Euskal Eskola Publikoaren jaia Barakaldon

2008-05-30

Igande honetan, ekainak 1, euskal eskola publikoaren aldeko17.jaia egingo da Barakaldon, EHIGEk (Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartea) antolaturik. “Ekiozu Euskal Eskola Publikoari” lelopean antolatutako jaia goizeko 11etan hasiko da eta gaueko 8retan amaituko da Herriko Plazan ospatuko den erromeriarekin.

 
 

Ekiozu Euskal Eskola Publikoari leloarekin hasi, eta ekologiari, elkarbizitzari, kulturartekotasunari, elkartasunari eta lankidetzari, euskarari eta euskal kulturari ekiteko asmoz azaldu dira antolatzaileak. Lau gunek osatuko dute jai-esparrua: Herriko Plaza, Los Fueros Pasealekua, Los Hermanos Parkea eta San Vicente Parkea. Gainera tailerrak eskainiko dira Lorategi Botanikoan, ibilbideak itsasadarretik eta bisitaldiak Larrazabal eskola-museora. Haurrentzako gunea eta kirolgunea izango dira San Vicente parkean. Gazteentzako kontzertuak Los Hermanos Parkean ospatuko dira. Herriko Plazan Tapia eta Leturiaren kontzertua, erromeria, informazio eta salmenta postuak izango dira. Foruen Pasealekuan tailerrak, jolasak eta GKEen informazio postuak izango dira.