Greba mugagabea egin dezakete jangeletako langileek

2009-05-29

Atzo eskola jangeletako langileen % 90ek egin zuen greba sindikatuek emandako datuen arabera eta Eusko Jaurlaritzarekin eta patronalarekin akordiorik lortu ezean, ez dute baztertzen urritik aurrera greba mugagabea egitea.

 
 

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek ez dute baztertzen urritik aurrera greba mugagabea egitea, baldin eta euren lan baldintzak hobetzeko akordiorik lortzen ez badute. Atzo egin zuten hirugarren greba eguna ikastetxe publikoetako jantokietan azpikontratatuta lanean ari diren langileek eta sindikatuak pozik agertu dira grebak izan zuen erantzunarekin, izan ere hamar langiletik bederatzik egin zuen greba sindikatuek emandako datuen arabera.

Grebaren ondorioz, 44.000 haur eta gazte geratu ziren atzo jangela zerbitzurik gabe, eta gurasoek babes handia eman dietela azpimarratu zuen ELAko Aitor Iturainek.

Langileek, soldatak % 5 igotzea eta Hezkuntza sailak berak kontratatutako langileenekin parekatzea, langile bakoitzaren lan astea gutxienez hamar ordukoa izatea, prestakuntza berezia jasotzea eta ratioak egokitzea eskatzen dute langileek. Datozen egunetan protestekin jarraituko dutela iragarri dute.