Hezkuntza Proiektuaren aldeko manifestazioa Hernanin

2010-02-22

“2-16 urte bitartean gure seme-alabak Langile Ikastolan nahi ditugu” lemapean manifestazio handia egin zen igandean Hernanin. Administrazioak herriko hiru ikastola publikoetako DBHak ikastetxe bakar batean jarri nahi dituela-eta, Langile ikastolak deituta egin zen manifestazioa.

Atxikituta, Langile ikastolako ordezkariak amaieran irakurri zuen idatzia dago.

 
 
Hezkuntza Proiektuaren aldeko manifestazioa Hernanin

 Gaur hemen bildu gara Langile Ikastolako sortzaile, irakasle, guraso, ikasle  eta langileak. Lehengoak eta oraingoak.  Proiektu hau martxan jarri zutenek indar handia jarri zuten eta guk haien ereduari jarraituz, indar berdinarekin aurrera egiten dugu.

Hemen bildu gara proiektu honetan sinesten dugulako.

 Ez da eskola kalera ateratzen den  lehen aldia. Gaur aldarrikapenerako. Gehienetan,  eskola kalean txertatu nahi izan dugulako.

 Egunerokoan ikusten da eskola honek herri honi eman dion kapitala.

 Sorreran zituen baloreak eta identitate ezaugarriak mantenduz  40 urte bete ditugu.

 Gizartea berak aldaketa sakonak izan baditu ere, horretan jarraitu dugu, jarraitzen dugu eta jarraituko dugu.

 2-16 hezkuntza proiektu sendo eta sinesgarria eskuetan dugunez, gureari eutsiko diogu.

 Herri honek aukeratzeko eskubidea du. Aukera desberdinak behar ditu. Proiektu onak izateko lekua dago.

Utzi gure bidea egiten. Gogoa, ilusioa, maitasuna, inplikazioa eta gure seme- alaben hezkuntzan ardura baditugu.

 Ardura bera eskatzen diogu gaur egun Hezkuntza Saila zuzentzen duen Isabel Celaàri:

Interes ekonomizistak eta politikoak alde batera utzi eta babestu gure  eskola publiko sendo  eta  parte hartzailea, 2 urtetik 16 urte bitartera jarraipen osoa duena.

 40 urtetan denon  artean eskola egin dugu eta egiten dugu.. Mobilizazio hauek horren eredu dira.

 Mila esker etortzeagatik. Harro gaude proiektu honen parte garelako.

 Jarrai dezagun bide honetan, hau ez da bukatu-eta!

 2-16 urte bitartean gure seme-alabak Langile Ikastolan nahi ditugu.

   Hernanin, 2010eko otsailaren 21ean