Hizkuntz ereduen gainean PSE-EEk duen jarrera salatu du Eusko Jaurlaritzak

2008-09-19

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak desengainua hartu du PSE-EEk hizkuntz ereduen gaineko eztabaidan hartu duen jarrerarekin. Hezkuntza Sailak ohar bidez salatu duenez, Isabel Celaák gidatutako batzordeak ez du oraindik proposamenik egin, eta ereduen erreforma hauteskunde gai bihurtu du.

 
 

Izan ere, PSE-EEk adierazi du, hezkuntzak ezin duela euskararen mende egon eta hizkuntza ereduen erreformarako lege egitasmoa “zuzendua eta inposatzailea” dela. Era berean, proiektuaren helburu bakarra euskararen ezagutza dela eta populazioaren % 80k ama hizkuntza gaztelania duela kontuan hartzen ez duela esan du Celaák. Euskara eta gaztelania lehentasunezko hizkuntzak direla ziurtatu beharko litzateke PSE-EEren iritziz, eta ingelesaren erabilera ere, bermatu beharko litzateke.

Hezkuntza Sailak jakinarazi du, akordioa lortzeko lanean jarraituko duela eta marko hirueledun bateranzko pausoak ematen segiko duela.