Camposen proposamen berrituak ez ditu hezkuntza eragileak asetu

2008-11-14

Kritika gogorrak egin dizkiote sindikatuek eta hezkuntza eragileek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aurkeztu duen hezkuntza ereduen erreformarako lege egitasmo berrituari. Euskalduntzea baino, babes politikoa bilatzen duela iritzi diote, eta gogor salatu dute erreforma ezartzeko lau urteko epea proposatu izana.

 
 

Atzo arratsaldean aurkeztu zien Donostian Tontxu Campos Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak sindikatuei eta hezkuntza eragileei hizkuntza ereduen erreformarako proposamen berria, eta, ez dute begi onez hartu. Camposek txertatu dituen aldaketa nagusiekin ez datoz bat ez sindikatuak, ezta hezkuntza eragileak ere. Aldaketa nagusi horien artean erreforma aplikatzen hasteko lau urteko epea ezarri du Hezkuntza Sailak, eta horren arabera, erreforma mailaz-maila aplikatuko litzatekeela kontuan izanik (lehenik, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako lehenengo mailan, eta datozen urteetan, urtero maila bat gorago), eredu berria 2025. urtera arte ez litzateke guztiz aplikatuko.

Ikuskizun dago orain, lege proiektua onartzeko denborarik izango ote den, baina gero eta gehiago dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hauteskundeak martxoan izanik, horretarako denborarik ez dela izango esaten dutenak.