Ikasle guztiak eskolan hasi dira

2008-09-08

Irailaren bigarren astea iritsi da eta horrekin batera Euskal Herriko ikasle gehienek eskolarako bidea hartu dute gaur. Guztira, 284.000 ikasle hasiko dira gaur eskolan; 84.000 Nafarroan eta gainerakoak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

 
 

Joan den astean Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ikasleentzat amaitu ziren oporrak, eta gaur Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako ikasleak gehitu zaizkie egunerokora. Oraindik badira, ordea, oporraldia egun batzuez luzatuko duten ikasleak eta Batxilergoko eta Lanbide Heziketako zenbait ikasle astean zehar hasiko dira eskolak jasotzen. Beranduen hasiko direnak, berriz, datorren astelehenean, hilaren 15ean hasiko dira.  

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 16 urte arteko ikasleen herenak D ereduan ikasiko du ikasturte berrian (%65), %28k B ereduan ikasiko du eta gainerakoak, %7k A ereduan arituko dira. Hiru herrialdeotan hizkuntza plan berriari egin beharko diote aurre ikasturte honetan, izan ere, eredu bakarra ezarri eta ikasleek edukien %60 euskaraz jasoko dituzte. Urritik aurrera aurkeztuko du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ikasteredu bakarraren inguruko lege egitasmoa Eusko Legebiltzarrean. Nafarroan, berriz, TIL (hizkuntza tratamendu integratua) delako ereduak zeresana ematen jarraituko du, izan ere, irakaskuntza arloko hainbat eragilek informazio falta salatu dute.