HELSINKIRI BURUZ INFORMAZIOA

2007-10-22

 
 
HELSINKIRI BURUZ INFORMAZIOA

HELSINKI HIRIA

Helsinki (finlandieraz) edo Helsingfors (suedieraz) Suomiko hiriburu ofiziala da eta itsaso Baltikoaren kostaldean kokaturik dago. Uusimaa izeneko eskualdearen parte da eta herrialdeko hiririk populatuena da (562.570 biztanlerekin). Inguru metropolitarrak Espoo, Vantaa eta Kauniainen udalerriak ere bere baitan hartzen ditu, guztira ia milioi bat biztanle jasoz.

Europako hiri modernoa eta gaztea da Helsinki, urtaroaren arabera eskaintza erabat
aldatzen duena. Erritmo bereziko hiria da, lasaia, motela eta patxadazkoa.

Helsinkiko hiriari buruz historia apur bat

1550. urtean sortu zuen Suediako Gustav Vasa erregeak, Vantaa ibaiaren ahoan,
Tallin-en (Estoniako hiriburua, orduan Reval-eko hiria) etsai gisa. Bere sorreran pobrezia, miseria, gerrate eta gaixotasunez beteriko herria zen. Denbora luzez, kostaldeko herrixka xumea izan zen, garrantzia berezirik gabekoa. Itsaso Baltikoko inguruneko portuak indarra kentzen zioten Helsinkiri.

1700. urtean Suomenlina itsas gotorlekua eraiki zen, orduan Sveaborg izenekoa, eta hiria biziki indartu zuen. Errusiak Finlandiar gudan Suedia garaitu zuenean, hiria nabarmenki aldatzen hasi zen.

Suediar eragina gutxitzeko xedez, Errusiar Zar Alejandro lehenak, Finlandiar hiriburua Turku hiritik Helsinkira pasa zuen. Unibertsitatea bera ere bertara pasa zen eta aldaketa hauek eragin itzela izan zuten hiriarengan. Hurrengo hamarkadetan hazkuntza eta garapen handia izan zuen hiriak, industrializazioaren eta trenbide sarearen eraginez besteak beste. Aldaketa hauek erdigunean ederki islatzen dira, hori estilo neoklasikoan berreraikia dagoelarik.

1918ko Finlandiar gerran, Helsinkiko jende asko Goardia Gorriaren esku gelditu zen, Finlandiako hego-ekialdeko beste askoren tankeran. Alemaniarren laguntzaz, Finlandiako Goardia Zuriak Goardia Gorriaren aurka garaipena lortu zuen. Atxilotuetako asko eta asko preso sartu zituzten, eta Suommenlinna Helsinkiko uhartean sortu zen Finlandiako presondegirik handiena.

Gerra zibilak nabarmenki eragin bazuen ere, hurrengo hamarkadetan suomitarren bizitza kalitatea eta hiriburua bera ere etengabe hazten joan ziren.

1939-1940 arteko neguko gerratean eta 1941-1944 arteko gerratean, Helsinki indar sobietarrek erasotu zuten. Hiria kaltetu bazen ere, Europako beste herrialde batzuekin gonbaratuz ez zen hainbesterainokoa izan, aire-babesari esker batez ere.

XX. mendean garai luzez sasoi bortitzak bizi izan arren, hiriak hazten eta garatzen jarraitu zuen. 1979. urteko hirigintza modernoak metropoliaren biztanleriaren kopurua hirukoiztu zuen eta hurrengo urteetan izugarrizko hazkuntza bideratu zuen.

Egun Helsinki Europako hiri modernoenetarikoa kontsideratzen da.
Politikari dagokionez, Nazio koalizio alderdi kontserbadorea (kokoomus) da buru eta azken urteetan bigarren indarrak Sozialdemokratak eta Berdeak izan dira, elkar txandakatuz.

Helsinki zenbakitan
- 1550 sortu zuten
- 1812az geroztik Finlandiako hiriburua da
- Biztanleak: 560.000 biztanle inguru (1,2 milioi t’erdi Helsinkiko metropoli-barrutian)
- Suomiera: %86
- Suediera: %6
- Beste hizkuntza batzuk: %8
- Kanpoko biztanleak: %5,5
- Azalera: 686 km koadro
- Itsasertza: 98 km
- Irlak: 315
- Museoak: 78
- Bataz besteko tenperaturak:
Urte osoan: 6,6 gradu
Hilabeterik epelena: uztaila. 19, 2 gradu
Hilabeterik hotzena: otsaila. -5 gradu

Finlandia zenbakitan
- 1917an lortu zuen independentzia
- Azalera: 338.000 km koadro
- Polulazioa: 5,2 milioi biztanle
- 1995az geroztik Europako Batasuneko kide
- Moneta ofiziala: euroa (2002az geroztik)

BISITATZEKO LEKU INTERESGARRIAK

Helsinki ezagutzeko erarik onena, oinez ibiltzea dela diote, baina autobusa, tranbia, trena eta metroa ere eskura izango ditugu.

Erdialde historikoa

XVII. mendean Senatuaren plazan zeuden merkatua, udaletxea, eliza eta hilerria. 1812. urtean, Errusiako enperadoreak Helsinki Finlandiako hiriburu izendatu zuen eta plaza horren inguruan balio estilistiko handiko erdialde eraikitzea agindu zuen.

-Katedrala. Hau da Finlandiako eraikinik ezagunena. 2002an ospatu zuen bere 150. urteurrena.

Ordutegia: egunero 9-18.

-Senatuaren plaza. Senatuaren plazaren ingurua Carl Ludvig Engelek diseinatutako eraikin neoklasiko batzuek osatzen dute:

-Estatuaren kontseilua

-Unibertsitatea

-Liburutegi Nazionala

-Udaletxea eta inguruak. XX. mendearen hasiera arte inguru hau komertziorako eta bizitza sozialerako gunea izan zen. Gaur egun udaletxe inguruan dauden eraikinetan administrazioko langileek egiten dute lan.

-Helsinkiko Udal Museoa. “Helsinki zerumugan” erakusketak 450 urtean zehar hiriak izan dituen hainbat etapa erakusten dizkigu. Sofiankatu kale-museoak XVIII. mende amaieratik 1930 arteko hiriko dekorazioa eta lurra erakusgai ditu.
Ordutegia: astelehena ostirala 9-17. Larunbata eta igandea 11-17.

-Merkatuko plaza. Bertan egiten da Helsinkiko merkaturik entzutetsuena. Postuetan espezialitate tradizionalak, artisautza produktuak eta oroigarrak saltzen dituzte. Ordutegia: astelehena-ostirala 6:30-18:00. Larunbata 6:30-16.

-Merkatu zaharra. Janari ona dastatzeko leku aproposa da. Sushitik hasi eta espezialitate laponiarretaraino, denetik dasta daiteke bertan.
Ordutegia: astelehena-ostirala 8-18. Larunbata 8-16.

-Helsinkiko irlak ezagutzeko untziak hemendik ateratzen dira.

-Havis Amanda. Merkatuko plazan dagoen brontzezko iturria da. Ikasleek estatua garbitzen dute eta buruan txapela ipintzen diote urtero, maiatzaren 1aren bezperan. “Manta” izenez ezagutzen da festa hori.

-Turismo bulegoa

-Esplanadi pasealekua. Helsinki erdialdean topatuko dugu parke hau.

-Presidentearen jauregia. Bisita gidatuak egin daitezke.

-Uspenskiko katedrala. Mendebaldeko Europako katedral ortodoxorik handiena da. Adreilu gorriz egina dago eta urre koloreko kupulak ditu. Finlandiako historian errusiarrek izandako eraginaren erakusle da.
Ordutegia: asteartea-ostirala 9:30-16. Larunbata 9:30-15. Igandea 12-15.

-Honez gain, Suomenlinna uhartea bisita daiteke. Hau itsas gotorlekua da, munduan daudenen artean handienetarikoa. Helsinki pareko irla batean eraiki zuten XVIII mendean. 850 biztanle bizi dira bertan. Itsasontzia hartuta, 15 minututan han egon gaitezke.

Erdialdea eta Kamppi

-Ateneum. Arte Ederretako Museoa. Finlandiako galeria nazionaltzat hartzen da. Herrialdeko arte bildumarik garrantzitsuena du. 1750tik 1960ra bitarteko lanak ikus daitezke.
Ordutegia: asteartea-ostirala 9-20. Larunbata eta igandea 11-17.

-Tren geltokia. Hiriko eraikin ospetsuenetako bat da. Nazioarte mailan ere garrantzia handia du.
Ordutegia: egunero zabalik 5-1:30.

-Postetxea eta Postaren Museoa.
Ordutegia: astelehena-ostirala 9-18. Larunbata eta igandea 11-16.

-Kiasma. Arte garaikidearen museoa. Finlandiako eta nazioarteko lanak ikus daitezke museo honetan. Pintura, arte espaziala eta argazkilaritza lanak aurkituko ditugu. Auditorioan dantza garaikidea, antzerki esperimentala, kontzertuak eta multimedia ikuskizunak eskaintzen dituzte.
Ordutegia: asteazkena-igandea 10-20:30.

-Museo historiko nazionala. Historiaurretik gaur egun bitartean finlandiar herriak bizi izan dituen etapak ezagut daitezke bertan.
Ordutegia: asteartea-asteazkena 11-20. Osteguna-igandea 11-18.

-Kristalezko jauregia.

-Kamppiko merkatal gunea. Gune turistiko eta komertzial modernoena da, dendak, jatetxeak… daude.
Ordutegia: astelehena-ostirala 9-21. Larunbata 9-18.

-Tenis jauregia. Zinema edo arteaz gozatzeko aukera dago bertan, baita kafetegi eta jatetxe ezberdinak bisitatzeko aukera ere. Hemen daude Arte Ederretako Udal Museoa eta Kulturen museoa.

-Arte Ederretako Udal Aretoa. Arte garaikidea, diseinua eta arkitekturako erakusketak ikus daitezke. Urria eta azaroan Fortum Arete Fundazioaren erakusketa izango da ikusgai.
Ordutegia: astearte, ostegun eta ostirala 11-18. Asteazkena 11-20. Larunbata eta igandea 12-17.

-Temppeliaukio eliza. Harkaitzetan egindako eliza da eta Helsinkin gehien bisitatzen den lekuetako bat. Mezak emateaz gain, kontzertuak ere ematen dituzte bertako akustika egokia aprobetxatuz.

-Parlamentua. Astearte eta ostiraletan publiko gisa joan daiteke plenoetara.

Töölönlahti
Parke hau Helsinkiko bihotzean dago. Linnunlaulun egurrez egindako etxe handiak ikusi ahal izango ditugu.

-Finlandia etxea. Kongresu eta kontzertuetarako gunea da.

-Finlandiako opera nazionala. Opera, balleta eta dantza garaikidea ikus ditzakegu.

-Estadio olinpikoa. 1952an egin ziren bertan Joko Olinpioak. Munduko estadio olinpiko politenen artean dago.

-Negutegia. Helsinkiko udal negutegiak 200 espezie baino gehiago biltzen ditu, baita palmerak edota pinuak ere.

-Linnunlaulu. Egurrezko etxe politak ikus daitezke bertan.

-Sibeliusi monumentua. Taka-Töölöko parkean topatuko dugu monumentu hau.

-Seurasaari. Irla hau oso ezaguna da. Museoa da bere osotasunean eta finlandiarrak lehen nola bizi ziren ikus daiteke; egurrez egindako etxeak, lehengo moduan jantzitako aktoreak… Autobusez 15 minutuko bidea eginda irits gaitezke, baina oinez ere ez dago oso urruti.

Sauna

Finlandiara joanez gero, interesgarria da sauna publikoak ezagutzea. Gizonezkoenak eta emakumeenak banatuta daude. Hotelean sauna izango dugu, (Finlandiako etxe eta hotel guztietan daude saunak) baina elektrikoa. Sauna publikoak egurrarekin berotzen dira oraindik.

Erosketak egiteko…

Diseinu finlandiarreko produktuak eta bertako janari eta gozoak dira gehien eskatzen direnak.

Denda txikien ordutegia:
Astelehena-ostirala: 10-18
Larunbata: 10-14.
Biltegi eta merkatal gune handien ordutegia:
Astelehena-ostirala: 9-21
Larunbata: 9-18
Igandea: 12-18 (azarotik abendura).

Kale komertzial garrantzitsuenak Aleksanterinkatu, Pohjoisesplanadi, Eteläesplanadi eta Mannerheimintie dira.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo ondorengo web guneetara.

Web orri interesgarriak

www.visitafinlandia.com
www.visithelsinki.fi