Axularren itxieraren kontra daude gurasoak

2009-06-01

Iruñeko Txantrea auzoko Axular eskolako gurasoak haserre agertu dura, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza departamentuak eskolaren eraikina “egoera txarrean” dagoela esan eta ikastetxea ixteko agindua eman ondoren. Ikasturte hau amaitu arte eta datorren ikasturterako Buztintxuri auzora bidali dituzte ikasleak.

 
 
Axularren itxieraren kontra daude gurasoak

“Ikastetxeak segurtasun neurri minimoak” betetzen ez dituela argudiatuta, bidali dituzte Axular eskolako ikasle, irakasle eta langileak Buztintxurira. Gurasoek ez dute erabakia ulertu, hori hartzeko arrazoirik ez baitute ikusten eta Axularreko ikasleen Guraso elkarteak salatu duenez, erabakia “Axular eta Arturo Campion eskolak batzeko estrategia hutsa” da.

Atzo, Hezkuntza departamenduaren egoitzaraino joan ziren “Txanteatrik ez gara mugituko” zioen pankartaren atzean. Ondoren, Carlos Perez-Nievas hezkuntza kontseilariarekin bildu ziren. Perez-Nievasek jakinarazi zien Hezkuntza departamenduak hartutako erabakiaren arabera, ikasleak ikasturtea Buztintxurin amaituko dutela eta datorrena ere bertan egingo dutela, Axularreko eraikina bota eta berria egiten duten bitartean. 2010eko maiatzerako eraikin berria prest izango dela eta D eredua eskaintzen jarraituko dutela adierazi zuen kontseilariak. Gurasoek, hori guztia idatziz jasotzeko eskatu diote Perez-Nievasi, ez baitute garbi ikusten eraikin berria egitea D ereduari eutsiko diotenik, eta Buztintxurira bidaltzearen atzean “arrazoi politikoak” daudela uste baitute.