Jende ugari hurbildu zen Takonerara, euskal eskola publikoaren aldeko jaira

2008-05-19

Iruñeako Takoneran Sortzen-Ikasbatuazek antolaturik euskararen alde eta kalitatezko eskola publikoaren alde egiteko prest haur, gazte, irakasle eta heldu ugari izan ziren igande pasa.

 
 
Jende ugari hurbildu zen Takonerara, euskal eskola publikoaren aldeko jaira

Azkenean euririk ez zuen egin eta ederki atera zen Iruñeako Takonera, Antoniutti eta Vista Bella guneetan antolatutako festa. Goizeko 11.00ak inguruan egin zen festaren inaugurazioa, eta bertan, Rikardo Ederra, Marije Fullaondo eta Juankar Aretxabaletari omenaldia egin zitzaien, hiruei Sortzen-Ikasbatuazen alde eginiko lana eskertuz.

Ostean, Biurdana institutoko Fernando Mendiola irakasleak hitz egin zuen, eta 60`hamarkadan Euskal Herriko hainbat lekuetan langile euskaldunak eta erdaldunak bizi zuten egoera eta egun eskola euskaldun eta erdaldunetan ematen den egoera alderatu zituen, nolabaiteko parekotasunak ere bilatuz. Nafar agintariak ezartzen ari diren ingeles ereduko eskolak ere izan zituen hizpide.

Festa leku oro jendez beterik zen eguerdirako, eta txikienen guneak bete beterik zeuden. Txikienak gustura ibili ziren bai Pirritx eta Porrotxen ikuskizunean eta bai Kiki, Moko eta Flax Iruñeako pailazoen ikuskizunean ere. Gazteentzako gauza ugari izan ziren, eta Fermin Balentziagako ikasleek, Aitor Ikastolako koruak eta Hedapen Ikastolako dantzariek alaitu zuten bazkal osteko tartea.

Hasierako ekitaldian, Biurdana ikastetxeko ikasleek, Ezkaba eskolako kideei pasa zien testigua, berauek izango baitira datorren ikasturteko festa antolatzeko arduradun.