Hasik udazkenero Haur Hezkuntzarako antolatzen dituen jardunaldietan aurrez aurre ikusi eta entzun ahal izan ditugu izadiak hezkuntzari egiten dizkion ekarpenak, HUHEZIko Iñaki Larrea, Heike Freire pedagogia berdeetan aditua, Ekoguneko hezitzaile Maialen Sistiaga, Alkizako herri eskolako Jone Zuaznabar, Ana Hernandez eta Asun Salaberria irakasleen eta Hernaniko Langile ikastolako Maite Ezponda, Agurtzane Rama eta Ana Quevedo irakasleen ahotatik.

 

 
 

Hik Hasik, udazkenero 0-6 etapari begira antolatzen dituen jardunaldietan, ateak zabaldu eta naturari begiratu dio aurtengoan. Bizi ditugun garai zail hauetan inoiz baino beharrezkoagoa dugulako naturara irten eta arnasa hartzea. Guztiok, baina zer esanik ez haurrek. Maila teorikoagoan nahiz praktikoagoan, naturak haurren garapenari, bizikidetzari eta heziketari egiten dizkien mesedeak ikusi ahal izan ditugu Zumaiako Zumaiena ikastetxean azaroaren 14an egin ditugun jardunaldietan, zailtasunak zailtasun, eta Zumaiena ikastetxeari esker, aurrez aurre egin ahal izan ditugun jardunaldietan. Joxe Mari Auzmendi Hik Hasikidea gabe egin diren lehen jardunaldiak izan dira, eta hari zuzenduak izan ziren jardunaldietako lehen hitzak.

HUHEZI fakultateko irakasle eta Psikologian doktore, Iñaki Larrea izan zen sarrera hitzaldia eskaini zuena, Naturaren onurak haurren garapenean; eta ondoren, Heike Freire pedagogia berdeetan aditua den irakasleak bi hitzaldi eskaini zituen, bata Bernaturalizatze-prozesuak izenekoa eta, bestea, Giza naturaren aurpegiak. Ondoren, maila praktikoagoan, Ekoguneko Maialen Sistiagak hezkuntza konpetentziak garatzeko baliabide zehatzak azaldu zituen, eta azkenik, Alkizako herri eskolako Jone Zuaznabar, Ana Hernandez eta Asun Salaberria irakasleek eta Hernaniko Langile ikastolako Maite Ezponda, Agurtzane Rama eta Ana Quevedo irakasleek baso-eskolen esperientziak ezagutarazi zituzten.

“Gaur egun bizitzen ari garen egoera berezia da eta merezi du egoeraz hausnartzeko tarte bat hartzea, COVID-19a haurraren garapenean izaten ari den eraginen inguruan hausnartu eta pentsatzeko”, abiatu zuen hitzaldia Larreak. “2020a urte historikoa izaten ari da gauza askorengatik, bizitza aldatu zaigu; eta horrek eragin bat sortu du gugan: hemen galdetuz gero eragin hori positiboa ala negatiboa izan den, ia denok egongo ginateke desiratzen ea amesgaizto hau pasatzen den eta ea berreskuratzen dugun lehen agian horrenbeste baloratzen ez genuena”. Izan ere, HUHEZIko irakaslearen arabera, pandemiaren ondorioak dagoeneko osasunean ere pairatzen ari gara, eta hori ziurtatzen duten hainbat ikerketen berri eman zuen:
“Haurraren garapenari dagokionez, COVID-19ak ondorioak dauzka”, adierazi zuen Larreak, eta ondorio horiek ez dira mugatzen gaitza zuzenean pairatu duten haurrengana. “Ikerketak adierazten ari dira [Oshikawa et al., 2020] osasun kontuetan arazoak antzematen ari direla, ez horrenbeste COVID-19ak berak sortutako arrazoiengatik, baizik eta gehiago albo-kalteengatik. Hau da, COVID-19ak lehen osasun arreta zerbitzuen etete bat ekarri du, ez goaz medikuarenera haurrak gaixotzen direnean, edo lehen baino gutxiago joaten gara.” Periodikoki antolatzen diren jarraipenak ere, kasu batzuetan, atzeratu egin dira eta ikertzaile batzuek diote horrek ondorioak ekartzen dituela umeen osasunean.
Pandemia haurren osasunari eragiten ari dela esatean, osasun globalaz ari da Larrea, baina zehazki buru-osasunean ere ondorioak badirela gehitu zuen, hainbat ikerketatan oinarrituta [Marques de Miranda et al., 2020 Yeasmin et al., 2020]. “Gero eta ikerketa gehiago ari dira erakusten umeen beldurrak eta fobiak gehitzen ari direla, kalera irteteko beldurrak, sozialki harremanak izateko beldurrak ere izaten ari direla umeak. Zentzu horretan, bada hausnartzeko gai bat zein beste albo-kalte ekartzen ari den pandemia”.
Haurren elikaduran ere ondorio ezkorrak antzematen ari dira, bereziki itxialdiren ondorioz. “Ikerketa batek [Headey et al., 2020 Rundle et al., 2020], adibidez, adierazten du, okerrago jan dugula pandemia garaian eta okerrago jatearekin batera, gutxiago mugitu garela, jarduera fisikoa gutxitu egin dugula. Horrek esan nahi du gizentasuna ere badela COVID-19ak ekarritako beste kalte bat”.
Ikusmenean ere antzeman dira, dagoeneko ondorioak: “Pantailen aurrean pasatako denbora, oro har, handiagoa da umeen partetik, eta haurren garapenaren aldetik, ikusmenean ere desberdintasunak ikusi dira eta miopiaren handitze bat aditzera eman dute ikerketa batzuek [Wong et al., 2020]”.
Haurrekiko harremanetan ere aldaketak ekarri ditu pandemiak. Askotan helduek bizi duten estresaren eta larritasunaren ondorioz, haurrekiko tratua okertu egin dela ikusi ahal izan du irakasleak ikerketetan [Lawson et al., 2020]: “Gurasook ez dugu oso modu atseginean bizi izan etxean egotea eta askatasunaren murrizketa, horrek ondorioak dauzka heldu bezala umeekiko ditugun elkarrekintzetan eta esku-hartzeetan. Horrek, tratu txar fisikoak ez badira ere, tratu txar gisa izenda ditzakegun jarrerak jasatea eragin die hainbat haurri euren gurasoen partetik”.
Haurren jolasa ere kaltetu du COVID-19ak. “Pandemia honek mugimenduaren eta jarduera fisikoaren gutxitzea ekarri du eta, horrekin, Kanadan egindako ikerketa batetik agerian gelditu da [Moore et al., 2020] umeek gutxiago jolasten dutela eta jarduera sedentarioa handiagoa dela, pantailei loturik, bereziki. Hortaz, jolasaren kantitatea eta kalitatea gutxitu egin direla nabarmendu behar dugu”.
Gisa honetako pandemia batek haurren osasunean izan ditzakeen kalteak zerrendatzeko, Larreak, COVID-19aren familiako beste birus baten inguruan egindako ikerketen ebidentziak ere ekarri zituen [Fan et al., 2020], koronabirusaren pandemiak, 2003ko SARS birusaren hedapena baino zabalagoa eta luzeagoa izanik, ondorio antzekoak eragin ditzakeela aintzat harturik: “2003an zabaldu zen SARS birusari lotuta, Txinan hainbat urtetan egindako ikerketa longitudinal batean umeen garapenean mugarri diren zenbait elementu aztertu zituzten: noiz hasten dira umeak oinez; noiz esaten duten euren lehendabiziko esaldi osoa; 0tik 10era kontatzen noiz ikasten duten eta esfinterren kontrola noiz gertatzen den. Ikerketa horrek adierazi zuen Txinako SARS pandemia pairatu zuten umeek atzerapena zeukatela lorpen horietan, hau da”. COVID-19arekin lotutako ikerketa bat izan ez arren, irakasleak ondorioztatu zuen haurren jarduera, jolasa eta mugimendua gutxitzen ari den heinean, horrek ere ondorio batzuk izango dituela hemen eta orain gure umeen garapenean.

Koronabirusaren pandemia haurren osasunean izaten ari den kalteen inguruko ikerketak mahai gainean jarririk, gaixotasunaz beraz aparte, COVID-19ak ekarri dituen albo-kalteak “handiak eta kontuan hartu beharrekoak” direla azaldu zuen Larreak, “eta nik uste dut, gizarte bezala, ez ditugula gehiegi kontuan hartu”.

Baina izan da, haatik, zerbait baikorrik. Atera dugu gauza on bat garai ilun hauetatik. “Gauza on hori da, nik uste, pandemiari esker natura gehiago baloratzen ari garela”. Natura bizi dugun egoerari aurre egiteko “alternatiba gisa” ikusten hasi garela iritzi zion Larreak: “Pentsatzen dut, orain hemen, Zumaia inguruko mendietara joango bagina, mendiak jendez lepo egongo liratekeela, eta hori aurrez ikusi ditugun albo-kalte horiei aurre egiteko modu bat da. Pertsonok badaukagu egokitzeko gaitasuna, testuinguruak jartzen dizkigun erronkei aurre egiteko gaitasuna daukagu, eta agian hortik etorri da, baita ere, naturaren aldarrikapena”. Hala ere, zehaztu zuen natura ez dela soilik COVID-19aren albo-kalteei erantzuteko baliabide bat, “esango nuke natura badela baliabide bat, COVID-19a egon ala ez egon, erabili beharko genukeena. Eta badaude hori adierazten duten ikerketak”. Irakasleak hainbat ikerketari egin zien erreferentzia, askotan naturaren onurez hitz egitean ebidentzia zientifikorik gabe hitz egiten dela iruditzen baitzaio, eta beraz, oinarri zientifikoa eta frogatua duten onurak azaldu zituen Zumaiena ikastetxean bildutako irakasleen aurrean:
Ongizatea. Ikerketek natura ongizatearekin lotzen dute, ongizate fisiko eta mentalarekin, osasunarekin. Larreak ekarri zituen ikerketen arabera, naturan gaudenean, printzipioz, “ongi sentitzeko aukera handiagoak dauzkagu; hori, aldi berean, ona da gure osasunerako, osasun fisiko eta mentalerako eta, oro har, gure garapenerako”.
Askatasuna. Barru/kanpo dikotomiak askatasunari aukera gehiago edo gutxiagoa eskaintzen dizkiela azaldu zuen irakasleak: “[Eskola] barruko egiturak askoz ere egitura zehatzagoak eta egituratuagoak dira; naturak askatasuna ekartzen digu; gauzak ikusteko askatasuna, eta baita esperimentatzeko askatasuna ere”. Zentzu horretan ikerketek natura aldarrikatzen dute haurraren askatasun-sentsazioa areagotzen duelako.
Berezkotasuna. “Haurrak aukera handiagoa dauka norbera den bezalakoa izateko kanpoan dagoenean”. Ideia hori askatasunaren ikuspegiarekin lotzen dute ikerketek, “barruko espazioetan, guztia askoz ere egituratuago dagoenez, gure esku-hartzea hor dago, espazioen antolaketan, materialen aukeraketan, proposatutako jardueretan... normalean, kanpoan haurrak askatasun handiagoa izaten du nahi duena nahi duen elementuekin egin ahal izateko”. Haurraren berezkotasuna edo haurra benetan den bezalakoa izateko aukera handiagoa ematen du, bada, naturak.
Sormena. Hezkuntza-proiektu askotan azpimarratzen den ideia da eskolak pertsona sortzaileak sustatzeko bokazioa izan beharko lukeela eta, ebidentzien arabera, horretan lagundu dezake izadiak. “Naturan egoteak sormena areagotzen duela ikusi da. Gure ikastetxean gure ikasleak sortzaileak izatea nahi badugu, ikerketek adierazten dute naturara hurbiltzea horretarako onuragarria izan daitekeela”.
Inplikazioa. “Egiten ari den horretan nola inplikatzen da edo nola sartzen da umea? Naturan daudenean umeen inplikazioa handiagoa dela ikusten da barruan daudenean baino. Naturan daudenean jolasean gehiago sartzen direla erakusten dute ikerketek, hau da, jolasaren kalitatea hobea dela”.
Harremanak. Naturan egotea harreman aberatsagoekin lotzen dute ikerketek, bai harreman gehiago izatearekin eta baita erlazio horiek kalitate hobekoak izatearekin ere. Larreak zehaztu zuen, “kidetze jokabide gehiago” erakusten dituztela haurrek izadian, eta euren arteko erlazioetan jokabide disruptibo edo gatazkatsu gutxiago gertatzen direla kanpo-espazioetan.
Naturarekiko errespetua. Naturan murgiltzeak izadiarekiko errespetuan hobekuntza dakarrela ziurtatu zuen HUHEZIko irakasleak: “Gure ekosistemaren kontzientzia handiagoa hartzen dugu naturan gaudenean, gure rolaren garrantziaz konturatzen gara... eta hori ere ikerketetan azpimarratzen den beste onura bat da”.
Ikaskuntza. “Natura ikasteko toki ere bada”. Franceso Tonucci Fratoren bineta bat ekarri zuen hizpidera Larreak, non irakasle bat ageri den haurrei udazkenaren inguruko azalpenak ematen, “hemen daukazue enborra eta hemen hostoak”, eta hori arbelean erakusten duen bitartean, kanpoan zuhaitz pila bat daude. “Ikaskuntza esanguratsuagoa litzateke zuzenean naturara joatea eta bertatik bertara ezagutzea zuhaitz horiek. Leku askotan udazkena ariko dira lantzen proiektu gisa Haur Hezkuntzan, hosto bat hartu eta hostoaren marrazki bat egiten dute... kanpo-espazioan hosto mordo bat dagoenean. Zentzu horretan ikaskuntza esanguratsuari begira ere onuragarria da natura”.
Jolasa. “Jolasa hobea da eta gehiago egiten da kanpoan barruan baino”. Iñaki Larrearen iritziz, kanpoko jolasak barruko jolasak nekez izan ditzakeen ezaugarriak ditu.

Hitzaldiaren hirugarren zatian jolasean murgildu zen irakaslea. Konparazio moduan, Haur Hezkuntzan barruko espazioetan zer egiten den eta kanpokoetan zer egin daitekeen aztertu zuen, barruan nola jolasten diren umeak eta nola jolasten diren kanpoan. Hiru dimentsioren arabera egin zuen sailkapena: barruko eta kanpoko jolasaren dimentsio motorea, dimentsio kognitiboa eta dimentsio soziala konparatu zituen, jakinda hirurak elkarrekintzan daudela eta batera gauzatzen direla.

Dimentsio motoreari dagionez, mugimendua mugatua egoten da gela arruntetan, “eta, horregatik, eta ez bakarrik horregatik, izaten ditugu psikomotrizitate-gelak, edota gela barruan mugimendu beharrari erantzuteko jartzen diren egiturak. Ahalegin interesgarriak dira umearen mugimendu behar horri erantzuteko eta jolas mugimendu hori aberasteko, baina kanpo-espazioetan aukerak biderkatu egiten dira”. Baliabide naturalak mugimendu jolas hori aberasteko elementuak dira eta elementu horiek ekarpen handia egiten dute alturan, sakontasunean eta har daitekeen abiaduran. Zentzu horretan, irakasleak azpimarratu zuen espazioak (izan natura, kanpo-espazioak eta baita barruko espazioak ere) estimulagarriak izan behar direla haurrentzat, “ez dut esan nahi heldua egon behar denik umea estimulatzen, baizik eta helduak umeari erronkak hartzea baimendu behar diola espazio horretan, izan erronka motorea edo kognitiboa”. Haurraren gaitasunak eta mugak zalantzan jartzeko aukera ematen duten espazioak lehenetsi zituen irakasleak, eta alor horretan naturaren ekarpena paregabea dela aitortu zuen.

Dimentsio kognitiboari dagokionez, materialek bizipena eta ikasketa baldintzatu ditzaketela kontuan izanik, Larreak adierazi zuen barruko materialak askotan jolas sinbolikoari begirakoak izaten direla, eta material horietan hobekuntzak egin badira ere, “gero eta joera handiagoa dago komertzializatutako elementu horiek naturalak— egurrezkoak— izan daitezen”, naturako material askotarikoek aberatsagoak izaten jarraitzen dute. Izan ere, haurrei plastikozko edo egurrezko kotxeak, hegazkinak... eskaintzen dizkiegunean guztiok modu berean interpretatzen ditugu material horiek, aldiz, material desegituratua eskaintzen diegunean, interpretazioak oso anitzak izango dira. “Zer da makil bat? Makil bat kotxe bat izan daiteke; edo eskopeta bat; beste momentu batean telefono bat edo auskalo zer. Guztiz egituratutako materiala oztopo izan daiteke naturak berak eskaintzen dizkigun material desegituratuen aurrean. Eta hori bada beste ekarpen bat. Ez du esan nahi kotxe horiek baztertu behar ditugunik, baina kontziente izan behar dugu gauza ezberdina eskaintzen duela material batek eta besteak”.

Antzeko zerbait gertatzen da eraikuntzekin ere, Larreak azaldu zuenez. Gela barruan blokeen bidez ase ohi da haurrek eraikitzeko duten beharra, aldiz, kanpoan aukerak biderkatu egiten dira beste behin: materialak eta tamainak ugaritu egiten dira, eta balio erantsia hartzen du kanpoko jolasak, adituaren hitzetan. “Jolasa beti ona dela azpimarratu behar dugu, baina ezaugarrietan ezberdintasunak egon daitezke”.
Dimentsio kognitiboarekin jarraituz, eskolak daukan esperimentazioa sustatzeko betebeharrari erantzuteko gela barruetan dauden mugen aldean, aukera zabalak eskaintzen ditu naturak. “Kanpora baldin bagoaz, adibidez, ura eduki dezakegu, errekatxo bat, eta haurrek ikusten dute euria egiten duenean hazita doala erreka eta, beste batzuetan, berriz, ur gutxiagorekin”.

Dimentsio sozialari dagokionez, geletako harremanak, askotan, mugatuta egoten direla aipatu zuen irakasleak, “eta zailtasunak egoten dira, edo gelako lagunekin egon behar dute haurrek beti”. Naturak eskaintzen digun planteamendua zabalagoa da: “Natura espazio bat da non gela ezberdinetako umeak, adin ezberdinetako umeak elkartu daitezkeen. Hori barruko espazioak ere eskain dezake, baina ez da ohikoena. Zentzu horretan naturak ere ekarpena egin dezake, eta aukera ematen du umeen artean batak besteari laguntzeko, adibidez, erronka motoreetan; adin aniztasunari toki eginez, imitazio ekintzak areagotzen dira...”

Dimentsio sozialari lotuta, geldiune bat egin zuen irakasleak helduok oso ondo bizi ez dugun borroka-jolas edo jolas zakarraren ideian. “Borroketara jolastea normalean helduok ez dugu oso ondo bizi, ‘hori ez da jolasa’ , ‘mina hartu behar duzue’ ... eta horrelako mezuak bidaltzen dizkiegu askotan umeei. Ikerketek azpimarratzen dute borroka jolasak edo jolas zakarrak ere jolasa direla, eta garrantzitsua dela, gainera, umeen garapen sozioafektiborako, eta, zentzu horretan, garrantzitsua litzatekeela helduok hori baimenentzea”. Irakasleak jakitera eman zuenez, ikerketek erakusten dute helduok permisiboagoak garela kanpoan gaudenean jolas zakar horien aurrean, gelan gaudenean baino. “Ez dago zehazki naturarekin lotuta, baina desberdintasun bat”.
 
Dimentso sozialari loturik, baita ere, generoari ere egin zion erreferentzia. “Generoari dagokionez, ikusten dugu, adibidez, gela barruan oso mutilena izaten dela eraikuntzatxokoa; aldiz, kanpoan askoz ere orekatuagoa da genero aldetik eraikuntza jolasaren gauzatzea. Kanpoan daudenean neskak eta mutilak batera jolasten dira barruan ez bezala”.

Izadiak haurtzaroari eta hezkuntzari dakarzkien onuren inguruko hiru ideia azpimarratuz bukatu zuen HUHEZIko irakasleak bere hitzaldia:
“Naturaren ekarpena handia da eta ez da bakarrik COVID-19aren ondorioz; natura beti sustatu beharko genukeen zerbait da”.
“Natura umearen garapena sustatzeko goi mailako baliabidea da eta horren jakitun izan beharko genuke”.
“Jolasa (eta jolasa esaten ari garenean garapena esaten ari gara, jolasa delako garapenerako daukagun baliabide garrantzitsuena) aberastu egiten da. Jolasa beti da ona. Barruko jolasa ere ona da, baina naturan gaudenean, jolasak beste ezaugarri batzuk hartzen ditu eta ezaugarri horiek garrantzitsuak dira. Ez da natura bai / barrukoa ez, kanpoko jolasa eta barruko jolasa osagarriak izan daitezke. Naturaren aberastasuna nabarmenduko nuke; mugimendua aberasteko bitarteko primerakoa da; pentsamendua garatzeko ere bai; sinbolismoan sakontzeko; pentsamendu konplexua sustatzeko; eta baita harremanak hobetzeko eta generoari dagokionez ere aberatsagoa da natura”.

Haurtzaroaren kulturan eta hezkuntza berrikuntzan aditua da Heike Freire eta osasunaren ongizatearen eta ikaskuntzaren harremanei buruz naturan egin dituen ikerketei eta dibulgazio-lanei esker, pedagogia berdearen nazioarteko erreferente bihurtu da. Hik Hasik eskaini dituen jardunaldi eta ikastaro ugaritan parte hartu du, eta oraingo honetan bernaturalizatzeko prozesuei buruz hitz egin zuen Zumaian. Berdean hezi liburu arrakastatsuaren ondotik, Patios vivos para renaturalizar la escuela (Atari biziak eskola bernaturalizatzeko) liburua koordinatu berritan etorri da, hain zuzen ere, Hik Hasik naturari eskaini dizkien Haur Hezkuntzako jardunaldietara.

Bernaturalizatzeaa lagun naturalistei eta biologoei ebatsi eta hezkuntzara ekarri beharreko hitza dela uste du pedagogoak, Mendebaldeko kulturan gizakiaren eta naturaren artean ikusten duen amildegia dela-eta: “Badira 2.000 urte (edo agian 5.000, nire lagun feministek esaten duten bezala, patriarkatua ezarri zenetik) naturatik urruntzen hasi garela. Platonek berak natura/kulturaz hitz egiten zuen; sentsibilitatearen mundua eta inteligentziaren munduaz hitz egiten zuen. Sentsibilitatearen mundua engainagarria dela esaten zuen, eta ideien mundua benetakoa dela. Greziarrengandik jaso genuen adimena/gorputza banaketa; animalia/giza animalia bereizketa; eta baita ingurune naturaletik urruntzen gaituzten hamaika bereizketa ere, gizakiak natura izango ez bagina bezala”. Mendeetan zehar, bereizketa hori urruntze fisikoa, emozionala, mentala, intelektuala eta espirituala izatera iritsi dela azaldu zuen. Bernaturalizatze-prozesuekin laguntzera joaten den eskoletako adibidea jarri zuen, urruntze hau islatzeko: “Ikastetxeei galdetzen diedanean ‘naturaz, zelan?’, guztiek, ‘oso gaizki’ erantzuten didate, ikastetxe gehienak hormigoiz inguratuak baitaude. Baina arakatzen hasten gara eta urrutiegi joan gabe aurkitzen dugu laranjaondo-zelai bat, baso bat; baratze bat, urmael bat… hori bai, guztiak burdinazko langaz inguratuak eta hesituak. Hain gaude urrun, oso garrantzitsua dela bernaturalizatzea”.

Amildegi hori eragin duena, Freireren ustez, munduarekiko ikuspegi antropozentrikoa da. Milla Moira lider maputxearen hitzekin azaltzen du Freirek gizonak naturaren gainetik jartzeak dakartzan ondorioak: “Gizona gainjarri zaio naturari, bera dago piramidearen goiko erpinean egoismoz eta materialismoz betea, dio Moirak; gizona sinetsita dago onena bera dela eta bere zerbitzura daudela gainerako izakiak, eta lider maputxeak dio munduaren ikuspegi antropozentriko honek antinatural bihurtu gaituela. Aldiz, kultura indigenentzat munduarekiko harremana ez da piramide itxurakoa, zirkulu baten itxurakoa baizik, non bizitza eta biosfera osatzen duten izaki guztiak elkarri lotuta dauden ezin bortxatuzko zirkulu batean”.
Naturarekiko ikuspegi sistemikoa eta konplexua berreskuratzea beharrezko ikusten du Freirek: “Naturan dena elkarrekiko harremanetan dago; Ozeanoetan baleak gutxitzeak zerikusia dauka errekan gora izokinen kopurua jaisten joatearekin… eskuetan dituzuen orriek hodeiekin eta ureztatzen dituzten zuhaitzekin… Natura sustengatzen eta zaintzen eta elikatzen gaituen izaki bizidun bat dela ulertu behar dugu”. Fritjof Capra, James Lovelock, Jane Goodall eta beste hainbat adituk bezala, “bizitzaren sarea” deitzen dio naturaren egiturari Freirek. “Bernaturalizatzeaz hitz egiten dugunean biozentrismo honetara itzultzeaz ari gara, gizakia berriro ere, berez eta naturaz dagokion leku horretan kokatzeaz”.

Eta hezkuntzak, Freireren aburuz, egiteko garrantzitsua dauka gizartea naturara gerturatzeko garaian: “Gaur eta hemen hezitzaileok esku hartu behar dugu zer-nolako gizakia hezi nahi dugun erabakitzerakoan, hezkuntza hori baita: gizakien bidelagun izatea, eta bidelaguntza hori norabide batean edo bestean egin dezakegu. Egin dezagun bidelaguntza bizitzaren sarean sartzeko gai izango diren gizakientzat, bizitza maitatuko duten gizakientzat”. Hizlariaren aburuz, une garrantzitsua da aurrean daukagun hau: “Gizateria naturatik aldentzen ari da, eta uste dut hezitzaileok geure jarrera argitu beharko genukeela puntu honetan”.

Zertaz ari gara ‘bernaturalizatzeaz’ ari garenean?
Heike Freirek filosofia maite du, eta hitzen benetakotasuna bilatzen du, filosofiak bezala. Beraz, bernaturalizatzeaz ari denean ez da ari eskola atarian zuhaitz batzuk landatzeari buruz. Bernaturalizatzeaz ari denean prozesu bikoitz bati buruz ari da Freire: “Gure lekua naturan aurkitzeaz ari gara; nirea, gurea, gure taldearena, gure eskolarena, gure familiarena, gure herriarena, gure hiriarena… orekarekin eta beste izakiekin harmonian bizitzaerekin zerikusia du prozesu horrek, humanizazioarekin eta antinatural izateari uztearekin lotura estua dauka. Baina natura geuregan aurkitzeari buruz ere ari da, eta prozesu horrek benetakotasunarekin, norbera izatearekin eta naturaltasunarekin dauka zerikusia”. Prozesuari ekiteko memoria baliatzea proposatzen du: “Guregan natura bilatzea memoria ariketa bat da, zein garen gogoratzea; gure askatasuna eta gure erantzukizuna berreskuratzeko memoria ariketa bat da”.

Bernaturalizatze-prozesuez hitz egiten du Freirek, eta bernaturalizatze hitzaren funtsa azaltzearekin batera, prozesu hitzean ere arreta berezia jarri zuen pedagogoak: “Esan dugu bernaturalizatzea ez dela ikastetxe atarian landareak jartzea, baina hori ere izan daiteke; banku batzuk jartzea ere izan daiteke eta ikastetxe inguruko zelai batera pixka bat ateratzea ere izan daiteke. Baina kontuan izan behar dugu horiek urratsak direla. Bernaturalizatze-prozesua oso luzea da, eta gero eta gehiago sakonduz joan daitekeen prozesua da, gainera, norbere lekua naturan bilatzeko prozesuan eta naturan norberagan bilatzeko prozesuan ere sakontzen joan daiteke. Baina, beti ere, prozesu gisa ulertu behar ditugu, maitasunak eta zaintzak gidaturiko prozesu gisa”.

Zaintza hitz-gakoa da, Freireren arabera, bernaturalizatzeprozesuetan. “Eskolentzako oso aberatsa da hain oinarrizkoa eta funtsezkoa den zaintza irakastea, eta haurrek beste izakiak zaintzeko aukera izatea”. Zaintza eskolako irakasgai garrantzitsuena izan beharko litzateke pedagogoarentzat, eta zaintzen ikasketarako animaliekin harremanetan izatea oso aberasgarria ikusten du.

Abiapuntua: hezitzaileen jarrera aldatzea
Hezitzaileak formatzen dihardu Heike Freirek, Pedagogia Berdeen Goi Mailako Ikasketak ematen ditu, eta bernaturalizatze-prozesuak gauzatu nahi dituzten ikastetxeei ere bidelaguntza eskaintzen die. Esperientziak erakutsi dio haurrentzako errazagoa dela bernaturalizatze-prozesuetan murgiltzea hezitzaileentzako baino: “Haurrek baino gehiago hezitzaileek eurek izaten dituzte arazoak edo erreparoak naturara murgiltzeko. Hezitzaileok garelako oinarria, pentsamendua eta kultura aldatu beharra daukagunak”. Hezitzaileen araberakoa izan daiteke haurrek basoan, zelaian edotako bestelako berde-guneetan har dezaketen jarrera. “Orain modan dagoela esan genezake haurrak naturara ateratzea, baina gero, zer-nolako irudiak ikusten ditugu? Naturan modu naturalean joka dezakegu, bai, baina maniobra militarrak ere egin ditzakegu naturan, beraz, bernaturalizatze-prozesuetan eta, oro har, naturara ateratzen garenean, gure jarrera, hezitzaileon jarrera zer-nolakoa den hausnartu behar dugu”. Haurrak naturara eramatea garrantzitsua da, baina garrantzitsua da, baita ere, zer egiten dugu han eta nolako bidelaguntza egiten duten hezitzaileek eta zer kultura transmititzen dieten haurrei. “Arreta berezia jarri behar dugu gure jarreretan, bizitzarekiko zaintza- eta maitasun-kultura bat landu behar dugu, haurren artean eraikitzen diren harremanetan arreta jarri behar dugu, nola antolatzen garen...” Bernaturalizatzeprozesuak naturan egotearekin bakarrik ez, izadian jarrera onarekin eta errespetuz egotearekin lotura duela zehaztu zuen Freirek: “Ingurune naturalean pertsona talde batek hartzen duen jarrera oso garrantzitsua da, askotan ikusten ditut haurrek hondatutako basoak edo gaizki trataturiko animaliak.... hezitzaileon ardura da kontsumo gizarte honetan hain zabaldua dagoen harrapakariaren kulturatik haragoko bestelako kultura gizatiarrago eta naturalago bat transmititzea haurrei”. Giltza hezitzailearen begiradan dago, Freirerentzat: “Haurrek naturara irtetean izan ditzakete hainbat zailtasun, hala nola, biofobia kasuak, euren artean erlazionatzeko arazotxoak, arriskuak neurtzen ez jakitea... baina gainditu daitezkeen arazotxoak izango dira, betiere hezitzailea modu natural batean haurren bidelagun izateko prest baldin badago”.

Hezitzaileek naturara irtetean sentitzen duten lehen ezintasunetako bat, Freirek ikusi ahal izan duenaren arabera, “eta orain zer egin?” izan ohi da. Horren aurrean, pedagogia berdeetako adituaren ustez, aldatu behar dena ez da eszenatokia bakarrik, ez da nahikoa gelatik basora edo zelaira ateratzea, baizik eta pentsamendu psikopedagogikoa da kanbiatu beharrekoa: “Nire ustez, akats bat da eskola barruko praktikak zalantzan jarri gabe eta bere horretan naturara ateratzea. Niretzat akats bat da matematikak harritxokien edo makiltxoekin irakastea naturan; akats bat da hango edo horko eskolan egiten dutena bere horretan hartu eta guk kopiatzea; bernaturalizatze-prozesuak singularrak eta bakanak direla diogunean, hezitzaileek eurek lehendabizi eta, ondoren, taldean hausnartu eta pentsatu behar dituzten prozesu eta ekintzei buruz ari gara”.

Praktika horiek naturara egokitzean hezitzaile bakoitzak zehaztuko ditu bere gida-lerroak. Freirerekin formatu diren irakasleek, kasu batzuetan, haurrekin partekatu nahi dituzten bizipenak lantzen dituzte aurrez, euren orientabide curricularraren arabera, edo haurren inguruko behaketa zehatzean oinarrituz eta haur bakoitzak banaka zein taldean dituen beharren arabera —izan behar sozial, emozional edo kognitiboa—. Beste bide bat izan daiteke gauzak gertatzeko aukerak uztea eta ondoren gertaturiko horretan bidelaguntza eskaintzea... “Baina gakoa hezitzaileak bere giza naturarekin eta bere benetako beharrekin konektatzea da, ondoren naturarekin konektatu eta haurren eta taldeen bidelagun izateko naturako espazioetan”. Konexioa bilatzeko, galdera bat pausatu zuen Freirek, hezitzaile bakoitzak bere buruari egin beharko liokeena: “Zer-nolako pertsonak nahi ditugu? Zer nahi duten badakiten pertsonak, osoak, erronkak onartzeko prest daudenak, soluzioak bilatuko dituztenak, sozialak, zaintzaileak? Hezkuntza- proiektu guztiak hemendik abiatu behar dira, eta ondoren aztertuko dugu balio eta lehentasun pedagogiko horiek nola gauzatu eta nola izan haur horien bidelagun”.

Naturara ireki eta naturarekin konektatzeko prozesuetan murgiltzeak, ezinbestean hezkuntza-ereduaz hausnartzea dakar, Freireren aburuz: “Hezkuntzaren alderdi kognitibista alde batera utzi behar dugu; haurra a idazteko gai den edo 2tik 5era zenbatzeko gai den pentsatzeri utzi eta ikusi ea zuhaitzera igotzen denean pozik jartzen den; nola erlazionatzen den kideekin; erronkei aurre egiteko gai den; maite dituen gauzekin harremanetan al dagoen...”. Heziketaren ikuspuntu holistikoa aldarrikatzen du Freirek: “Nik 25 urteotan ezagutu ditudan hezitzaile onenak euren ikasleak sistematikoki ikasle roletik ateratzen dituztenak izan dira, hezkuntza arduraz eta sormenez bizi duten hezitzaileak izan dira, hezkuntza bizitza bezain modu aktiboan ulertzen dutenak, ez han eta hemen ikastaroak egin eta pasiboki han eta hemen jasotakoa kopiatzen duten hezitzaileak”.

Bernaturalizatze-prozesuak ere ezin dira kopiatu, tokian toki bakanak eta bereziak dira, ez du balio beste ikastetxe batean edo beste toki batean egin den prozesua hartu eta bere horretan gurera ekartzeak, Freirek azaldu zuenez: “Talde bakoitzaren eta ikastetxe bakoitzaren izatea berreskuratzeari buruz ari gara, eta ikastetxe bakoitza oso desberdina da ondokoekiko. Ez du balio hondartegia edo eskalada-murrua hala edo hola jartzea, baizik eta prozesu hori modu bakan eta singularrean bizitzea da garrantzitsua”. Eta prozesu horretan, nabarmendu zuen pedagogoak, ez dago akatsik: “Norbera berez zer den bilatzeko prozesua ezin da oker egon”. Izatekotan, ikasteko aukera ematen duten huts-egiteak egon litezke: “Naturan akatsa ikasketa-prozesuko urrats bat besterik ez da; akaso, haur batek basoan txabola bat eraikitzen duenean, ba al dago akatsik?”.

Ikastetxeak bernaturalizatzeko prozesuetan murgiltzearen beste aberastasun bat, hizlariaren arabera, naturara gerturatzearekin batera hezkuntza-komunitateak batzen dituela ikustea da. Lehenik irakasle-taldea, Freirerentzat aldaketa oro taldetik abiatu behar baita: “Taldean dago indarra. Hezkuntza berrikuntzari buruzko ikerketa guztiek gauza bera esaten digute; berrikuntza taldearen baitan dago. Hori da benetan inporta duen gauza bakarra. Hezitzaile bakoitzaren banakako lana eta formazioa oso garrantzitsuak dira, bai, baina talde-kohesioa funtsezkoa da, adabakiak josten aritu beharrean, bidea elkarrekin jorratzea da garrantzitsua”. Eta irakasle-taldearekin batera, hezkuntza-
komunitatea. “Prozesu hauetan familiak ez daude alde batean eta hezitzaileak bestean; harremanak estutu egiten dira familien eta hezitzaileen artean, baina baita inguruko komunitatearekin, nekazariekin, baserritarrekin, elkarteekin eta abarrekin ere eta, zer esanik ez, eskola ingurura etortzen diren izakiekin, txoriekin, intsektuekin… Ikasketa eta deskubrimendu-prozesu bat da guztientzat”.

Prozesu hauek zaintzak eta maitasunak gidatzen dituela esan zuen hasieran Heike Freirek, baina hitzaldiaren amaieran gehitu zuen ametsak eta irudimena direla benetako gidari: “Elkartzen gara eta gauzak pentsatu eta amesten ditugu, eta ondoren egin egiten ditugu”.