Ekainaren 12an sinatuko dute akordioa Seaskak eta Frantziako Hezkuntzak

2009-06-03

Datorren astean, ekainaren 12an sinatuko dute akordioa Baionan Seaskak eta Frantziako Hezkunde Nazionalak. Akordioak, “murgiltze ereduaren aitortza” dakarrela esan du Paxkal Indo Seaskako presidenteak.

 
 

Hilabetetako negoziazioen ondoren, Seaskak eta Frantziako Hezkunde Nazionalak sinatuko duten akordioak data du: ekainaren 12a. Baionan elkartuko dira bi erakundeetako ordezkariak hitzarmena sinatzeko. Paxkal Indo, Seaskako presidenteak esan duenez, 90. hamarkadan lortu zuten akordioaren bidez ikastolak “eskola gisa” onartu bazituzten, oraingoan “ikastola gisa” onartuko ditu Frantziak, eta horrek “murgiltze ereduaren aitortza” dakarrela azpimarratu du.  

Dena den, Indok adierazi duenez, Seaskak borrokan jarraituko du, akordioak ez baititu helburu guztiak bete. Bi urtekoen eskolatzea onartzea eta diruz laguntzea, baxoa eta brebeta euskaraz egin ahal izatea, estatuak Seaska finantzatzea edota euskararen aitortza ofizialak Seaskaren borrokaren xede izaten jarraituko dute aurrerantzean.