Euskal Herria izena duen hizkuntza eta kultur errealitatea badela esan dio Miren Azkaratek Nafarroako Gobernuari

2007-11-28

Nafarroako Gobernuak EAEko oinarrizko curriculuma ezartzeko auzi helegitea jarri ostean, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Miren Azkaratek dio, “gehiegizkoa dela EAEko curriculuma Nafarroako Foru Komunitatearen eskumenean esku sartzen dela” esatea. Izan ere, “zalantzarik gabe arrazoitu daiteke Euskal Herria izena duen hizkuntza eta kultur errealitatea izan dela historian, eta badagoela gaur egun ere”, dio bozeramaileak.

 
 

Nafarroako gobernuak dekretuaren aurka egin du, dekretu horrek “Euskal Herriko ikuspegi propioan oinarrituz, ikuspegi global, plural eta irekia eraiki nahi du, bere eremutzat Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa beherea, Nafarroa eta Zuberoa jasotzen” dituelako. “Legez kanpokoa” eta Espainiako Konstituzioaren aurkakoa dela esan zuen UPN eta CDNren gobernuak, Nafarroako Foru komunitatearen eremuan esku sartzen dutela argudiatuta.

Azkaratek, ostera, Espainiako konstituzioaren irizpideak gogoratu ditu helegitea jartzean emandako argudioak kontrajartzeko. Behin behineko laugarren xedapenak dio autonomia erkidegoek bestelako komunitateak sortu ditzaketela kultura irizpideak direla medio. Horrez gain, Europak ateak zabalik uzten ditu hizkuntza eta kultur komunitateentzat, eta “ ez da itsutzen edozeren gainetik mugak ipintzera”.