Jangeletako langileen greba

2010-01-26

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskola publikoetako jangeletako langileek greba egunak izan zituzten asteartean eta ostegunean CCOO, ELA, LAB eta UGT sindikatuek deituta. Ontzat eman dute grebaren jarraipena, eta sindikatuek emandako datuen arabera langileen %85ek egin zuten greba asteartean. Ostegunean, aldiz, sindikatuen esanetan, langileen %92k egin zute greba Bilbon, %91k Gipuzkoan eta %73k Araban. Eusko Jaurlaritzari eta patronalari negoziatzera esertzeko eskatu diete sindikatuek.

 
 
Jangeletako langileen greba

Dituzten lan baldintzak gainerako langileenekin berdintzeko eskatzea da protesten helburua. Besteak beste, soldata %5 igotzeko eskatzen dute, irakasle ez diren eskoletako beste langileen baldintza parekoak izan ditzaten. Era berean, langileentzako trebakuntza eta begirale bakoitzak zaindu behar duen haur kopurua gutxitu dadila eskatzen dute. Argazkian, atzo Bilbon egindako manifestazioa.

Dena den, 2 eta 3 urteko haurren monitoreen %80k eta sukalde eta jangeletako langileen %10ek lanera joan behar izan zuten. Eta sindikatuak grebarekin pozik agertu diren arren, haserre daude Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak zehaztu dizkielako. Sindikatuek ez dute gutxiengo zerbitzuen dekretu hori onartu eta helegitea aurkeztu zuten. 

Urtebetean bederatzi greba egin dituzte langileek, eta Eusko Jaurlaritzak eta sektoreko patronalak ez badute arduraz jokatzen, protestekin jarraituko dutela adierazi dute.