130. alea eta beste hainbat kontutxo

2008-04-18

Atzo aipatu bezala, urtero uztailean ateratzen den alea aldatuko dugu aurten. Aurten, ikasturtean zehar egiten dugun ohiko atalen egitura mantenduko dugu modu batean. Ez da kronikarik ezta berririk egongo, baina gutxi gorabehera, elkarrizketa nagusia, ekarpenak, galdeidazue, atzeko atetik eta beste atal batzuk izango dira, baina ikastaroen edukiak oinarri izanik. Adibidez, elkarrizketa emaile bati egingo zaio, gaia ikastaroren batean landuko den gaien baten inguruan eta abar.

Monografikoei dagokionez, aurreko alearekin “bizikidetza lantzen heziguneetan” banatu genuen. Ekainean, Iruñean otsailean burututako “Elebitasunetik eleaniztasunera” jardunaldietan jasotako edukiekin beste monografiko bat aurkeztuko da. Ikasturte hasieran Finlandiako hezkuntza sistemari buruzko monografikoa kaleratuko da eta horren ostean, Irune Ibarraren ekarpenari esker idazketari buruzko monografikoa.

Proiektu berriak ere aipatu dira, hala nola, herrietarako proiektuei dagokionez, Oreretan egin den bezala, Villabonan eta Hondarribin berriki martxan jarri diren aurreproiektuak.

Bestalde, aipatu genuen, Reggio Emiliari buruz urrian argitaratu genuen monografikoa gaztelerara itzultzeko baimena eskatu digutela. Gurekin bidaiara etorri ziren Santanderreko unibertsitateko bi kidek, monografikoaren inguruan entzun dutenaren ostean baliagarri ikusten dute hori gaztelerara itzultzea. Elkartu eta hitzegin ostean, horretarako intentzio garbia erakutsi duten arren, une honetan gaia geldituta dago.