XXI. mendeko heziketaren oinarriez hausnartu zuen Unescoren idazkari zereginean; heziketa-prozesuak bost oinarri izan behar zituela adierazi zuen orduan: ezagutzen ikasi; egiten ikasi; izaten ikasi; elkarrekin bizitzen ikasi, eta ekiten ikasi. Heziketak pertsona libre eta arduratsuak egiten lagundu behar duela dio, era horretan, menpeko ez, baizik eta hiritar izango baita pertsona. Hezkuntzaren egitekoez mintzatu zen Donostian, Ikastolen Elkartearen XIX. Jardunaldi Pedagogikoetako sarrera-hitzaldian. Heziketa eta ikasketak bereizi zituen lehenik eta behin. Ondoren, esan zuen heziketa demokraziaren oinarria dela, eta Euskal Herriari buruz adierazi zuen heziketa izango dela bake-prozesuaren ardatza: “Jende askok uste duena baino helduagoa da euskal gizartea. Herri honetan egon den tentsio sozialak hezi egin ditu herritarrak”.
Frankismoaren azken urteetan, Hezkuntzako idazkariorde izan zen Mayor Zaragoza, eta, UCDren gobernu-aroan, Adolfo Suarez gobernuburuaren aholkulari eta Hezkuntzako ministro izan zen. Unescoren idazkari nagusi izendatu zuten 1987an, eta gaur egun, Bakearen Kultura Fundazioko presidente da Federico Mayor Zaragoza (Bartzelona, 1934).
Unescoren idazkari nagusi izan zinen. Nazio Batuen Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Erakundearen konstituzioak dio askeak eta arduratsuak izatea dela hezkuntza.
Askotan, hezkuntzaz hitz egiten dugunean, han eta hemen ateratzen diren txostenak hartzen ditugu oinarri: umeak atzeratuta doazela Matematikan, etab. Hori ez da hezkuntza, hori jakintza batzuen ikasketa da. Hezkuntza askeak eta arduratsuak izatea da, bai, halaxe dio Unescoren konstituzioak. Askeak eta arduratsuak. Aske izateak esan nahi du guk geure hausnarketen arabera ekingo dugula: entzun, ikusi, pentsatu, hausnartu, irudikatu, asmatu… Azken batean, norberaren hausnarketen arabera ekitea da heziketa. Sekula ez inoren esanetara, dogmen arabera, ekitea. Pertsona orori dagokion askatasun erabatekoa lortutakoan erabakiko du pertsona bakoitzak zer egin behar duen. Horixe da Unescoren konstituzioaren lehen artikuluak esaten duena, heziketak pertsona aske eta arduratsuak egiten lagundu behar duela.
Arduratsuak, zer zentzutan?
Ez da libre izatea, eta kito. Eguneroko gure jarrerak dauzkan eraginak eta ondorioak kontuan izatea esan nahi du pertsona arduratsuak izateak.
Pertsona aske eta arduratsuak izanik, heziketak menpeko ez, baizik eta hiritar egiten gaituela esan izan duzu.
Gaur arte, menpeko pertsonak izan gara, ez ginen hiritarrak, eta, gaur egun, oraindik jende asko dago, ikaragarri, hiritarra ez dena, besteren menpeko dena, ez baitu askatzeko aukerarik izan. Mende askoan, gizonaren nagusitasunaren menpeko izan gara, boterea gizonezkoena izan da erabat, eta indarrean oinarritu izan da, gainera. Historia guztia odoltsua izan da, eta menpeko zen jendeak boterearen esku jartzen zuen zeukan guztia, baita bizia ere, kexarik gabe. Gizakia garai haietan konfinaturik bizi zen, bai espazio aldetik eta baita ikuspegi intelektualetik ere; jaio, bizi eta hil berrogeita hamar metro koadroen barruan egiten ziren pertsona horiek, eta ez zekiten euren bizilekutik ehun kilometrora zer gertatzen zen. Ez zeukaten ideiarik ere. Bazekiten agintzen zuen norbait bazela, eta hark esandakoa egin behar zutela. Eta horixe izan da jende askoren bizitza duela hamarkada gutxi arte. Eta, gaur egun ere, herrialde askok halaxe jarraitzen dute, erabateko boterea gutxi batzuek baitaukate. Horrek pertsonak menpeko izatea dakar, pertsona mehatxatuak dira, beldurtiak, izutuak.
Baina heziketa jaso dugunok badakigu zer gertatzen den ehun kilometrora, eta horrek laguntzera behartzen gaitu, arduratsuak izatera.
Heziketa jaso duen gero eta jende gehiago dago. Zer ekarriko du horrek?
Benetako heziketa jaso duen gero eta jende gehiago egoteak, gero eta jende libre gehiago egotea esan nahi du. Biharra asma dezakeen jendea izango da jende aske hori, eta hauxe izango da haien erronka: bestelako etorkizuna sortzea, bai Euskal Herrian eta baita munduan ere. Eta hori, etorkizuna asmatzea, historian lehenengoz posible da orain, heziketa jaso dugulako, hiritarrak garelako, eta ez menpekoak. Hiritar bakoitzak keinu bat egiten badu, pauso bat ematen badu, etorkizunaren norabidea aldatu ahal izango dugu, sistema baten bukaeran baikaude argi eta garbi.
Sistemak bukatu egiten dira; une jakin batean Berlingo harresia erori egin zen, eta inperio itzel hura amaitu egin zen, odol tantarik isuri gabe. Sistema hura berdintasunean oinarrituta zegoen, baina ahantzi egin zuen askatasuna, eta, horren ondorioz, ez zen bideragarria. Gero, ordezko sistema bat ezarri zen, globalizazioarena, askatasunean oinarrituriko sistema, baina orduan ere berdintasuna ez zen kontuan hartu. Orain, prozesu horren amaieran gaude. Krisi sistemikoa ari gara bizitzen, hemen, Mendebaldean.
Zer rol jokatuko du hezkuntzak sistemaren krisi horretan?
Benetako heziketa jaso baldin badugu, konparatu beharra daukagu. Lehen esan dut garai batean jendea konfinaturik bizi zela, eta ez zekiela zer gertatzen zen; ez zeukan ehun kilometrora gertatzen zenaren ardurarik; jendea gosez hiltzen bazen ere, ez zen euren ardura, eurek ez baitzekiten. Baina orain bai, orain badakigu. Eta jakite horrek konplize egiten gaitu, ez badugu gauzak aldatzeko ezer egiten. Orain badakigu munduan zer gertatzen den. Guk, hemen, doako heziketa jasotzen dugu; doako osasun-zerbitzua dugu. Baina, gizateriaren % 20k –18,5ek, zehazki– daukagu aukera hori. Eta hori ezin da horrela izan. Bost pertsonatik lau ongizate-espazio horretatik kanpo bizi dira, asko eta asko erabateko eskasian, asko eta asko gosez hiltzeraino. Eta gu, berriz, lasai asko gaude, “gauzak horrela dira, eta kito” esaten dugu. Baina nola? Zuk badakizu zer gertatzen den, zuk badakizu urtebetetik bost urtera bitarteko 30.000-35.000 haur gosez hiltzen direla, FAOren datuen arabera, 60.000-70.000 pertsona gosez hiltzen direla munduan. Guk, aldiz, gutxi batzuen segurtasunaren izenean, 4.000 milioi dolar gastatzen ditugu armetan, egunero-egunero. Ez da posible. Guztiok duintasunean berdinak garela onartzen baldin badugu, ezin dugu beste aldera begiratu. Heziketa jaso baldin badugu, eta gauza horiek baldin badakizkigu, ezin dugu beste aldera begiratu, libreak eta arduratsuak baldin bagara, ardura horrek arazoa dagoen lekura begiratzera behartzen gaitu. Hori da hezkuntza. Heziketak esan nahi du pertsona askeak garela, eta geure pentsaeraren eta hausnarketaren arabera egiten ditugula gauzak; esan nahi du “ez” esatea: “ez, guk ez dugu gose- eta menpekotasun-egoera horiek eta lan-baldintza txar horiek bermatzen dituzten herrialdeekin negoziorik egingo. Ez, gu ez gara jende horren miseriez eta egonkortasun ezaz baliatuko geure burua aberasteko”.
Hortaz, heziketak ikusi nahi ez dugun hori ikustera behartuko gaitu?
Ikusezinak ikusten jakin behar dugu. Errealitatea sakon ezagutzen badugu, orduan aldatu ahal izango dugu errealitatea sakonetik. Horretarako, ikusten jakin behar dugu, baita ikusezina den hori ere. Bistan dagoena bakarrik ikusten badugu, albistegietan ateratzen diren albiste ikusgarriei bakarrik begiratzen badiegu, errealitate desitxuratu bat ikusiko dugu, eta guk gehiago ikusi behar dugu: ikusgarria den horren atzean dagoen ikusezin hori, eta, horretarako, hausnartu egin behar dugu.
1985ean, Bernard Lown Kardiologiako irakasleak jaso zuen Bakearen Nobel saria. Medikuak, sintomak ez, diagnostiko osoa ezagutu behar zuela esan zuen saria jasotzeko ekitaldian; haren ustez, itxurari bakarrik erreparatuko balio, egoeraren zati bat ezagutuko luke soilik mediku horrek, eta konponbide partziala eskaini ahal izango luke. Aldiz, ikusezin den hori ikusteko gai izanez gero, ezinezkoa den hori egiteko gai izango ginatekeela esan zuen. Horixe da heziketa jaso dugun pertsonen misioa, ikasketa egokiak jasotzeko aukera izan dugunon misioa, ikusezinak diren gauzak ikustea, ezinezkoak diren gauzak egiteko. Hori da heziketa independentearen misioa, muturreko jarreretatik eta jarrera itsuetatik urruntzea, dogmak baztertzea eta gauzak askatasunez egitea.
Egiteari eta ekiteari garrantzi handia ematen diozu. Heziketa ez da jakitea bakarrik, egitea ere bada, ezta?
Ekiten jakin behar dugu. Jakitea ez da aski, ekin egin behar dugu, egin eta eragin. Ezin gara ikusle hutsak izan, ez gara informazio-jasotzaileak bakarrik, lekuko jasankorrak eta axolagabeak. Dakigun hori zabaldu egin behar dugu, azaltzera ausartu behar dugu.
1992an, Unescoren barruan XXI. mendeko hezkuntzari buruzko batzorde bat eratu genuen, Jacques Delors buru zuena. Heziketa-prozesuak lau ikasketa-lerro izan behar zituela esaten zuen batzorde hark: ezagutzen ikasi; egiten ikasi; izaten ikasi, eta elkarrekin bizitzen ikasi. Horiek ziren heziketa-prozesuaren lau oinarriak. Eta nik bosgarren bat erantsi nion: ekiten ikasi. Ekitera ausartu behar dugu, daukagun jakinduria hori zabaltzeko gai izan behar dugu; izan ere, askotan, inork ez digu galdetzen, eta ez dugu dakiguna esaten. Nork daki heziketari buruz? Hezitzaileak. Bada, hari galdetu behar zaio heziketaz. Nork daki gai zientifikoez? Bada, zientzialariak. Ba horixe da logikoena! Eta, gaurtik aurrera, biharra eraiki nahi badugu, elkarrekin egin behar dugu lan, eta inoiz ez boterearen esanetara. Sistema demokratiko batean, zentral nuklearrei buruz hitz egin behar bada, adibidez, logikoena litzateke gai nuklearretan adituak diren herrialdeko zientzialari onenei galdetzea. Haiek ezin dute isilik egon, badakite, eta azaldu egin behar dute jakinduria hori.
Ekiten jakin behar dela esan duzu, baina ausartzen ere jakin behar dela esan izan duzu, Horazioren sapere auderi buelta emanez.
1966an, Oxfordera irakasle iritsi nintzenean, konderriko ikurrak halaxe zioen: Sapere aude, ausart zaitez jakitera. “Bai jauna!”, esan nuen neure kautan. Jakitera ausartu behar dugu. Patologia molekularreko ikasketa-urte batzuen ondoren, handik atera nintzenean, ausartzen jakin behar genuela pentsatu nuen. Jakin arren ezertara ausartzen ez bagara, lehen bezala gaude. Ekiten ikasi behar dugu, eta ausartzen ikasi behar dugu.
Baina banakoek, hezitzaileek edo bestelako kaletarrek, zer egin dezakete gauzak aldatzeko?
Keinu txiki batek gauza asko aldatzen dituela pentsatu behar dugu. Barack Obama AEBko lehendakaritzan ikusi nuenean, pentsatu nuen: “baina beltza da, beltz bat!”. Nik Ku Klux Klanen garaiko AEB ezagutu nuen, jatetxeetan “no blacks, no dogs” afixak ikusi nituen, eta orain, berriz, presidente beltza daukate. Zerbait gertatu da; baina zer, zer gertatu da? Bada, keinu txiki bat. Montgomeryko jostun baten keinu bat. Alabamako emakumea lanetik bueltan etxera zihoan 1961eko abenduaren hasierako egun batean, nekaturik. Autobusean zetorren, bereizkeria sustatzen zuten autobus haietako batean. Zuri bat sartu zen, autobusa beterik zihoan, eta beltzek altxatu egin behar zuten. Baina Rosa Parks ez zen altxatu. Rosa Parksek gau hura ez zuen etxean igaro, polizia-etxean igaro zuen; eta, gero, ezin izan zuen Alabaman bizitzen jarraitu, Michiganera joan behar izan zuen, Detroitera. Baina keinu hark andre hura bizi zen inguruko apaiz bat inspiratu zuen. Martin Luther King zen apaiz hura, eta esan zuen beltzik ez zela gehiago autobusera igoko Alabaman. Eta ez dago ekonomiarena baino argudio hoberik. Hilabete gutxiren buruan, autobus-konpainiak gehiago ezin zuela-eta, zuriak eta beltzak bereizi gabe eseri ziren autobusetan. Bereizkeriaren aurkako mugimendua ekarri zuen keinu hark, eta, ondoren, legea etorriko zen, 1964an. Legearen aurretik Washington hirian izandako martxa handiaren amaieran, Martin Luther Kingek “I have a dream” esan zuen, eta, aldamenean, Rosa Parks zeukan. Eta urte batzuen buruan, Ku Klux Klanen AEBn presidente beltza dute.
1992ko dokumentua aipatu duzu, XXI. mendeko hezkuntzak nolakoa izan behar duen idatzi zenuten dokumentu hartan. Bada, nolakoa behar luke izan?
XXI. mendea, azkenean, jendearen mendea izango da. Eta horretarako hezi behar dugu. Orain arte, gutxi batzuek agindu izan dute, eta zer jarri du gizarteak? Hildakoak, normalki. Horixe da gizateriaren historia. Orain, lehenengo aldiz historian, gauzak ez direla horrela izango esan dezakegu. Zergatik? Bada, lehen esan dugunez, heziketak hiritar egin gaituelako, eta ez garelako gehiago menpeko izango. Pentsatzen duguna esan egingo dugu, eta esango dugun hori pentsatu egingo dugu. Ez gara esaten digutenarekin konformatuko, ez, ez dago etsimendua baino gauza okerragorik; hala esaten zuen [Jose] Saramagok: “Pazientzia behar da, baina ez gehiegi”. Pazientzia gehiegi baldin badaukagu, menpeko izango gara beti. Heziketa hiritar oso izateko bidea da, pentsatzen duten edo eztabaidatuko duten hiritarrak izateko bidea, eta aurrean dugun trantsizio historikoa egiteko gai izateko bidea. Trantsizio historiko horrek indarretik hitzetara eramango gaitu. Orain arte, historikoki, gerra prestatu da beti, armak eta armak, eta indarra. Orain, arma horiek atzean utzi, eta gaiak eztabaidatzeko garaia iritsi da, jendea horretarako hezia baitago.
Zer garrantzi dute emakumearen rolak eta teknologia berriek bakearen heziketan?
Heziketa da demokraziaren oinarria. Historian lehenengo aldiz, demokrazia sendoak ditugu, eta horretan zeresan handia daukate teknologia berriek, haiei esker demokraziak parte-hartzaileagoak dira. Gaur egun, teknologiei esker, ez daukat kontsulta bat egiteko baimena eskatu beharrik, teknologiak erabiliz, pentsatzen duena adieraz baitezake edonork. Ni hautestontzien maitale handia naiz, gazteek ez dute ulertuko, baina guk 35 urteko abstinentzia bizi izan dugu, eta hori denbora luzea da; orain, hautestontzi bat ikusten dudan bakoitzean hara noa korrika. Baina, era berean, hauteskundeetako bozka-zenbaketan oinarrituriko demokrazia ez da sendoa. Zenbatu egiten gaituzte, baina ez gaituzte kontuan izaten. Orain, hautestontzietara joan beharrik gabe, gure iritzia eman dezakegu, eta gure ordezkariek entzun egin behar dute esaten dugun hori. Oso garrantzitsua da hiritarrak isilik ez gelditzea. Liburu bat egin nuen, Delito de silencio izenekoa, gauzak dakizkigunean isilik gelditzea delitua dela iruditzen baitzait. Hitz egiteko aukera eduki, eta isilik gelditzea delitua iruditzen zait. Orain, teknologiekin aukera daukagu pentsatzen duguna zabaltzeko. Eta, era berean, munduaren beste aldean gertatzen dena ezagutzeko aukera daukagu; gizon, emakume eta haur horiek nola bizi diren ezagutu dezakegu.
Bestalde, hor daude emakumeak; hemen, Euskal Herrian, eta munduan oso garrantzitsuak dira emakumeak bakearen heziketan. Munduaren historian ez dute lekurik eduki emakumeek orain arte. Gaur egun, oraindik, boterean daudenen gehiengo nagusia gizonezkoak dira, baina, orain, emakumeak hurbiltzen ari dira botere-guneetara. Haiek erabakiguneetara iristen diren egunean gauzak aldatu egingo dira. Bizitzarekiko errespetua emakumeari datxekion ezaugarria da, ez du indarkeria halako erraztasunez erabiltzen; nahiago du hitza, maitasun-keinu bat; emakumea ezinbestekoa da bakearen kulturarako. Ez da egongo bakerik ez badugu benetako berdintasuna lortzen, guztiok baikara berdinak duintasunean.
Bakearen heziketan ari zara, gaur egun, buru-belarri. Zein dira bakearen heziketaren giltzarriak?
Gaur egun arte, heziketa mehatxuan oinarritu da, zigorrean eta beldurrean. Baina konturatu gara heziketak prozesu askatzailea izan behar duela, eta hori ez da soilik eskolari dagokion lana. Heziketa fenomeno orokorra da, guztioi dagokiguna, guztiok hartzen eta ematen dugu, eta guztiok daukagu heziketa on baten ardura. Gaur egun, konparatzeko gaitasuna daukagu (hemen gertatzen dena han gertatzen denarekin), parte hartzeko teknologiak dauzkagu, eta emakumeak dauzkagu. Horiexek dira bakean oinarritutako etorkizunerako aldagaiak. Etorkizunera doan bide hori argitzen ari gara, baina bide hori guk nahi dugun bidea izango da; guk, eta ez beste inork, ez du bide hori aukeratuko.