Elkarrizketa: Laura Gutman
"Ama izatean, umearekin konektatzea erabakitzen badugu, mundua desarmatu egiten zaigu"
Guztion artean amatasuna -gurasotasuna- ikusezin bihurtzen ari garela dio psikologo argentinarrak. Seme-alaben premia fisiko eta emozionalei erantzuten dien gurasotasuna aldarrikatzen du, eta haurraren erritmoetara erlaxatzea gomendatzen.
Haurtxoaren begietatik begiratzera gonbidatzen du Laura Gutmanek. “Gaur egungo haurtxoei gauzak asko zaildu zaizkie”, dio psikopedagogo argentinarrak. Haurtxoaz, eta amaz, eta aitaz, edo amaren bikotekideaz, edo bikotekiderik gabeko amaz, eta amatasunaz —eta amatasunaren ikusezintasunaz—, aitatasunaz, haurdunaldiaz, erditze errespetatuaz, puerperioaz, edoskitzeaz, atxikimenduaz, lanaz... idatzi dituen dozenerditik gora liburuk edizio ugari izan dituzte Amerikako goi eta behe hemisferioetan eta Europan. Hala idatzi du: “Haurtxoak teknologiarekin, erosotasunarekin eta helduen autonomiarekin lehiatu behar dira. Izan ere, gaur egun haurtxoak bakarrik daude. Dagoeneko ez dute euren gurasoekin edo euren anaia-arrebekin lo egiten, askotan ez dago egon ere haurriderik. Ordu luzeak igarotzen dituzte pertsona ezezagunekin, edota haurtzaindegietan, non pertsona heldu gutxi dauden haurrez arduratzeko; ondorioz, hobe du haurtxoak agudo egokitu. Haurtxo moderno batek helduen lanegunaren antzeko lanegunak izaten ditu. Erritmo instituzionaletara egokitu behar du jateko, lo egiteko eta jolasteko”.
Azken liburuan, baina, haurtxoari ez, baizik eta gure barruko haurtxoari buruz idatzi du, gure haurtzaroan guri buruz esan izan denari buruz. ‘El discurso materno’ (Amaren diskurtsoa) liburuan dio gutaz esan izan den hori funtsezkoa dela norberak eraiki duen pertsonaia sortzeko garaian; eta per-tsonaia hori sortu beharra izan dugula haurtzaroan sentitu izan dugun babes gabeziari aurre egiteko. Gutaz esan izan denaz jabetu, bakardadeari aurre egiteko erabili ditugun mekanismoez jabetu eta helduzaroan gure ekintzen ardura hartzeko gonbidapena egiten du Laura Gutmanek.
Parisen psikopedagogia klinikoan lizentziatu eta François Doltorekin formatu zen Laura Gutman (Buenos Aires, 1958), eta gaur egun jaioterrian hazierari buruzko institutu bat zuzentzen du.
Donostian izan zen pasa den otsailean, eta irailean ere etortzekoa da Meitai-Maitie haziera taldeak berriro gonbidaturik. Ez bere liburuetan, ez Donostian eman zuen hitzaldian, ez ondoko elkarrizketa honetan, Laura Gutmanen hitzek ez diote irakurleari edo entzuleari bertan goxo gelditzeko aukerarik ematen; bere hitzak gogorrak eta mingarriak dira, “haurtzaroa —arakatu behar dugun territorio hori— guk uste baino mingarriagoa delako”. Eta psikopedagogoak ez du min hori estaliko duten aitzakientzat lekurik uzten.
Lehen, emakume aktiboa nintzen, ordenatua, pentsalaria… erditu naiz, eta ez diot negar egiteari uzten: Zein naiz? Zer gertatzen zait?
Justuki, geure “beste alderdi bat” loratu da ama izan garenean. Alderdi hori lehen ez zen agertzen, ez zelako beharrezkoa. Alderdi hori mundu emozionalarekin lotua dago, baina bereziki gu geu haur besoetakoak ginenean bizi izan genuen lurralde emozionalarekin lotua dago.
Umeak ama intimitate emozionalean sartzera behartzen du. Babes falta handia bizi izan dugu haurtzaroan, hortik gatoz, eta bakardade horri aurre egiteko haustura emozionalaren mekanismoa erabili izan dugu. Zerbaitek min egiten badit, gero min egin ez diezadan, nigandik urrunduko dut. Hori da umeok egiten duguna mina eta maitatuak izateko premia ikaragarriak ditugunean, baina bakardadeak gain hartzen digu. “Indartsuak”, edo pertsona hotzak bihurtzen gara orduan, atxikimendu gabeak, ausartak, arrakastatsuak edo lehiakorrak. Gero, distantzia emozional hori automatiko bihurtzen da, eta bizitzako beste esparru guztietan ondo funtzionatzen dugu, bikotekidea ere izan dezakegu. Baina haurra... haurra beste gauza bat da. Haurtxoak kontaktura behartzen gaitu, eta ikaragarrizko intimitatera. Orduan sentitzen dugu ezin dugula. Eta benetan, ezin dugu. Orduantxe, ama izatean, haurtxoarekin konektatzea erabakitzen badugu, mundua desarmatu egiten zaigu, jaioberriak intimitate emozionalean sartzera behartzen baikaitu. Nahiz eta ohikoa haurrarekin “haustea” izan ohi den. Lanaren aitzakia jartzen dugu eta kito: lana egin beharra daukagu. Lana da —umearen— mina ez sentitzeko daukagun aitzakiarik onena. Lanak ez dio eraso egiten haurtxoarekiko lotura intimoari, mina da, itzultzen den min hori da ahaztua geneukana.
Gaur egun emakumea profesionala da, militantea, artista, maitalea, bikotekidea, adiskidea, zaintzailea.... baina ama izatean zaila da autonomia eta askatasun hori ez galtzea.
Ezinezkoa da. Haurtxoaren beharrak eta premiak aseko dituen amatasunak askatasuna eta autonomia galtzeko prest egotea esan nahi du. Emakumeak ama bihurtzean, lehenago geneukan bizimoduari eutsi nahi izaten diogu, eta ez aldatzen saiatzen gara. Gauzek beren lekuan jarrai dezaten nahi izaten dugu, interes berdinei eustea, lan berdina, aisialdi denbora bera eta harreman kalitate berdina edukitzen jarraitu nahi dugu. Ez aldatzeko egiten dugun ahalegina, pairatzen dugun sufrimenduaren parte da. Askoz errazago litzateke haurraren erritmoaren neurrira erlaxatzea eta gure bizimodua jaioberriaren beharretara egokitzea.
Hortaz, nola kontziliatu lana eta familia, eta ez sentitu errudun?
Lana bai, lana haur baten hazierarekin bateragarria da. Lana egin dezakegu nahi badugu edo behar badugu. Bateraezinak familia eta gabezia emozionala dira, eta intimitate emozionalaren mina.
Erruduntasun sentimendu hori aterpe perfektua da: “Ez iezadazu hori esan, errudun sentituko naiz eta!”. Bai zera! Gure ekintzen arduradun izateko garaia da. Erronka handiena guk geuk geure burua ama eta emakume independente gisa aitortzea da.
Produktibitatea eta kontsumoa balioesten eta bultzatzen dituen gizarte eredu honetan, ama izatea (guraso izatea) ez dago errekonozitua. Nola eragiten dio ikusezintasun horrek amari (gurasoari)?
Ikaragarri. Alta, gizartea gu guztiok osatzen dugu, amek ere bai. Guztion artean ari gara amatasuna ikusezin bihurtzen, amatasuna, haziera eta heziketa, ardura, eskuzabaltasuna, isiltasuna, altruismoa ikusezin egiten ari gara.
Ulertzen dugu haurraren beharrak ase behar ditugula. Baina amak esango digu: “Eta nork aseko ditu nire beharrak?”
Justuki: Ama helduak bere beharrak nork aseko dituen galdetzen duenean, bere buruari galdetu behar dio zergatik dituen halako premiak. Galdera hori babes faltari dagokio, eta umezaroan bete gabeko premiei —nahiz eta gaur egun ukatu egingo dituen edo ez dituen ezagutuko—. Gaur heldua da, eta benetako haur bat dago amaren zaintzaren erabateko dependentziarekin jaio dena. Amaren ala umearen premiak, lehenik bietarik zeinen premiak aseko diren borroka piztuko bada... begi bistakoa da haurrak galduko duela.
Zure lilburuetan irakurri dugu honakoa: “Gizarte patriarkal honetan zaintzak eta maitasunak ez dute lekurik, babesik gabeko haurtzaroak bizi izan ditugu. Horrela hezi dugu: zainketa premia handiekin”. Baina noiz arte? Nola irten gintezke zirkulu horretatik eta gure seme-alabak osasuntsu eta zoriontsu hezi?
Nahiko nuke hain erraza izatea! Hau ez da borondatearekin konpontzen. Ez da berez, naturaltasunez erabakitzen: “nire seme-alabak osasunean hazi behar ditut zoriontsu izan daitezen”. Alta, denok nahi dugu “hori”. Baina haurrei begiratzen badiegu... haietako zenbat hazten dira euren buruarekin armonian? Zenbat jaikitzen dira pozik eskolara joateko, zenbatek egiten dute irri uneoro, ez dira gaixotzen, eta maite dute daramaten bizimodua? Behin eta berriz esango dut: Mundu atsegin eta maitekorrago bat sortzen lagundu nahi badugu, beharrezkoa da gure seme-alabak —sortzen eta hazten ari direnak— kontziente eta euren buru-barnearekin harreman sakonean haztea. Horretarako ezinbestekoa da haiei aditzen jakitea, eurek eskatzen diguten horri erantzutea, laguntzea. Baina haurraren premiak asetzea posible izan dadin, guk geure errealitate emozionala “ukitu” behar dugu. Borondatea izan dezakegu, bai, baina ez da nahikoa. Gure erraiek haurraren eskakizun bat gehiago jasaten ez dutenean, edo geure buruarentzako bakarrik denbora eduki nahi dugunean, edota haurrak behar duen zerbaitekin “desados” gaudenean, geure muga afektiboak non dauden ulertzen ez dugulako da. Bilatu egin behar ditugu.
Galdera hauek guztia k puerperioan etortzen dira. Baina inork ez du puerperioaz hitz egiten. Ez bada hitz egiten, ez delako existitzen da, ezta?
Horixe bera galdetu izan diot, urtetan, neure buruari. Erditze-ondokoa ikusezina da, baina existitzen da. Zerbait interesgarria kontatuko dizut: nire liburuari ‘Puerperios y otras exploraciones del alma femenina’ (Puerperioa eta arima femeninoaren beste hainbat esplorazio) izena jarri nion. Argentinako nire editoreak esan zidan izenburu horrekin ez zela libururik salduko. Baina ni oso burugogorra naiz eta “puerperio” hitza ager zedin nahi nuen, ezinezkoa zela emakumezkoarentzat —eta inguruan dituen guztientzat— hain garrantzitsua den etapak inork ezagutzen ez zuen izen bat edukitzea. Liburua saldu zen... eta hitza zabaltzen hasi zen. Harik eta hirugarren edizioa atera aurretik nire editoreak izenburua aldatzeko eskatu zidan arte. Nik onartu egin nion. Orain ‘La familia nace con el primer hijo’ (Familia lehenengo haurrarekin sortzen da) izena du, eta askoz ere gehiago saltzen da. Badirudi hitz horrek min ematen jarraitzen duela.
Beraz, iritsi da haurtxoa. Izaki guztiz ezezaguna, sekula pentsatuko genuena baino askoz gehiago eskatzen duena. Nola uler dezakegu haurtxoa?
Barkaidazu, baina haurtxoak “guk sekula pentsatuko genuena baino askoz gehiago” eskatzen badu, gabeziaz beteriko historiatik gatozelako da, nahiz eta guk ez jakin. Maitasunez, laztanez, ferekaz, besoz, ulermenez, laguntzaz, errukiz, alaitasunez, eskuzabaltasunez, babesez, zoriontasunez... beteak egongo bagina, maitatzeko gaitasunak gainezka egingo liguke, eta ez litzaiguke irudituko haurtxoak “gehiegi” eskatzen digunik.
Eta zer gertatzen da aitarekin —bikotekidearekin—? Bakarrik sentitzen da eta ez daki zein den bere rola egitura berrian. Zer gertatzen da bikotearekin haurra jaiotzean?
Nik ere ez dakit zein den nire rola egitura berrian! Bikote horretan adostu dutenaren araberakoa izango da, bakoitzaren historien araberakoa izango da, euren nortasunen, euren gaitasunen, eta euren artean dagoen edo ez dagoen komunikazioaren araberakoa. Amaren eta aitaren heldutasun emozionalaren araberakoa izango da. Ea biak eskuzabalak diren, edo bakoitza bere satisfazio pertsonalaren puskagatik ari den borrokan. Haurtxoa jaiotzean bikotearekin gertatuko dena, bikotearen baitan dago. Bikote heldu, komunikatibo, eskuzabal eta ireki bati hobeto joango zaizkio gauzak, nahiz eta guztiok dakigun haur txikiak edukitzea oso zaila dela. Heldu gabeko bikote batek, desadostasun handiagoak dituenak, edo akordiorik ez daukanak, okerrago pasako du.
Helduarora gabezia emozionalekin iristen bagara denok, nola hartuko dugu gure seme-alaben hazieraren ardura?
Horixe da galdera egokia. Gutxienez, gure historian sakontzea ezinbesteakoa dela jakin behar dugu, gero hartuko dugu gertatzen zaigunaren ardura, eta gertatzen zaigun horri aurre egiteko egingo duguna egingo dugu! Lehenengo geure historian sakondu behar dugu.
Demagun gurasoek benetan seme-alaben hazieraren ardura hartzen dutela. Baina jendartea beste norabide batean doa, eta gure seme-alabak jendarte horretan haziko dira. Nola eragin dezakegu gure inguruan?
Horrek ez dauka batere inportantziarik. Norbaitek antzerkia ikasi nahi badu, baina jendarteak ezetz badio, ingeniari izan behar duela badio, ba ez da ezer gertatzen, antzerkia ikasten du, eta kito. Ez da egia inguruak hainbeste eragiten duenik. Ez bada gure haurtzaroko munduarekin hain lotua gaudela, eta aitaren eta amaren erabateko onespena behar dugula, eta egiten duguna haiek nahi dutenaren araberakoa dela. Ez diegu huts egin nahi, euren onespena, ulermena, balorazioa eta maita gaitzaten nahi dugu.
Haurtxoa edoski dugu, besotan babestu, garbitu... eta, hala ere, deseroso dago. Zer gertatzen da? Zer gertatzen zaio? Zer gertatzen zaigu?
Amaren itzal guztia gertatzen zaio!!! Umetxo bat hazteko, jaten ematea eta garbitzea aski izango balitz... neskatoek egiten jakingo lukete, panpinekin egiten dutena baita! Umetxaoak —behin jaio denean ere— amarekin partekatzen du esparru emozional guztia, haurtxoaren eta amaren esparru emozionala bat eta bera da, eta amaren emozioek eragin zuzena izango dute bereetan eta bere ongizatean. Hau da, haurtxoak amak bizi duguna bizi du, kontzientea eta inkontzientea den hori guztia, baita gogoratzen ez dugun hori guztia ere, toleratzen ez duguna eta baztertzen duguna. Sentimenduen pisu guztia, pertzeptzioen eta esperientzien zama hori guztia haurrarengan azaltzen da. Amaren ispilua da haurtxoa; ondorioz, norberaren burua ezagutzeko aukera paregabea da.
Entzun izan dugu betidanik, “haurrari nahi duen guztia ematea gaizki heztea da; ez ezazu besotan hainbeste eduki; bakarrik lo egiten ikasi behar du... zer nolako garrantzia dauka atxikimenduak?
Hori guztia gure amari entzun izan badiogu, berrazter dezakegu gure historia, gogora dezagun bizi izan dugun inkonprentsio maila, eta erabaki dezagun hori den aurrerantzean jarrai dezagun nahi duguna, ala gizateriaren etorkizunerako beste zeozer nahi dugun.