Hizkuntza ereduen erreforma eskasa dela uste du LAB sindikatuak

2008-10-09

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak abian jarri duen hizkuntza ereduen erreformak zeresana ematen jarraitzen du. LAB sindikatuaren iritziz, osagai interesgarriak dituen arren, erreforma ez da nahikoa hurrengo belaunaldien euskalduntzea bermatzeko.

 
 

LAB sindikatuaren ustez, hizkuntza eredu bakarra ezarri beharko litzateke eta derrigorrezko eskolaldia amaitzerakoan, ikasleek B2 maila izan beharko lukete. Hezkuntza Sailarekin ere elkarlanerako konpromisoa duela argi utzi du LABek, baldin eta benetan euskalduntzeko balioko duen proposamen bati heltzeko prest badaude.

EHBEk elkarretaratzea egin zuen atzo
Euskal Herriak Bere Eskola herri ekimenak, bestalde, elkarretaratzea egin zuen atzo Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren aurrean eta hizkuntza ereduen erreformaren inguruan duten iritzia ezagutaratzeko gutuna eman zioten Tontxu Campos, Hezkuntza sailburuari.