Haurra eta heriotza. Txabi ARNAL EHUko irakaslea eta idazlea

2012-06-11
Zergatik hitz egin behar diogu heriotzaz haurrari?  Nola lagunduko digu haur-literaturak?
Heriotzaren gaia ez da atsegina, noski, baina unibertsala da, halabeharrezkoa. Batzuei galdera hau sortzen zaie: eta horren garrantzitsua al da gai hori? Denoi gertatuko zaigun zerbait, dudarik gabe, ez da albistea, arrunta da, egunerokoa, ohikoa. Denoi gertatu beharrekoa bada, orduan, zergatik ezkutatzen dugu? 
 
 
Haurra eta heriotza. Txabi ARNAL EHUko irakaslea eta idazlea
Pentsatzen dut heriotza hezkun­tzan ez dela lantzen, edo eskolan herio­tzaz ez dela hitz egiten, besteak beste, askotan geu ez garelako eroso senti­tzen gai hori aipatzerakoan. Beste arrazoi bat izan daiteke, agian, pentsatzea heriotzaz hitz egitea haurrarentzat txarrerako izan daitekeela, larritu edo nahastu egingo dugula. Baina, nire iritziz, justu kontrakoa eragingo dugu: batetik, haurrak gehiago balioetsiko du daukana; eta, bestetik, lasaiago sentituko da, buruan zerabilen korapiloa askatzen lagundu baitiezaiokegu. 
Lehen Hezkuntzan, eta batez ere Haur Hezkuntzan, haurrak jakin-min handikoak direla ikasi dut irakasle izan naizen garaian, beste gauza askoren ­artean: haurra etengabe prestatzen ari den biziduna dela, eta gauza guztiei buruz jakin nahi duela, desatsegina izan ­arren.
Garai horretako irakasle-eskarmentuak erakutsi dit, era berean, eskolako curriculumak ez diela heltzen “gai deserosoei”. Bitxia da. Inguruneko ­ikasgaiko curriculumak edo ikasliburuak aztertzen baditugu, ikusiko dugu bizitza, garapena, ugalketa, eta abar ­azaltzen direla, zikloaren aldi guztiak ­erakusten direla; heriotza, aldiz, ez da aipatu ere egiten.
Heriotza eta beste gai deseroso ba­tzuk sortzen direnean ikastaldean, ordea, irakasleei baliabideak eta tresnak falta zaizkie. Niri, behintzat, falta zi­tzaizkidan, eta falta zaizkit oraindik. Ez dugu sekula gai hori jorratu, ez digute ­azaldu, ez dugu azaldu, ez dakigu nola esplikatu, ez dugu baliabiderik, eta, gehienetan, ez dakigu heriotzarekin zer egin. Ondorioz, baztertu egiten ­dugu.
Horri guztiari hau ere gehitu behar diogu: nahiko zabalduta dago heriotza ez dela gai egokia haurrekin lantzeko, haur bati azaltzeko. Hortaz, sexuarekin, homosexualitatearekin eta beste hainbat gairekin batera, tabuen zakuan ezkutatzen dugu heriotzaren gaia. Eta ezkutatze hori familian eta komunikabideetan ere gertatzen da. Irakasleok ­eta, oro har,  helduok geure buruari galdetu beharko genioke zergatik ezkuta­tzen dugun era horretara horren naturala eta unibertsala den gai bat, denoi gertatu behar zaigun gertaera bat.
Heriotzaren gaia tratatzeko era horrek zerikusi handia du, nire ustez, gaur egungo bizitzeko moduarekin. Gure herriak txikiagoak zirenean, herritarrek parte hartzen zuten hileta bat gertatzen zenean; familia eta hildakoa ­agurtu egiten zuten; familiari lagundu egiten zioten, eta familia babestu egiten zuten. Gaur egun, aldiz, gaixoak ospitalera eraman, eta, hiltzen direnean, handik tanatoriora eramaten ditugu; ezkutatu egiten ditugu: badirudi gaixotasuna eta heriotza ez daudela ongi ikusiak. Ospitalera edo tanatoriora eramaten ditugunean, haurrengandik urrundu egiten ditugu. Hortaz, heriotza helduoi dagokigun gai bihurtu da. Ohitura bihurtzen ari da kultura hori, eta ez du asko laguntzen heriotza ikusteko eran.
Oso garrantzitsua da haurrekin hitz egitea: baita gai horiez ere. Aurrez aurre, itzuli-mitzuli ibili gabe, eta haurrak ulertuko du, bere neurrian. Beraz, horixe da oinarrizkoena, funtsezkoena: haurrari esatea, eta egia esatea.
Izan ere, askotan, errealitatea gezur baten atzean gordetzen dugu. Hori oso kaltegarria da haurrarentzat, mina bikoiztu egiten baitiogu. Haurrak absen­tzia nabarituko du, eta, egun batean ­egia esaten diogunean, gainera, gezurra esan geniola konturatuko da, eta gureganako konfiantza ezbaian geratuko da.
Ez da erraza, ordea, haurrari maite duen norbait hil dela esatea. Etxekoek haurra ezagutu behar dute, jakiteko zer, noiz eta nola esan. Baina abiapuntua horixe da: esan egin behar zaie, eta lehenbailehen, gainera. Esateko lan horretan, oso kontuan hartzekoak dira norberaren sineskerak. Sinesmendunek, akaso, erantzun gehiago, argudio gehiago, izan ditzakete, haurrak egin ditzakeen galderetarako. Norberak kontatu behar du heriotza, bere sinesmenak kontuan hartuta edo sinesmena abiapuntu izanik; baina, betiere, zer gertatu den kontatu behar zaio haurrari. Jokabide horrek asko lagunduko dio haurrari doluan.
Yalom psikiatra juduak umezurztegi batean egin zuen ikerketak baieztatu egiten du jokaera horren egokitasuna. Umezurtz batzuei hasieratik esan zi­tzaien han zergatik zeuden; beste ba­tzuei, berriz, beste erantzun bat eman zieten, behin-behinekoa. Ikerketaren ondorioak argiak izan ziren: hasieratik egia jakin zuten haurrek dolua azkar ­eta ongi egin zuten. Gezurra esan zitzaienek, aldiz, ezin izan zuten dolua osatu, egia jakin zuten arte. Horren ondorioz, dolu fasea luzatu egin zitzaien, eta min luze eta handia bizi izan zuten. Ikerketa horrek argi adierazten du, beraz, zein fun­tsezkoa den haurrari hasieratik egia ­esatea.
Horregatik, izugarri poztu nintzen Heriotzaren Pedagogia izeneko korrontearen berri izan nuenean. Hezkuntza- eta didaktika-arloetan orain arte inor gutxi urratzen ausartu den bideetan barrena gidari lanak egiten ahalegintzen da korronte hori, hezitzaileei ­eta helduei begira.
Haurrek galera bat izan dutenean behar duten laguntzaz, sentimenduak libreki adierazten uzteaz, hala nahi dutenean maite duten hori agurtzen uzteaz eta nahi dutenean heriotzaren gainean libreki hitz egiteko aukera izateaz mintzo dira Heriotzaren Pedagogian dabiltzan pedagogoak. Haien iritziz, ­era horretan jokatzeak, heriotza desmitifikatzeaz gain, heriotza ulertzen laguntzea dakar, eta txikienei beren minari eta beldurrei era naturalean aurre egiten laguntzea, galera ahalik eta trauma gu­txienarekin onartzearen alde lan egitea eta pausoak ematea. 
Nola azaldu, baina, haurrari heriotza?
Haur bati heriotza kontatzeko, egokia izan daiteke liburu bat (ipuin bat, album bat) erabiltzea. Ezin dugu, ordea, guztia liburuaren gain utzi; liburua tresna bat besterik ez da. Heriotzaren Pedagogia korronteak heriotza azaltzeko hainbat jarduera proposatu ditu. Jarduera horiek bi multzotan bereizten ­ditu: 
Prebentzio-jarduerak: heriotza gertatu aurretik egin beharreko jarduerak dira, beste edozein motatako jarduerak ­egiten diren gisara. Ez da beharrezkoa taldean heriotza bat gertatzea –senideren batena, edo maskotaren batena–, jarduera horiek egiteko: heriotza tratatu egin behar delako, landu egin behar delako, egin behar ­dira.
Jarduera aringarriak: heriotza gertatu ondoren egiten direnak dira.
Nire ustez, garrantzitsuagoak dira lehenengoak. Askotan, heriotza bat gertatu denean bilatzen ditugu tresnak edo jarduerak heriotzaz hitz egiteko, ­eta, beharbada, une hori ez da aproposena haurrarentzat, ez da mementoa, minduta baitago. Horregatik, pentsa­tzen dut heriotza gaitzat duten liburuak eta materialak aurretik landu behar direla.
Haurrentzako albumak aztergai
Nire asmoa heriotzaren gaiaz ari ziren euskarazko albumak aztertzea zen. Ohartu nintzen, baina, aurkitu nuen album kopurua ez zela tesirako corpusa osatzeko adinakoa. 
Horregatik, era batera edo bestera heriotza jorratzen zuten gaztelaniazko 57 album inguratu nituen, liburutegietan, German Sanchez Ruperez Fundazioan eta hainbat aldizkaritako erreferentzietan aurkitutakoak.
Albumak aukeratu nituen, Haur Hezkuntzan askotan erabiltzen den generoa delako. Albumetan, testuaren eta marrazkien bidez kontatzen dira istorioak: biek kontatzen dituzte istorioak, eta bien artean osatzen dituzte.
Albumak aukeratzerakoan erabili nuen beste irizpide bat gaurkotasuna da: albumak bizirik egotea nahi nuen, norbaitek eskuratzeko interesa bazuen, erraz topatzeko. Horregatik, aztertutako albumak 1980tik 2008ra bitartean argitaratutakoak dira.
Albumak aztertzen hasi aurretik baneuzkan hipotesi batzuk. Pentsatzen nuen, horrelako gai deseroso bati buruz aritzerakoan, arlo didaktikoari ­emango zitzaiola lehentasuna: haurrei ­ipuin-formatuan heriotza nola kontatu izango zutela kontuan. 
Nire harridurarako, ordea, liburu horietan arlo didaktikoak oso pisu txikia du. Baziren album batzuk oso didaktikoak zirenak, baina gutxi, % 10 ­ere ezta: aztertutako 57etatik 5 edo 6 besterik ez dira sortu interes didaktikoarekin. Gainera, liburu didaktiko horiek, batez ere, lehen hamarkadakoak dira. Joera, beraz, gero eta literarioagoa da; herio­tzaz hitz egiten dute, baina naturaltasunez.
Bestalde, hainbat ikuspegitatik lantzen dute heriotza: motak edo zergatiak askotarikoak direlako, hildakoak desberdinak direlako, eta abar. Haurraren ikuspegitik ere heltzen diote heriotzari, haurrentzako liburuak direlako eta, nolabait, irakurlearekiko konplizitatea bilatzen dutelako.
Nire beste hipotesi baten arabera, erlijioak pisu handia izango zuen, halaber. Ez zen horrela gertatu. Albumetan, bizitza ziklo bat dela azpimarratzen da batez ere, eta oso gutxitan ematen da ­azalpen erlijioso bat: ez dira % 10era ­iristen. Uste dut haurrarentzat egokia dela hori; izan ere, 6 urteko haurraren pentsamendua ez da batere abstraktua, eta egiazta dezakeena soilik aipatzen zaio album gehienetan, lege fisikoak ­esaten duena: lege fisiko eta unibertsalak esaten du jaio eta hil egiten garela, ­alegia. Beraz, albumak ikuspegi laiko batetik eginda daude.
Izan nuen beste ezustekoa sexuen trataera izan zen. Nire hipotesiaren arabera, sufrituko zuena eta sentimenduak adieraziko zituena neskatoa, neska, emakumea izango zen. Sexuen trataera, ordea, oso orekatua da aztertu ditudan albumetan; hau da, batez ere dolua haurrek bizi dute, eta ia neurri berean sufritzen dute neskek eta mutilek. ­Eta oreka hori ez da alde kuantitatiboan soilik agertzen, biek sufritzen eta azaleratzen baitituzte sentimenduak; are harrigarriagoa da hori, kontuan izanik sentimenduak adieraztea beti emakumearen rola izan dela. Are gehiago, heriotzarekin oso lotuta dagoen sentimendu bat, beldurra, batez ere mutilek adierazi edo azaleratzen dute. Herio­tzaren aurrean oldartzea, ez konformatzea, hori batez ere neskek agertzen dute. Aitzitik, laguntzeko zeregin edo funtzioari dagokionez, dolua egiten ari den haurrari laguntzen diona emakumea da beti: haurrari gertatutakoa ­azaltzen diona, haurra babesten duena, eta abar, emakumea da: ama, amama... beti emakumea. Gizonari ez zaio babes- edo laguntza-funtzio hori egiteko aukerarik ematen. Arlo horretan, sexuen ikuspegitik, beraz, ez da batere ­orekatua.
Azterketan nabarmen agertu den beste alde bat albumen ausardia da. Albumetan, hiltzen dena batez ere aitona da. Hori bizilegea da, naturala da, bizi­tzan, gehienetan, horrela gertatzen delako eta datu demografikoek ere hori diotelako. Haur-literaturak, baina, ez du ­ukatzen ama ere hil daitekeela: album batzuetan hala gertatzen da, ama da hiltzen dena. Eta hori ausardia handiz jokatzea da, haurrarentzat ama baita pertsonarik garrantzitsuena. Beste ba­tzuetan, haurra bera da hiltzen dena.
Bestalde, heriotza bortitzak gerta­tzen dira: gerra agertzen da, adibidez. Ez da ezkutatzen, beraz, heriotza era bortitzean ere gertatzen dela.
Esku artean nuen beste hipotesi bat hauxe zen: haur-literatura dela kontuan izanik, egileek, askotan, filtro modura animaliak erabiliko zituzten. Izan ere, ez da gauza bera heriotza animalien bidez kontatzea, edo gizon-emakumeen bidez kontatzea. Albumetan, zenbaitetan, animaliak dira hildakoak, baina ez dira % 25era iristen. Beraz, ­esan genezake heriotza naturaltasunez erakusten dutela.
Albumen azterketak beste alde bat utzi du argitan: gaur egungo literaturan, oraindik ez da erakusten heriotzaren alde fisikoa; hilotza ez da erakusten, ez testuan eta ezta irudietan ere. Horrekin batera, denbora iragatearen eta gaixotasunaren ondorio fisikoak ere ez dira erakusten. 
XXI. mendearen lehen urteetan, bikoiztu egin da heriotza gai nagusi duten haurrentzako lanen kopurua. Alta, heriotzaren inguruko haur-literatura dei diezaiokegun horretan, hainbat azpi-tabuk hor jarraitzen dute. Zenbait heriotza-arrazoik ezin aipatuzkoak izaten jarraitzen dute. Heriotza leundu egiten da. Lan horietan, heriotza adinekoei ­era naturalean gertatzen zaien gertaera gisa aurkezten jarraitzen da, ez zaie gazteei ia inoiz gertatzen, gainera. Ez dago bortizkeriarik, ez istripurik, ez gaixotasun terminalik, eta are gutxiago suizidiorik.
Doluaren osaera egokia
Haur-literatura ausartaren hariari tiraka, J. William Worden psikologiako ­irakasleak dio dolua ongi osatzeko, haurrak bi behar ase behar dituela: alde batetik, babestuta edo lagunduta sentitu behar du, pertsona bat izan behar du ondoan, sentitzen duena kontatu ahal izateko; bestalde, haurrak hildakoa ­agurtzeko aukera izan behar du. Wordenen ikerketen arabera, haurrak hildako lagun maiteari agur esateko aukera baldin badu, agur esaten badio, dolu fasearen edo aldiaren lehen etapa jada gainditua izango du. Aztertutako album askotan, haurrari aukera ematen zaio hiletan, elizkizunetan eta halako ­agurretan parte hartzeko, eta haurrak parte hartzen du. Haurra heriotzara hurbiltzeko modu bat da, eta oso interesgarria da hori. Beraz, alde horretatik ere, haur-literatura ausarta da, haurra ­errealitate horretara hurbiltzen duelako. Ausarta eta egokia, gainera.
Aztertutakoak aztertuta, esango nuke heriotzaren gaiak haur-literaturaren interesa piztu duela. Pixkanaka, gero eta liburu gehiago argitaratzen dira, heriotzaren gaia jorratzen dutenak. Aztertutako 57 albumetatik, 31 azken zor­tzi urteotan argitaratutakoak dira. Datu horretatik ondoriozta daiteke heriotzaren gaiak baduela interesa literaturarentzat. Kontua litzateke interes horren jatorria zein den aztertzea: egoeraren ­araberakoa den; egilearen ekimenez gertatu den, hau da, sortzeko askatasunagatik izan den; edo argitaletxeak, jendarteak eta ikastetxeek eskatu dutelako gertatu den. Gerta daiteke hezkuntzan gai horren inguruan sortutako nolabaiteko moda baten eragina izatea ugaltze hori, eta horrek badu arriskua: norbaitek pentsa dezake  jada bete dela zegoen hutsunea. Datozen urteek erakutsiko dute hori horrela den ala ez.
Erronka handi bat dugu aurrez aurre, tabu bihurtu ditugun gai “deseroso” horien gainean hitz egiteko. Datozen urteetan, era naturalean idatzi beharko genuke, modu naturalean, haien gainean. Izan ere, haurrak abentura nahi du, emozioa nahi du, sentitu egin nahi du. Gai horiek agertu egin behar dute ­literaturan, baina ez soilik deserosoak direlako, gainerako gai guztien pare ­agertu behar dutelako baizik: haurrak jakin dezan beldurraz, abenturaz, bizi­tzaren atseginaz... Baina haurrak bizi­tzak alde ilunak eta tristeak ere badituela jakin behar du.  
Jaiotzeak heriotza du zor esaera zaharrak laburbil dezake, askotan, ezkutatzen dugun errealitate horren mamia: heriotza beti egongo da, ezin dugu ezer egin; gertatuko zaigu, eta gertatuko zaie. Hala ere, haurrekin gai horretaz hitz egiten badugu eta gaia naturaltasunez ateratzen badugu, zama hori ­eramaten lagundu egingo diegu, edo zama hori arinago eramaten, behintzat. Lan horretan, tresna egokiak izan daitezke albumak. Eta hiltzen jarraituko dugu, eta tristea izango da, beti. Baina, norberak horrelako gertaera baten aurrean egin behar duen dolua egiteko, tresna egokiak eskain diezazkiekegu.
 
Hainbat titulu aipagarri
Lehen esan dudanez, album gehienen balio literarioa oso handia da, eta, horregatik, eta ez soilik jorra­tzen duten gaiarengatik, liburutegietan eta ikastegietan egon behar lukete. Hala ere, honako hauek aipatuko nituzke, besteak beste:
-Van Ommen, Sylvia: Regaliz, Kokinos, 2005: balio literario handiko liburua da, eta, gainera, heriotzari buruz hitz egiten du haur batzuen ikuspegitik, hildakorik egon gabe. 4 urtetik gorako haurrentzat.
Voltz, Christian: La caricia de la mariposa, Kalandraka, 2008: haurrak aitonari galdetzen dio hil den ­amonari buruz. Marrazkigileak, collagearen bidez, amona agerrarazten du, aitonaren kontakizunak irauten duen bitartean. Proposamen egokia herio­tza aipatzeko, batzuk joan arren gelditzen direnak aipatuz. 6 urtetik gorako haurrentzat.
SCHÖSSOW, Peter: ¿Cómo es posible?: La historia de Elvis, Lóguez, 2006: album honetan, neska bati txoria hil zaio. Parkean dabiltzan lagunek lagundu egingo diote mina arin­tzen. 6 urtetik gorako haurrentzat.