Orkoienen D ereduko lehen bi gelak aurten

2007-06-14

Gobernuak jakinarazi zuen atzo, D ereduko lerroa zabalduko dutela Orkoienen. Nafarroako eremu mistoan euskarazko lerrorik ez zuen herri bakarra zen eta zazpi urtean ibili dira bertako gurasoak D ereduaren eskean.

 
 
Orkoienen D ereduko lehen bi gelak aurten

Orainarte, Sanduzelaiko (Iruñea) eskolara joan dira Orkoienen euskaraz ikasi nahi zuten haurrak. Aurten, 36 haurren gurasoek egin dute aurrematrikula, eta matrikula amaitzeko 10 egun falta zirenean, gobernuak albistearen berri eman die gurasoei. Izan ere, aurten, Sanduzelaiko eskolan gainezka daude esukarazko ereduan. Orkoieneko haurrak zuzenean sartu daitezke Sanduzelaiko eskolara, hortaz, familia guztien artean zozketa egin zuten eta Sanduzelaiko haur batzuek beste auzo batean matrikulatu beharko ziren. Orkoienen bi gela hauek ireki ostean, arazo hori konponduko da.

Herrikoa Nafarroako Ikasleen Guraso Elkarteetako Federazioak, dena den, gobernuko Hezkuntza Sailaren jarrera salatu zuen atzo, zenbait ikastetxetan D ereduarekin arazoak izaten ari direla esanez. Eskolak gainezka daude, eta hauen iritziz, zerbitzuak ere eskasak dira. Antsoainen kasuan, 107 haurrek egin dute aurrematrikula eta soilik 100entzat dago lekua.

Orkoieneko 3 urtekoentzako gela berrietara Oltzako, Etxauriko eta haraneko beste haur batzuek ere joango dira.