HAURDUNALDIA: Zer egin behar dut?
Zer egin behar du bikotekideak haurdunaldian? Hori galdetzen dute aita izan behar duten gizon askok edota euren bikotekidea haurdun duten emakume askok. “Zer egin behar dut berari tripa hazten zaion bitartean?”; “Eta erditzean?”; “Eta gero?”; “Eta nola?”... “Ezer ere ez”, da batzuetan erantzuna. “Begiratu, sentitu”, beste hainbatetan. “Edo unean uneko beharrak eskatzen duena”. Ez dago errezetarik.
Egitea sentitzea baino errazago zaie aitagai askori, egitera ohituak baitaude, eta sentitu bai sentitu arren, sentimendu horiek azaltzera ez daude hain ohituak. Hortaz bada, nola sentituko du haurdunaldia triparik haziko ez zaion baino esperoan dagoen bikotekideak?. “Informatuz” dio Carmen Ferro emaginak.
Bikotekideak bederatzi hilabetean sabelean haurra ez ernatzeaz gain, gizonezkoa den kasuetan, aitatasunaren instintua, normalki, emakumeak baino lokartuago edukitzen du, bestelako rol batzutarako hezia izan baita. Hortaz, Ferrori esperientziak erakutsi dio aitatasun sentimendua estimulatzea edo esnatzea dela haurdunaldian bikotekideak egin beharreko lana. Ze izan, aitatasun sena barruan dute gizonezkoek, emakumezkoek amatasun instintua duten bezala. Animalia ugaztun garen neurrian, jaiotzetik hasten gara instintu hortaz elikatzen; zaintzen gaituzten une horretan ikasten dugu zaintzen. Gizonezkoek ere une horretan jaso jasotzen dute sena, eta emakume askok gerora ernai mantentzen duten bezala, gizonezko askok atzean uzten dute, lozorroan. “Baina barrenean dute”. Alabaina, “aita izateko nahia” eta “aitatasun instintua” bereizten ditu Ferrok. “Aita izan nahi dutela badakite gizonezko askok, euren proiekzioa seme-alabengan ikusten dutelako. Baina, askotan proiekzio hori arrazionala da, eta ez emozionala. Aitatasuna, berriz, emozionala da”.
Instintu hori informatuz estimulatzen da: “Informatzea da interesa sortzeko lehen bidea, gaiaz ez badakizu ezer, zail da interesatzea; behin interesa sortzen zaigunean, galderak sortuko zaizkigu; galderak erantzuteko nahia eta beharra; eta duda gehiago, eta inplikazio handiagoa izango dugu haurdunaldian”. Inplikatzen diren gizonengan ikusten du aldaketarik handiena Ferrok: “Ama izango dena aldaketa handia ari da bizitzen; baina askotan, bere buruari aitatasuna bizitzen uzten dion gizonarengan gertatzen den aldaketa handiagoa izaten da”.
Zein da bikotekidearen rola haurdunaldian?
Haurdunaldian hasten da familiaren sustraitzea, horregatik da garrantzitsua bikotekidearen inplikazioa haurdunaldian hastea, haurra etxera iritsi aurretik prestatzen hastea. Prestatzeko modu bat bikotekidearen rola zein den ezagutzea da, eta Ferrok dio hori laguntzailearen rola dela. Ez beraz, kontrolatzailearen rola, “kirola egin behar duzu”, “hau ezin duzu jan”, “bestea jan behar duzu” dioen polizia kontrolatzailearena. Prozesuan emakumeari lagunduko diona izan ohi da bikotekidea. Baina, zertan lagundu?
Horregatik, bikotekideak jakin egin behar du zer egin dezakeen, haurdunaldian bertan. Bikotekideak bere lekua zein den jakin behar duela dio Ferrok. Batzuetan isilik eta ezer egin gabe egotea laguntzea dela jakin behar du; beste batzuetan egitea, edo besarkatzea. “Prestatua dagoen aitak badaki nola erantzun behar duen, nola lagundu behar duen emozionalki”. Horretarako norberaren emozioak ezagutu behar ditu, amarenak ere bai, eta prozesua bera ere bai.
“Bera dago haurdun, bera erdituko da, berak emango dio bularra… eta ni?”
Bikotekideak nola lagundu dezakeen galdetzea da, adibidez, galdera inportante bat. “Askotan geuk behar edo sentitzen dugunetik laguntzen dugu; guk gosea dugunean, jaten ematen dugu; hotza dugunean, berokia ematen dugu; besarkatzea nahi dugunean besarkatu egiten dugu, baina agian ondokoak haizea hartu nahi du, ez da gose, eta bero da”.
Ama eta bikotekidea % 50 eta 50 izango direla pentsatu ohi da, sarri, prozesuaren hasieran. Baina, hasteko eta behin, naturak ez du aukerarik ematen, ama eta bikotekidea 50 eta 50 izateko. Umea amaren erraietan sortu baita, amak munduratuko du, eta elikatuko (edoskitzen badu). Horregatik, bere lekua zein den ez dakiten bikotekide askok euren burua bazterturik ikusten dute prozesu osoan zehar. Edota “ikuslearen rola” hartzen dute. Baina bikotekideak ehuneko kopuruei erreparatu gabe parte hartu dezake haurdunaldian (eta erditzean eta hazieran...). Hasteko, amak espazioak utziz. Amari, sarritan, “ugaztun eskua” ateratzen zaiola dio Ferrok, eta dena berak egin nahi izaten duela. Bikotekideak zer egin dezakeen ezagutzea garrantzitsua dela dio, eta espazio horiek hartzea eta partekatzea amarekin, bularra eman ezin dion arren, kontaktua eman diezaioke bere bularrak; bainatu dezake haurra, irriak parteka ditzakete, pardelak aldatu... hazierak momentu ugari ematen dizkio aitari eta beste amari ere.
Horrez gain, haurdunak haurra jaio aurretik ezagutzeko aukera duen arren, bikotekideak ez dauka, baina haurtxoak ezagutu dezake bera, aitagaiak edo beste amagaiak hitz egiten badiote, adibidez.
“Zertaz eta nola informatu, nire barruko instintua estimulatzeko?”
- Haurdunaldia partekatzea haurdunaldia sentitzeko modu bat da. Partekatzeak hitz egitea eta entzutea esan nahi du, eta baita ukitzea ere. Amagaiarekin eta beste bikotekide batzuekin haurdunaldiaz eta espero duten umeari buruz hitz egitea gomendatzen du emaginak. Amagaiak bizi dituen aldaketa fisiko eta emozionalak bikotekidearekin partekatzea, eta honek ere bere sentimenduak azaltzea balioesten du. Beste bikotekide batzuekin, aita edo ama izan direnekin hitz egitea gomendatzen du: “Aitak eta aitagaiak euren artean hitz egiten hasi orduko gertatzen dira euren barruetan aldaketa handienak, normalki ez baitaude emozioez hitz egitera ohituta”.
- Kurtsoak bikotekidearentzat ere badira. Haurdunaldiaren prozesuaz, erditzeaz, eta erditze ondokoaz informazioa eman eta jasotzen da kurtsoetan, eta informazio hori bikotekideei ere zuzendua dago. Haurdunaldiaren prozesu fisikoa ezagutzeak —aldaketa hormonalak eta horien eraginak, besteak beste— eta horrek dakartzan aldaketa emozionalak ulertzeak bikotekideari haurdunaldia bizitzen laguntzen diote. Kurtsoetan, gainera, erditzea prestatzeko informazioa ematen da, bikotekideak erditzearen parte izan nahi badu, prestatu egin behar du, zertan eta nola lagun dezakeen jakin, bikotekidea amaren euskarria izango baita erditzean. “Gauzen zergatia jakiteak laguntzen du gauzak ondo egiten: jakin egin behar du, adibidez, zergatik den garrantzitsua arnastea; eta jakin egin behar du natura aurretik joango dela eta berak emango diola amari segurtasuna egiten ari den horretan, agobiatu gabe, espazioak okupatu gabe”.
- Medikuaren kontsultak ere bai. Medikuaren azalpenak lehen eskutik ezagutzeaz gain, bikotekideak berak dituen galderak edo sor dakizkiokeenak egin ditzake bertan. Haurdunari egiten zaizkion frogak ere bizi ahal izango ditu, haurraren bihotz erritmoa entzun edota ekografiatan ikusi. |