Eusko Jaurlaritzaren Bake Hezkuntzako planak "indarkeriari zilegitasuna kentzea" izango du xede

2008-01-07

Giza eskubideetan eta Bakean oinarritutako Hezkuntza Plana onartua izan zen abenduaren 26an eta xehetasunen berri eman zuten Joseba Azkarraga Justizia sailburuak, Tontxu Campos Hezkuntza Sailburuak eta Jon Mirena Landa Giza eskubideetako zuzendariak. Aurkezpenean, Bake planaren helburua “indarkeriari zilegitasuna kentzea “ izango dela aipatu zuten.

 
 

Planak, eskoletan zein eskolaz kanpo garatzeko 90 jarduera garatuko ditu lau urtetan zehar. Hori aurrera eramateko ia 6,5 milioi euro erabiliko ditu Jaurlaritzak 2011 urtera bitartean.

Irakaskuntzaren alorrean, Elkarbizitzan, Bakean eta Giza Eskubideetan Hezi izeneko programa garatuko da datorren ikasturtetik aurrera, eta Campos Sailburuak dioenez, Ikastetxeetan “indarkeriaren kultura” gainditzeko apustua egin nahi da. Datorren ikasturtean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetan zein itunpekoetan bake eta giza eskubideen ikasgaia martxan egongo da, eta Lehen eta Bigarren Hezkuntzan eskainiko da.

Datozen lau urteetan eskainiko diren ekintzen artean, EAEko Elkarbizitza Behatokia sortzea, Elkarbizitza Plana lantzea eta Elkarbizitza Behatokia ikastetxeetan sortzea, irakasle eta langileak trebatzeko kudeaketa unitate pedagogikoa sortzea eta bakean hezteko unitate didaktikoak sortzea aurrikusten dira.