Darcosek erreforma atzeratu du

2008-12-15

Xavier Darcosek, Frantziako Hezkuntza ministroak, gaur goizean iragarri duenez, hezkuntza erreforma atzeratu egingo dute, eta beraz, ez da datorren ikasturtean indarrean sartuko. Ikasleen protestak ikusita hartu du erabakia Darcosek. Dena den, horrek ez du esan nahi erreforma bertan behera geratuko denik, atzeratu dutela baizik.

 
 
Darcosek erreforma atzeratu du

Ikasleen protesta jendetsuak izan dira azken egunotan Frantziako gobernuak ezarri nahi duen hezkuntza erreformaren aurka eta aldaketak egin aurretik, denbora gehiago hartzea erabaki du Xavier Darcos Frantziako Hezkuntza ministroak. Erreforma atzeratu egingo da beraz, baina ikasleen protestek ez dute etenik izango eta bihar Baionan izango den manifestazio deialdiari eutsi diote. Gainera, gaur gauerako itxialdia egiteko asmoa agertu dute Saint-Joseph Hazparneko lan lizeoko ikasleek eta baita Donibane Garaziko lizeoko ikasleek ere.

Lehengo astean, Darcos erreforma deiturikoaren kontrako hainbat manifestazio izan ziren Iparraldean. Hala nola, Baionako Etxepare eta Cantau lizeoak eta Donibane Lohitzuneko Ravel lizeoa blokeatu zituzten eta Ramiro Arrue lizeo profesionalak mobilizazioekin bat egin zuen, Donibane Garaziko bi lizeoetako ikasleen modura. Bestalde, Sainte-Anne lizeo pribatuak ere protestari ekin dio.

Protesten bidez, ikasleek Frantziako Hezkuntza Nazionalak ezarri nahi dituen hainbat murrizketa eta erreforma errefusatu nahi dituzte. Erreforma horren arabera, 2012. urtera bitartean 90.000 lanpostu desagertuko dira hezkuntza sisteman, horietatik 11.200 aurten, eta beste 13.500 heldu den ikasturtean. Bestalde, lizeo mailan hainbat eskaintza desagertuko dira, eta Lanbide Heziketaren kasuan, lau urteko prestakuntza izan ordez, hiru urtekoa izanen da. Ikasleen ustez, horrek balioa kenduko dio titulazioari.

Era berean carte scolaire deiturikoa desagertuz “lizeo txiro eta aberatsen arteko aldeak oraino handiago izanen direla” beldur agertu dira ikasleak.