Mila lanpostuko lan eskaintza egingo du Hezkuntza Sailak

2008-11-06

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak agindu duenez, datorren urtean mila lanpostu baino gehiagoko eskaintza publikoa egingo du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; zehazki 1.081 lanpostu eskainiko dituzte. Horietatik 1.051, Haur Hezkuntzarako eta Lehen Hezkuntzarako izango dira eta gainerakoak, 30, Hezkuntza Ikuskaritzarako. Lan eskaintza publiko hori 2010. urtean 3.000 lanpostu egonkor izateko konpromisoaren barruan kokatu du Tontxu Campos Hezkuntza sailburuak.

 
 

2009. urterako 2.625 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du Camposek, aurtengoa baino % 7,41 gehiago, eta Euskal Autonomi Erkidegoko aurrekontu guztiaren laurdena hartuko du hezkuntzara bideratutakoak. Azpiegituretarako inbertsioa handituko dute, eta aniztasunari arreta eskainiko diote. Era berean, eleniztasuna bultzatzeko asmoa du Jaurlaritzak. Irakasleen hizkuntza prestakuntzarako milioi bat euro bideratuko dute, erdia sare publikorako eta beste erdia itunpeko ikastetxeetarako. Gainera, eskola publikoetan hiru urte arteko haurrentzat mila plaza berri sortzeko asmoa agertu du Camposek eta Hezkuntzaren Euskal Sistemaren Legea garatzeko 100.000 euro erabiliko ditu Hezkuntza Sailak.