Darcos erreformaren aurkako manifestazioa izango da bihar Baionan

2009-01-21

Lizeoetako ikasleek Xavier Darcos Frantziako Hezkuntza ministroak bultzatu duen erreformaren kontra protesta egiteko manifestazioa egingo dute bihar goizean Baionan. Hezkuntza arloko hainbat pertsona elkartzen dituen Hezkuntza Koordinakundeak deitu du manifestazioa.

 
 

Xavier Darcos Frantziako Hezkuntza ministroak erreforma atzeratu izana, mobilizazioak geldiarazteko neurri gisa hartu dute ikasleek, irakasleek eta gurasoek, eta mobilizazioekin aurrera jarraitzeko asmoa agertu dute. Ikasleek ez dute onartzen Frantziako gobernuak 13.000 lanpostu kentzeko duen egitasmoa eta “hezkuntzaren merkantilizazio bidean” doan unibertsitate erreformaren aurka azaldu dira. Era berean,  ikasleen fitxategiak sortzeko ekimenaren kontra daude ikasleak, izan ere, Kanbon, esaterako, mobilizazioetan parte hartu duten gazteen zerrendak osatu dituzte hainbat zuzendarik eta Hezkuntza Ikuskaritzari igorri dizkiete.  

Gauzak horrela, Gabonetako oporraldiaren ondoren protestek aurrera jarraitu dute. Bihar, hilak 22,  manifestazioa  izango da Baionan, 10:30etan Baionako geltokitik abiatuta. Bestalde, hilaren 29an, erreformaren kontrako mobilizazio eguna deitu dute Estatu frantziarrean.