200 lagun protestan Beasainen

2008-05-28

Beasaingo Alkartasuna Lizeoko Guraso Elkarteak antolatuta, atzo elkarretaratzea egin zen ikastetxearen aurrean. Beasaingo herritarrek sortutako Alkartasuna lizeoa, ikastetxe publiko bihurtu zen duela 12 urte, Alkartasuna lizeoa ikastolaren nortasuna, hezkuntza proiektua eta kokapena mantentzeko baldintzarekin. Elkarretaratzean, alde batetik, 12 urte horietan Hezkuntza Sailak hitzartutakoa bete ez duela salatu nahi zuten, urte horietan guztietan ez baitu “inolako egokitzapenik ezta oinarrizko berrikuntzarik” egin. Eta batez ere, Eskola Maparen ordenazioaren harira ikastetxeko ziklo batzuk kendu nahi direnaren beldurrez, kalera ateratzea erabaki dute hainbat eta hainbat familiak.

 
 

“Alkartasuna Lizeoaren hezkuntza proiektuari DBH osoa kenduko liezaioke dekretuz Beasaingo gainontzeko ikastetxe publikoekin uztartzeko, eta bestetik, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza osoa Beasaingo gainontzeko ikastetxe publikoekin uztartzea proposatu du Hezkuntza Sailak”, diote Alkartasuna Lizeoko gurasoek.

Lizeokoen arabera, gurasoen %85 Hezkuntza Sailaren asmoen aurka azaldu da. Asteartean Hezkuntza Saileko arduradunekin biltzekotan ziren baina ordezkariek bilera bertan behera utzi zutenez, ordu berean elkarretaratzea gauzatzea erabaki zuten.