Euskal Herriko Ikastolak kooperatiba sortu dute

2009-06-15

Euskal Herri osoko ikastolak bilduko dituen kooperatiba sortu dute. Euskal Herriko Ikastolak izango da horren izena eta Koldo Tellitu izango da presidentea. Irudi bakarra duen erakundea da, ikastolentzat eta gizartearentzat gertuago egongo dena. Ikastola bakoitza indartzea ere, kooperatiba berriaren lana izango da.

 
 

Euskal Herriko Ikastolak kooperatiba, Kooperatiba Europarra izango da, hau da, Europako Batasunak jasotzen duen ereduari jarraitu diote, mugaz gaindiko egitasmoa gauzatu ahal izateko. Bultzatzaileek esan dutenez, ikastolentzat aldaketa handia ekarriko du urrats horrek. Orain arte, Ikastolen Konfederazioak federazioak biltzen zituen, baina kooperatibako bazkideak, ikastolak izango dira, zuzenean. Kooperatibak ikastolei ekarriko dizkien onuren artean aipatu dituzte, ahots bakarra eta egitura sinpleagoa izatea, baliabideak hobeto erabiltzea eta zerbitzuak erakunde bakarren bateratzea. Hezkuntza planifikazioari dagokionez, Euskal Herri osoko ikuspegia izango du.

Kooperatibarekin batera, artekaritza kontseilua osatu dute, hainbat erabaki har ditzan: langileen lekualdatzeak nola egingo diren, egoitza non izango duen…

Kooperatiba berriare presidentea Koldo Tellitu izango da, presidenteordea Arantxa Manterola, Xabier Arrietak egingo ditu idazkari lanak eta Paxkal Indo arituko da diruzain gisa.