Ikasleen protestek jarraipena izango dute urtarrilean

2008-12-23

Iparraldeko ikasleek, Xavier Darcos, Frantziako Hezkuntza ministroak iragarri duen erreformaren kontrako mobilizazioak indartuko dituzte urtarrilean. Urtarrilaren 29an grebarako deia egin dute irakasleek eta zerbitzu publikoetan diharduten sindikatuek, baina egun  hori iritsi aurretik ere, mobilizazioekin jarraituko dute ikasleek.

 
 
Ikasleen protestek jarraipena izango dute urtarrilean

Abendu hasieran abiatu zuten borroka ikasleek eta protesta jendetsuak izan ziren. Lauga eta Bernat etxepare lizeoetan bi astez hutsik egon ziren ikasgelak blokeoen eraginez. Horiek izan ziren protesta abiatzen lehenak, baina pixkanaka ikastetxe gehiago lotu zitzaizkien: Donibane Garaziko Nafarroa, Donibane Lohitzuneko Ravel, Angeluko Saint-Anne lizeo pribatua eta Baionako Paul Bert ikastetxea, hain zuzen ere.

Darcosek iragarri duenez, hezkuntza erreforma atzeratu egingo dute, eta beraz, ez da datorren ikasturtean indarrean sartuko, baina horrek ez du esan nahi erreforma bertan behera geratuko denik, atzeratu dutela baizik. “Berme falta” ikusten dute ikasleek eta horregatik erabaki dute ministroaren iragarpenaren ondotik ere, protestan jarraitzea.

Protesten bidez, ikasleek Frantziako Hezkuntza Nazionalak ezarri nahi dituen hainbat murrizketa eta erreforma errefusatu nahi dituzte. Erreforma horren arabera, 2012. urtera bitartean 90.000 lanpostu desagertuko dira hezkuntza sisteman, horietatik 11.200 aurten, eta beste 13.500 heldu den ikasturtean. Bestalde, lizeo mailan hainbat eskaintza desagertuko dira, eta Lanbide Heziketaren kasuan, prestakuntza lau urtekoa izan ordez, hiru urtekoa izango da. Ikasleen ustez, horrek balioa kenduko dio titulazioari.

Era berean carte scolaire deiturikoa desagertuz “lizeo txiro eta aberatsen arteko aldeak oraino handiago izanen direla” beldur agertu dira ikasleak.