Jacques Delors Donostian omendua

2011-11-12

Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuak hauxe irakurri zion Jacques Delors jaunari Donostiako Kursaal jauregian egin zitzaion omenaldian:

Jacques Delors jauna. Nire lehen hitzak euskaraz nahi ditut esan...

 
 
Jacques Delors Donostian omendua

Badakit zuk, Jacques Delors Jauna, ez duzula gure hizkuntza ulertzen, baina badakit halaber biziki maite duzula, atsegina zaizula oso eta maite duzula euskararen doinu gozoa; Euskal Herriko gauzak, usadioak eta paisaiak maite dituzun bezala.

Zuk lotura sakonak dituzu gure herriarekin, izan ere bihotzaren arlokoak dira zure loturak. Zure sendiaren alde batetik euskalduna zaitugu eta badakigu Zuberoako leku, bailara, mendi eta herrixkak laket dituzula.  Laket dituzun bezala bertako pastoralak eta hango dantzak eta kantu gozoak. Berriro diot, guretakoa zaitugu. Etxekoa. Baina zurekiko gure loturak baditu beste alde eta korapilo bortitzagoak. Politika eta Europagintzaren loturaz ari naiz, noski.

Europaren izena, biziki maite dugu euskaldunok. Europa izan delako gure ametsen gordailu eta orain Europa dugu etxe eta geriza. Agian, Europako herririk zaharrena osatzen dugu euskaldunok, baina berriki sartu ginen geure betiko etxera. Zure eskutik sartu ginen eta zuri zor dizugu harrera ezin hobea jaso izana.  Orain “gure Europan” jarriak ditugu gure asmo, amets eta itxaropenak. Gure etorkizuna Europaren baitan ikusten dugu eta neurri handi batean zuk eragindako Europa dugu geurea.

Jacques Delors jaunak, beti izan du hezkuntzaren aldeko griña eta ardura. Bere bizitza publikoaren hasieratik jarri zituen begiak hezkuntzarengan. Lanbide heziketaz arduratu zen oso goiz eta gero Europako buruzagi zelarik lan bikaina burutu zuen hezkuntzaren alde bere Europako gobernantzan. Berak irakatsi zigun hezkuntza altxor bat dela, geure ondarerik preziatuena. Mila esker, Delors Jauna, zure bizitza Europaren alde eskaini duzulako. Milesker, halaber, hain abegi adoretsuaz Europan hartu gintuzulako eta milesker, batez ere, zaren bezala zarelako. Azkarra, jaioa, argia, sakona, maitekorra, zilegia eta gizon ona zarelako.

...

Horrenbestez  esan nahi dizugu gure eskerrik beroena eta  eskeintzen dizugu gure omenaldirik zinezkoena. Zu bidelagun zaitugula, guztia izango zaigu atseginagoa eta hobea.

Milesker.