"Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako" liburuaren ipuinak irakurtzen

2010-12-02

Hik Hasik argitaratua, hausnarketa sustatzeko 133 ipuin eta 133 marrazkiz osatutako Joseba Sarrionandiaren liburuaren 2. edizioa egon da salgai DURANGOn.

Ander LIPUS, Miren GAZTAÑAGA, Ainara GURRUTXAGA eta Urko REDONDO aktoreek hainbat ipuin irakurri zituzten, jendearen gozamenerako.

 
 
"Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako" liburuaren ipuinak irakurtzen

Joseba Sarrionandiak idatzitako liburuan aurkezten diren ipuinak, nola ez, gozatzeko dira. Imajinazio handia agertzen dute, eta, fantasiaren munduan bidaiatzera eta protagonistaren tokian jartzera gonbidatzen gaituzte.

Idazleak erabiltzen duen hizkuntza poetikoarengatik, ipuin bakoitzean sentiarazten dituen irudi desberdinengatik eta agertzen diren metaforengatik, taldean irakurriz gero, hainbat interpretazio egiteko aukera eskaintzen ditu.

Umorea erabiliz, errealitatea eta absurdoa nahasten ditu autoreak. Ipuin bakoitzean, ezusteak sortzen duen inpaktuak, pentsarazten, eztabaidari bidea ematen eta ondorioak ateratzen lagun dezake.

Ipuin bakoitzak hainbat ikuspegitik begiratzeko aukera eskaintzen duenez, norberak interpretatzea, iritzia aurkeztea, besteak entzutea, arrazoitzea, ideiak defendatzea, adostea… ahalbidetu dezake. Horrekin guztiarekin, pentsamenduaren autonomia eta ikuspegi kritikoa lantzen lagun daitekeela irizten dugu.

Ipuinen lanketak hainbat konpetentzia orokor eta espezifiko lantzeko balio baditu ere, Elkarrekin bizitzen ikasi, Komunikatzen ikasi, eta, batez ere, Izaten ikasi garatzen laguntzeko bereziki baliagarriak direla da gure ustea.

Ipuinak adin jakin bati zuzenduta ez badaude ere, iradokizun gisa, adinka sailkatutako proposamena egiten ausartu gara, inori baliagarri suerta dakiokeelakoan.

Marrazkiak Lierni Altube oñatiarrak egin ditu.