Hezkuntza Sailak Oinarrizko Curriculum berria aurkeztu du

2007-05-11

Datorren ikasturtean abian jarriko da Tontxu Camposek asteazkenean Lakuan aurkeztutako curriculum berria, EAEko Lehen eta Bigarren Hezkuntzan. Hezkuntza eragileek, edukiak aztertzen dihardute eta batzuk hasiak dira euren balorazioak egiten. Hainbat eragile ez daude ados Curriculumarekin ez duelako Euskal Herri osorako balio.

 
 

Sortzen Ikasbatuaz elkarteko Juan Karlos Aretxabaleta lehendakariak gogoratu du Sortzen- Ikasbatuaz, Udalbiltza, Ikastolen Konfederazioa eta beste eragileren artean Euskal Curriculuma egiten ari dela eta Jaurlaritzak, hasieran, prozesuarekin bat egin zuela. “Orain norabide-lema aldatu da, konplexuak edo bestelako presioak direla eta. Euskal Herrian egiturazko arazoa dago, eta horri egiturazko neurriekin egin behar zaio aurre. “

Bestalde, EHBEk Lakuak “iruzurra” egin nahi duela salatu zuen atzo. Gasteizen eginiko prentsaurrekoa udaberrian eta udazkenean egin ohi diren hezkuntza jaietan parte hartzeko deia egiteko zen, baita jai horien antolatzaileen lana txalotzeko ere. Baina asteazkenean Camposen agerraldiaren ostean, beharrezkotzat jo zuten iritzia azaltzea. “ Iruzurra egin nahi diote Euskal Herri osoko hezkuntza komunitateari” esan zuten EHBEko Ibai Redondok eta Edurne Larrañagak. “Tontxu Camposek Euskal Curriculum gisa aurkeztu zuena ez da Euskal Curriculuma, EAErako curriculum dekretua da”.

Kristau Eskolak ostera, nahiz eta eduki guztiak aztertu ez dituzten, “aurkeztutakoaz balorazio baikorra egiten dutela” esan dute. Konpetentzietan oinarritutako egitura, hizkuntzen tratamendua edota aniztasunaren trataera “egokiak” iruditu zaizkiola aipatu du Aitor Bilbao Kristau Eskolen Federazioko zuzendari nagusiak.

Hezkuntza Sailak aurkeztu duen Curriculumaren zirriborroa ezagutzeko, jo dokumentu interesgarrietara edo klikatu lotura.