Euskal Autonomia Erkidegoan haur eskoletako ordezkapenen inguruan neurriak hartzen ari dira

2007-06-21

Haur eskoletan lan egiteko ordezkoen lan poltsa bat beteko da eta horiei urtebeteko kontratua eskainiko zaie. Ordezko horiek ordezkatze laburrak egingo dituzte leku desberdinetan.

 
 

PPko legebiltzarkide Iñaki Oiartzabalek Hezkuntza Sailak aurreikuspen falta izan duela esan zuen. Aurten, hainbat haur eskola itxi behar izan dituzte, itxuraz, ordezkorik ez zegoelako.

Atzo, Maite Larrañaga Haurreskolak Partzuergoko gerenteak azalpenak eman zituen Legebiltzarrean. Arazo “berezia” izan dela esan zuen, Aste Santu aldera “langileek uko egin ziotelako ordezkatze laburrak egiteari”. Larrañagak neurriak sindikatuekin batera hartuko zirela esan zuen.

Bitartean, Legebiltzarraren aurrean LAB sindikatuak elkarretaratzea egin zuen, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari 0-3 urte arteko hezkuntzaren erantzukizuna hartzeko, langileen baldintzak hobetzeko eta baliabide gehiago eskatzeko. Proposamen zehatzak ondorengoak dira: hezkuntzan eta bereziki 0-3 zikloan diru gehiego inbertitzea, haur eskolek egutegi bera izatea tokian tokiko jaiegunak errespetatuaz, Lanbide Heziketatik eta irakasle eskoletatik ateratzen diren Haur Hezkuntzako espezialista guztiak elebidunak izatea, ziklo horretarako eredu profesional bakarra sortzea (lan baldintza berberak izango dituena), planifikazio erreala egitea eta lan eskaintza publikoa egin bitartean % 10 langile gehiago kontratatzea.