Pirritx eta Porrotxen ikuskizuna euskarazko hezkuntzaren alde

2008-05-12

Euskal Herriak Bere Eskolak abian duen Herriz herri, egunez egun, urratsez urrats… Hezkuntza Sistema Nazionala kanpainaren barruan, Pirritx eta Porrotx pailazoen ikuskizuna izan zen larunbatean Oreretan. 1500 lagun bertaratu ziren Pailazoez gozatu eta EHBEren aldarrikapenak entzuteko.

 
 
Pirritx eta Porrotxen ikuskizuna euskarazko hezkuntzaren alde

EHBEk, ekitaldian, Euskal Herriko haur gehienei Pirritx eta Porrotx ezagutzea “ukatu” zaiela salatu zuen, “XXI mendean Euskal Herrian ikasle gehienak (%66) derrigorrezko hezkuntza bukatzean, 16 urterekin, ez dutelako euskara menperatzen”. Taldearen iritziz “administrazioak euskaraz bizitzeko eskubidea ukatu egiten dute”, eta horren arduradun egiten ditu besteak beste Euskararen Erakunde Publikoa, Nafarroako Euskararen Institutua eta EAEko Hezkuntza Saila.

Euskal Herriak Bere Eskola herri ekimenak apirilean abian jarri zuen kanpaina Hezkuntza sistema nazionalaren aldeko aldarrikapena egiteko eta horretarako, hainbat herri eta ikastetxetan ekimenak antolatu dituzte, eta ikastetxeentzat eta aisialdiko taldeentzat unitate didaktikoa osatu dute. Era berean, erakusketa dinamikoa ikusteko eta argazki bidezko atxikimendua egiteko aukera ere izango da maiatzaren 30 bitartean.

Oreretako ikuskizunean, manisfestazio deialdia gogoratu zuten EHBEko kideek. Maiatzak 30ean, arratsaldeko 18.00etan autobus geltoki zaharretik manifestazioa egingo da, “Aski da!” lemapean.