Urko Arozenari galdezka

2012-05-14

Eraginkorra izan al daiteke entrenamendu mentala hezkuntzan?

Entrenamendu mentala meditazio-sistema bat da, nork bere barruan begiratzeko. Gauza guztien jabe garela dirudien jendarte honetan, askotan, ez gara geure buruarekin ongi sentitzen. Zer da, orduan, benetan falta zaiguna? Bada, askotan barrua betetzea falta ­zaigu.

 
 
Urko Arozenari galdezka
Ikasle, langile edota guraso eginkizunean, gure errendimendua gero eta hobea izatea eskatzen digu jendarteak. Eta, horri erantzuteko, prestakuntza behar dugu. Ikasleei, haur direnetik, ­errendimendu altua eskatzen zaie; zer esanik ez, ikasketa orokorrez gain, bestelako ikasketak egiten ari badira: musika, atzerriko hizkuntza, eta abar. Langileei, berriz, lansari beraren truke, produktibitatea, kalitatea, sormena eta beste hamaika eskakizun gehitu zaizkie. Baldintza horietan, asko areagotu dira ikasle, langile, guraso edota seme-alaba bihurtzerakoan sortu diren gatazkak. Horiek guztiek nabarmenki handitu dute bizitzaren gaineko presioa; eta nekea, haserrea, estresa, energia-gabezia, gogo eza eta beste hainbat elementu agertu dira gure egunerokoan. Gehienok sentitu dugu, ondorioz, antsietate motaren bat gure bizitzan.
Antsietate horiek jan ez gaitzaten, ­ikaragarri eraginkorra da barrura begiratzea. Horretarako, entrenamendu mentala sistema ona izan daiteke, ez, ordea, bakarra. Meditazio-sistema asko daude; haien arteko bat da entrenamendu mentala. Izen asko izan ditzakete: yoga, PNL, mind fullness, sofrologia, bistaratze sortzailea, irudimen gidatua, kontrol mentala, coachinga, eta abar. Ez dut uste sistema bat bestea baino hobea denik, norberak aurkitu beharko du berarentzat egokiena dena. ­Esango nuke entrenamendu mentalak beste sistemen aurrean duen abantaila azkartasuna dela: begiak itxi, alfa egoerara joan, barruan zer dagoen ikusi, eta landu.
Aspalditik dakigu geure garunak ez dituela bereizten benetan gertatzen ari dena eta imajinatzen ari garen hori. Hainbat teknika erabilita, guk geure garunari sinestaraz diezaiokegu ikaragarri ongi pasatuko dugula, esaterako. Jendarte honetan, gauza asko egiten dira jendearen aurrean; irakasle-lana, ­adibidez. Zenbait teknika erabilita, zuzeneko lan hori hobetu egin daiteke, lasaituz, ongi egonez, eta abar. Kirol-munduan teknika horiek guztiak oso ­ezagunak dira, eta maiz erabiltzen dira, errendimenduan eragin zuzena dutelako. Teknika guztiak dira interesgarriak hezkuntza-arlorako, pertsonei begira interesgarriak direlako, baina, nire ustez, azken hori (errendimendu motibatua) bereziki interesgarria da eskolen­tzat.
Kirol-arloan frogatu dute kirolariek gehiago aurreratzen zutela ekintza horiek begiak itxita, erlaxatuta eta entrenamendu mentalaren pauso guztiei jarraituta eginez, fisikoki eginda baino. “Begiak itxita” egitea, fisikoki 12-15 aldiz egitearekin berdindu izan dute ikerketa zientifiko batzuek. Ongi eginez gero, ikaragarria da ordu erdian zenbat ordutako lan fisikoa egin daitekeen.
Hori guztia ikasleei aplikatuta, hainbat gauza ekarriko ditu: ikaslea gustura egotea, lehiaketa irabaztea, bi gauza batera egin ahal izatea, eta abar. Ondorioz, ahalmen handiko gizon-­emakumeak lor daitezke, taldean hitz egiteko gaitasuna dutenak, estresik gabekoak, gizarteratuak, lasaiak, erlaxatuak, pozez gainezka bizi direnak.
Eta horrek guztiak zer ekar 
diezaieke hezkuntza-
antolakuntzei?
Nire ezagutzan, gehienetan, errendimendua edo beste hainbat arlo hobetzeko egiten diren ikerketek informazioa dute ardatz nagusi: informazioa nola atondu, gero modu egokiagoan barneratzeko, eta abar. Oso gutxik ­erreparatu izan diote, ordea, informazioa jaso behar duenari. Ez ote litzateke hobea subjektua ahalik eta egokien jar­tzea, eta, gero, informazioa xurgatzeko modu eraginkorrenak bilatzea?
Tekniken bidez hauxe lortzen da: pertsona lasai egotea, eta garuna kon­tzentrazio-maila gorenean egotea. Zer gertatzen da, orduan? Bada, garuna kontzentrazio-maila gorenean dagoenean, informazioa askoz hobeto jaso­tzen duela, eta askoz hobeto berreskuratzen duela. Ondorioz, askoz emaitza hobeak lortzen dira: denbora gutxiagoan eta etxean ahalegin gutxiago eginez.
Zer lortuko genuke teknika horiek erabilita, gazteei begira, hots, etorkizuneko gizakiei 
begira?
Pertsona horiek beren burua gehiago ezagutzea eta maitatzea lortuko genuke, hasteko, eta beren burua gehiago lasaitzea, beren egoeraren kon­tzientzia handiagoa izatea: urduri jar­tzen ari direla sentitzen dutenean, arnasa hartu eta zer ikasi duten hausnartzea, gogoan hartzea; arazoa zein den galdetzea beren buruari, eta arazorik baldin badago, konponbiderik ba ote duen pentsatzea... Eta konponbiderik baldin badu, ez dago, jada, arazorik. Barruko su txikitzailea desagertu egingo litzateke era horretara jokatuz.
Ikastetxeetan, meditazio transzendentalaren alorrean egin izan dira ikerketak (1971tik gaur egun arte, AEBn). Eskola gatazkatsuetan probatu zuten, eta, ikasleek, ondoren, eskatu egiten zuten teknikak errepikatzea. Euren buruari kasu eginez, ongi sentitzen ziren ­ikasle horiek, eta irakasleak oso pozik zeuden emaitzekin.
Teknika asko landu daitezke ikasleekin, baina ez dago zertan denak egin. Hasteko, goizean, garuna lasaitu, indarberritzeko ariketa egin eta euren buruari mezu hauxe eman diezaiokete: “Gaur ikaragarri erne egongo naiz, eta pozik”. Ondoren, beraiek egin dezakete eguerdian eta gauean, etxean. Aipatutako ariketa hori egiteak egunaren pertzepzioa aldatu egingo du, poliki-poliki ikaragarri erne eta pozik dagoela ohartzen joango da!
Sistemak hainbat baliabide eta teknika berezi ditu, eta beste hainbat ­onartzen ditu. Gure gorputza indarberritzeari dagokionez, jada zabalduta dauden indarberritzeko ariketa ugari aurki genitzake. Bestela, eta nahi izanez gero, gure gustukoa den bat erabil dezakegu. Entrenamendu mentala hainbat teknikaren bilduma bat da.
Helburuak lortzen laguntzeko tresna-bilduma
Entrenamendu mentalak proposa­tzen duen tresna-bildumak hainbat helburu lortzen lagun diezaguke, hala nola:
- Beldur eszenikoa gainditzen.
- Besteen aurrean gure burua eta gure proiektuak ziurtasunez defenda­tzen.
- Azkarrago eta sakonago ikasten.
- Geure burua maitatzen.
- Benetan nahi duguna zer den jabetzen, eta horren bila joaten.
-  Gure memoria nabarmenki hobetzen.
- Estresa desagerrarazten.
- Gure gorputza energiaz betetzen.
- Gure gorputza indarberritzen.
- Lo gozoa egiten.
- Ametsak programatzen.
- Ametsak aztertzen eta haietatik ­ikasten.
- Kide eta lagunekin izan ditzakegun gatazkak baretzen eta bideratzen.
- Inguruko energiak gure alde jar­tzen.
- Bihozberagoak izaten.
- Geure burua eta, aldi berean, ingurukoak errespetatzen.
Teknikak era errazean egin 
daitezke. Hona hemen horietako hiruren adibidea::
1. INDARBERRITZEA: indarberri­tzeko, lehenik eta behin, garunaren ­abiadura moteldu egin behar da. Kontuan izan garunak informazio pila duela. Hori lortzeko, begiak itxi eta garuna alfa egoeran ipini behar da, 7-14 hertzetan. Egoera hori da, hain zuzen, esna­tzerakoan dugun puntua. Ondoren, mentalki esango diegu gorputzeko atalei indarberritzeko. Ariketa hamaika ­eratara egin daiteke: yogien sistemaren bidez, Jakobsonen erlaxazioaren bidez, eta abar.
2. ISPILUAK: bistaratze batzuk egiten dira, beste hainbat gauzaren artean, bakoitzak bere bizitzan nahi duena egiten duen edo inguruak agintzen diona egiten duen ohartzeko. Hor agertzen dira beldurrak, eta abar. Nork bere burua ikus dezake ispilu horietan, eta bere buruarentzat nahi duena eska dezake. Azkenean, poliki-poliki, beldurrak kentzea lortzen da, eta lanaren zati handi bat egina dago jada. Izan ere, beldurrek ikaragarri mugatzen gaituzte. Ispilu horiek, beraz, beldurrak gainditzeko eta benetan zer nahi dugun argitzeko ­erabiltzen dira. Bizitzak oztopoak jar­tzen dizkigu, baina horri aurre egiteko era asko daude. Horrelako teknikak ­erabilita, barrura begiratzen hasten gara, eta bilatzen eta ulertzen hasten gara. Barruan ditugun gauzak garbitzeko modu bat da.
3. ESALDI POSITIBOAK: garuna ­etengabe ari zaigu mezuak ematen. Garai batean, mezu horiek balio zuten ­arrisku-egoeren aurrean babesteko; hori gure garunaren lana da. Telebista negatibo baten eran ibiltzen da normalki, gure arreta nahi izaten du, eta ona da hori lortzen: ona benetan! Hori gaindi­tzeko hainbat sistema daude. Izan ere, daukagun egoera daukagu, baina gu pozik baldin bagaude, errealitate horretaz dugun pertzepzioa bestelakoa ­izango da. 
Askotan gertatzen zaigu, asko eta ongi prestatu arren eta asko ikasi arren, azterketaren unea iristen denean, blokeatu edo urduri jarri garelako ez dugula ahal genuen guztia erakusterik izan. Meditazio-tekniken bidez, mailak gora edo behera egitea lor dezakegu.
Nor bere buruarekin hobeto egoteko teknikak besterik ez dira, gure ­berezko baliabideak era egokiagoan ­erabiltzea da gakoa, lasai egoteko eta benetan nahi dugun horren bila joaten laguntzeko. Teknika horien bidez, ari garen horretan gure inplikazioa erabatekoa izatea lortuko genuke, energia ­ere erabatekoa izatea. Emaitzak ikusgarriak dira, ez garelako egiten ari inguruak markatu diguna, baizik eta guk nahi duguna.
Beste sistemen ondoan, aldea azkartasunean eta eraginkortasunean dago. Gure jendartean produktibitateak agintzen du. Teknika horien bidez, ­lasaitasuna eskuratzen da “atzorako”, eraginkortasuna lortzen da “atzorako”, gauzak argitzen dira “atzorako” eta, azkenean, makina sortzaile bihurtuko gara, “atzorako”. Hori bai, nahiz” atzorako” prestatzeko gaitasuna eduki, hainbeste maitatuko dugu geure burua, non guk ­erabakiko dugun egindako lana noiz, non eta nola erakutsi besteei.
Entrenamendu mentalaren gaineko informazio gehiago eta teknikak ­egiteko argibideak: 
www.entrenamendumentala. blogspot.com/p/sarrera.html