Kilometroak jaia igandean, Donostian

2009-10-02

Hirekin mundura lelopean igandean ospatuko da Gipuzkoako ikastolen fetsa nagusia. Donostiako Zurriola ikastolak antolatu du aurtengo Kilometroak festa. Hain zuzen ere Urumea ibaiaren ekialdean kokatuko den sei kilometro eta erdiko ibilbidea prestatu dute iganderako. 

 
 
Kilometroak jaia igandean, Donostian

Igandean Donostiara bertaratzen den guztiak sei gune izango ditu egun osoko jaiaz gozatu ahal izateko: 

Zurriola ikastola. Zirkuitu irikierarekin hasi eta iluntzera arte, haur zein gaztetxoentzat gune aproposena. Besteak beste, Gari, Montxo & Joselontxo pailazoak, Txorimaloak soinu taldea, Hipo eta Tomaxen Herri Kirolak eta Jalisko Band musika taldea izango dira bertan. 

 

Kotxerak. Musikaz alaituriko gunea izango da: Zeren Zai, Xarma, Kauta, Asgarth, Triki Ta ke... Jantokia ere egongo da; 12 euroren truke menua jateko aukera izango dute gerturatutakoek. 

Haztegia. Magiak, jolasek eta kantuek bat egingo dute. Bertan izango dira: Potxin eta Patxin artistak, Txan magoa, Zirika Zirkus, Poxpolo Mokolo ta konpainia eta Betizu Karaokea

Manteo. Hip hop musikak erritmoa jarriko duen gunea. Mak, Damba, Trikizio, Ze Esatek, Bertso Sound System taldeen kontzertuez gain, hainbat tailer egingo dituzte: dantza, grafiti... 

Sagues. Goizean herri kirolak izango dira. Eguerditik aurrera, berriz, mota ezberdinetako musika kontzertuak: Betagarri, Oinarri abesbatza, Naixan, Esne Beltza eta Akelarre, besteak beste. 

 

Kursaal. Egun horretan, 25. urteurrenaren harira, antzezpen berezia eskainiko dute betiko Txirri, Mirri eta Txiribitonek, baita Juniorrek ere. Horrez gain, Donostiako Orfeoia, Xabi San Sebastian eta Anje Duhalde ere ariko dira kantuan.