Rafael Cristobal: "Ez diezaiegun ez umeari eta ez familiari exijitu, lagun diezaiegun"

2012-10-08

Gurasoek euren eta umeen gaitasunetan sinestea, eta konfiantza eta segurtasuna edukitzea dira Rafael Cristobal Psikiatrian doktore eta Huheziko irakaslearen arabera, heziketaren klabeak; “hortik aurrera, gauzak errazak dira”.   

 
 
Rafael Cristobal: "Ez diezaiegun ez umeari eta ez familiari exijitu, lagun diezaiegun"

Heziketaren oinarrizko bi printzipio betetzea proposatzen du Rafael Cristobalek: batetik, gurasoak, lehen-lehenik haurraren erritmoetara moldatzea; eta bigarrenik, umearengan konfiantza edukitzea. Printzipioak bete daitezen, umeari bere mundura-tzean lagundu egin behar zaion bezala, gurasoei ere lagundu egin behar zaie haren munduratzean, Medikuntzan, Neurologian eta Psikiatrian doktorea den aita honen arabera. Lausana eta Genevako unibertsitateetan lan egindakoa da, eta Mondragon Unibertsitateko Garapenaren Psikologiako irakasle, Hazitegi proiektuaren sortzaile eta Arizmendi eta Aranzadi ikastoletako aholkularia da, eta bere ibilbide profesionalean oinarriturik eta Ikerketa enpirikoak baliatuz, guraso eta hezitzaileen laguntzarako ‘El niño en la mirada del conocimiento’ liburua idatzi zuen duela bi urte (aurrez argitaraturiko ‘Fundamentos del ser humano, una psicología para educadores’ liburuaren egokitzapen osatuago bat da). Konfiantzaren pedagogia aldarrikatzen du laurehundik gora orrialdeko liburuan eta elkarrizketa honetan. 

Historian zehar, hazierari buruzko kultura eta ohiturak jakituria tradizionalaren bidez transmititu izan dira.  Euskal Herriko haziera kultura zer-nolakoa izan da?

Nik uste dut hemen amatasuna ondo garatua egon dela. Gure haziera kulturan eragina duten bi faktore kontuan izan behar dira: batetik, bizitza  hemen zaila izan da, eta lan handia egin beharra izan duen gizarte bat izan da gurea; hala ere, oro har, samurtasun handiko amatasuna garatu da. Bestetik, sen-tsualitatea eta sexualitatea asko erreprimitu dituen herri bat izan da gurea, eta hezkuntza tradizioan eragina izan du faktore horrek. 

Behin umea oinez hasten denetik aurrera, hau da, umea handitzat hartzen denetik aurrera, hasierako samurtasun hori estali egin da eta sentipenaren agerpena ez da behar bezala garatu. Horregatik, oso gutxi begiratzen diogu elkarri begietara, eta oso gutxi ukitzen dugu elkar, hori heziketa arazo bat da. Sentipenaren agerpenari bezala, harrokeriari izugarrizko beldurra izan diogu, “harrotu barik!”, zenbat aldiz esaten den hori. Harroa izateari beldurra diogulako, erreprimitu egin ditugu, baita ere, alabantza espresio guztiak.

Euskal Herriko haziera kulturaren ezaugarri bat da ez dela izan ume martsupialoaren haziera, baizik eta bereiziriko umearena; hau da, umea ez da amaren gainean egon, eta horrek eragina dauka hazieran. Hemen sehaskan egon da umea, horregatik daude hainbeste sehaska kantu, haziera hala izan delako. 

Horrez gain, amaz gain, kontuan izatekoa da amamek jokatu duten rola, samurtasun rol garrantzitsua jokatu baitute. Amarekin harreman gutxi eduki dute neska askok, eta amamarekin dute samurtasun harremana. 

‘El niño en la mirada del conocimiento. Una pedagogía de la confianza’ liburuaren sarrerako lehen lerroetan diozu gaur egun gurasoak eta hezi-tzaileak doktrina psikologiko anitz eta kontraesankorren erdian daudela, eta inoiz baino beharrezkoagoa dela fidagarritasun bermea eskaintzen duen psikologia. Fidagarritasun tresna bat eskaintzeko helburua du liburuak?

Betikoak, jada, ez du balio. Hortaz, zer egin eta nola egin? Korronte asko daude, eta guraso eta hezitzaileak nahastuta daude. Gaur egun, 1958. urtetik, haurrari buruz jakin behar ditugun gauzarik garrantzitsuenak badakizkigu, Harlow-ek primateen inguruan eginiko ikerketei, eta Lorenzek gizakiaz eginikoei esker. Eraiki dezakegu, beraz, gurasoak eta hezitzaileak gidatuko dituen pedagogia bat egiaztagarria den psikologian oinarriturik. Nik liburua ez nuen idatzi nire gustuetan oinarriturik, ebidentzia bibliografikoan oinarriturik baizik, ondo frogatutako ikerketen emaitzetan oinarriturik. Gurasoei informazio ona ematen badiezu, klabeak ematen badizkiezu, gero eurak gai dira erantzunak emateko, ikusten dute gauzak ez direla hain zailak. 

 

Abiapuntu gisa diozu gizakia ugaztun guztien artean heldugabeena dela jaiotzeko unean. Instintuak gutxien  helduak dituen izakia da, hain zuzen ere, beste izakiak baino urrunago iritsi ahal izango duelako, horregatik da hain ahula jaiotzean. Gurasoek ondo zainduz gero, ondo garatuko den izaki heldugabe bat dutela ulertzea da heziketa egoki baten abiapuntua, zuk liburuan diozunez. 

Animaliak eta gizakiak estudiatuz, ikerlariak ohartu ziren gizakia fetu egoeran jaiotzen dela. Haurrak, bere bizitzaren lau-bosgarren hilabetean lortzen du primateak jaioberritan daukan garapen mailaren parekoa. Bosgarren hilabetean edukiko du primate batek jaiotzeko momentuan daukan garapen psikomotorea, bitartean egoera fetalean egongo da. Arrisku handiko faktorea da hori, uteroan amaren biologiak oso ondo erantzuten dio umekiaren beharrei, baina lehen bost hilabeteetan –eta ondorengoetan ere bai, nosk— ez badiozu behar duen atentzio osoa ematen ume horri, faktore horrek ondorio oso garrantzitsuak izan di-tzake, bizitzaren hastapenetan ari baita pertsona hori bere zimenduak eraikitzen.

 

Pertsona batek bere buruarengan eta beste pertsonarengan konfiantza izatea ala ez izatea, lehen hamabi hilabeteetan lortzen da, gero noski aldaketak eta moldaketak egon litezke, baina lehen urtebetean dagoeneko bere buruarekiko eta ingurukoekiko konfiantza eraikitzen ari da. Hamabigarren hilabeterako haurrak memoria dauka, eta erlazio mota bat eraiki du eta bizi guztian zehar iraungo du, esku-hartzen ez bada. Lehen bost urteak funtsezkoak dira, baina bereziki lehen urtea, bigarrena eta hirugarrena oso inportanteak dira, eta hori oso presente izan behar du gurasoak.

 

Zein dira umeak dituen gaitasunak eta zein dira zaindu beharreko oinarrizko beharrak?

Umea amaren barruan egon denean biologiak bere beharrak erabat asebetetzen eta erregulatzen zituen. Gero, behin mundura atera denean, bi gauza funtsezko egin behar ditu arnasa hartzearekin batera —arnasa bere kabuz hartuko du—: elikatu eta lo egin. Bizitza uterinotik munduko bizitzara egokitzea oso egokitzapen zaila da haurrarentzat. Kultura tradizionaletan —haziera martsupialoen kasuetan— egokitzapen hori  erraza da haurrarentzat, umea egun osoan amaren gorputzari itsatsia baitago eta amak uteroaren funtzioa bete-tzen du. Baina haziera distantzian egiten dugun kulturetan, umeari zailagoa egiten zaio mundura egokitzea; hainbat gaitz agertzen dira egoki-tzapen hori kostata egiten ari dela erakusten dutenak: tripetako gaitzak, adibidez –kolikoak eta antzekoak-, edo lotarako ezintasunak. 

 

Heziketaren oinarrizko lehen printzipioa ondo betetzen bada, umeari lagundu egingo zaio egokitzapen horretan: gurasoek —bereziki amak—haurraren erritmoetara moldatu behar dute, umea gurasoen erritmoetara egingo bada. Umea nortasun-agiri neurobiologiko batekin jaiotzen da, eta agiri horren arabera, lotarako erritmo batzuk ditu, elikatzeko bere erritmoak ditu… eta erritmo horietara egokitu behar lukete gurasoek, eta pixkanaka umea egokituz joango da gurasoen erritmoetara, zazpi-zortzigarren hilabetera. Haurraren erritmoetara egokituta, oso samurra da ume bat haztea. Hortik aurrera, umeak berak eskatuko baitu behar duen guztia, eta gurasoek ez dute behar horiei erantzutea beste lanik izango. Baina betiere heziketaren oinarrizko bigarren printzipioa bete-tzen bada, hau da, umearengan konfiantza baldin badaukazu.

 

Konfiantza aipatu duzu, eta zuk konfiantzaren pedagogiaz hitz egiten duzu liburuan. Zer da konfiantzaren pedagogia?

Umea susmopean egon da historikoki. Hasteko, bekatu originalagatik, baina baita beste arrazoi askorengatik ere. Umea susmopean egonik, ezinezkoa da konfiantzazko harreman bat eraikitzea, eta hori akats bat da. Umearengan konfiantza baldin baduzu, eta haren eskariak egokiak direla uste baduzu, ondo joango dira gauzak, haren behar seinaleei eran-tzuteko beste lanik ez baitu edukiko gurasoak. Aldiz, umearekiko mesfidatia baldin bazara, berekoia edo mimosoa dela pentsatzen baduzu, harreman hori zaila izango da hasieratik.

 

Hori helduen artean ere horrela da: nik zurekiko konfiantza baldin badaukat, zure galderei erantzun beste lanik ez dut izango; baina zurekiko mesfidatia baldin banaiz, eta galderen atzean bestelako intentzioren bat dagoela pentsatzen hasten baldin banaiz, gure artean gatazka bat sortuko da. Eta umea oso sentsiblea da konfiantzarekiko.

 

Umearen eta familiaren erritmo biologiko eta psikikoen sintonia aipatu duzu; gurasoek, azkar batean, umea jaio aurretiko erritmora itzultzeko ahalegina egiten badute, arazoen abiapuntu izan liteke?

Haurrak bere legeak ditu: denbora eta disponibilitatea eskatzen ditu. Baina amak ere laguntza behar du. Lehen momentu horretan, uterotik mundura egiten duenean, umeak egokitzapena behar duen bezala, amak —eta gurasoek— laguntza behar dute,  bizimodu berrira egokitu behar baitute eta eurentzat ere aldaketa hori oso handia izango da. 

 

Oso inportantea da haurdunaldian arriskuan dauden amak identifika-tzea. Erditzeko prestakuntza oso inportantea da, bai, baina hori bezain edo are inportanteagoa da ama horrek umea nola jasoko duen begira-tzea. Posible da beldur handia izatea, edo bestelako zailtasunak sentitzea amatasunaren inguruan; edo bikotea gatazkan egotea; pertsona horiek identifikatzea eta laguntza ematea funtsezkoa da. Familiari asko lagundu behar zaio, ez diezaiogun umeari exijitu eta ez diezaiegun familiei exijitu, lagun diezaiegun umeei, eta lagun diezaiegun gurasoei. 

 

Eta laguntza hori nork eman behar du? Nola detektatzen da ama edo gurasoak egoera horretan daudela?

Emaginaren egitekoa izan beharko litzateke hori, erditzerako presta-tzen duen emagin horrek identifikatu beharko luke zailtasunetan dagoen ama bat. Gero, behin umea jaiotzen denean, lehen asteetan behar izaten dute gurasoek —amak bereziki— laguntza handiena, eta izan dezala familia horrek profesional talde baten babesa hasierako uneetan, eta aurrerago eskolak parte hartuko du.  

 

Gu hemen bailaran, Arizmendi eta Aranzadi ikastoletan ari gara halako zerbait lantzen. Gaur egun hemen eskola eta gurasoen arteko lankidetza egiten da, guraso mintegi bat dago. Baina ideia da haurdunaldian hastea lanean, zailtasunetan dagoen amari lagunduko dion talde oso batekin. Osasun zerbitzuek —obstetrizia, pediatria eta ginekologia— eta eskolak, denok bat eginda lagundu beharko genieke gaur egungo gurasoei. 

 

Haurdunaldia ez da garai huts  bat, ezta? Ama nola dagoen eragiten dio zuzenean umeari.

Badira hipotesi nahiko sendoak diotenak amaren egoera animikoak eragiten diola umeari, hormonen bidez –antsietatea baldin badaukazu, kasu, umeari transmititzen zaio, eta lotarako arazoetan ikusten da hori, adibidez-. Baina argi badakiguna da, umea jaiotzeko garaian ama prestatua egoteak garrantzi handia duela,  ume hori beldur barik, segurtasunez eta ilusioarekin jaso dezan. Horretarako amak laguntza behar du, eta aitak ere bai. 

 

Gaur egun, gure gizartean emakume askok apenas ikusi dute umerik eurena eduki duten arte. Lehen gure gizartean —eta gaur egun oraindik beste kultura batzuetan hala da—,  beti dago emakume baten inguruan beste bat —ahizpa, izeba, lehengusina…— ume bat hazten ari dena.  Ofizioak ikasten diren bezala, hazieraren metodoak ere beste ama batzuei ikusiz ikasten dute kultura horietan. Baina hemen, emakume askok ez daukate umerik inguruan, eta horregatik, bizimodu berrira egokitzeko amak eta aitak ez dute tresnarik edo ezagutzarik sarri, eta laguntza behar dute. Ez daitezela apuraturik sentitu  umeak ez duelako lorik egiten edo tripetako mina duelako, eska dezatela laguntza. 

Emakumeek ume gutxi ikusi badituzte, oro har, are gutxiago ikusi ohi dituzte gizonezkoek. Nola presta liteke aita gaur egun?

Aitari lagundu egin behar zaio sorpresari irekia egon dadin: utz diezaiola bere buruari harritzen eta senti-tzen, ez dezala aurrebaldintzarik jarri. Gizonarentzat aholkurik onena ume baten hazieraren gauza zoragarri guztiekin bere buruari harritzen utz diezaiola da. Guk ere, gizonok, zuekin, emakumeekin, ikasi beharko genuke ezagutzen den hori guztia maitatu eta zaindu egiten dela. Horregatik, ezagutu egin behar da lehenengo eta behin umearen haziera zer den. Emakumeek dagoeneko harreman gutxi duzue umeekin, eta gizonek berriz, batere harremanik ez daukate. Aitak jakin egin behar du zer den haur bat, eta behin jakinda interpretatu ahal izango ditu haren seinaleak, umeak nola ikertzen duen, nola egiten dituen gauzak… eta gozatu ahal izango du. Umearen garapena ezagutzen duzun neurrian, orduan eta gehiago maiteko duzu. Guk gizonezkook ikasi egin behar dugu.

 

Baina aitak oraindik ez dira aitatasunerako prestatzen, ez euren kabuz prestatzen dute euren burua, eta ezta erditzea prestatzeko ikastaroetan ere ez dira aitak presta-tzen. Prestatuz gero, jakingo lukete  emakumeek erditzeko garaian krisi-une bat igarotzen dutela, guztiek. Seigarren-zazpigarren egunean hormonen erorketa antzeko gauza bat gertatzen da, baxualdi bat bezala bizi du amak, eta horrez gain, biologikoki amatasun sena ateratzen da (animalien artean oso argi ikusten da hori). Amatasun sena atxikimendu senaren aldagai bat da, haurra jaiotzeko unean sen hori sortzen da amarengan. Emakumeari biologiagatik atxikimendu sena pizten zaio, umeak behar duena hori delako. Baina ama horrek ere une horretan ikaragarrizko kariño beharra dauka, eta bikotekideak ematen ez badio, beste norbaitengan bilatu beharko du, normalean norbere amarengan aurkituko du.

 

Lehen umearen jaiotzarekin bikote askoren endekatzea gertatzen dela diozu liburuan, zergatik?

Bizimodu berrira ohitzea ez da erraza, ez amarentzat eta ezta aitarentzat ere.  Gizona prest ez egotean, eta amaren behar horiek ez identifikatzean eta ez asetzean, amak instintiboki bere amarengan bilatu ohi du babesa, eta bikotearen arteko urruntzea gertatu ohi da kasu askotan. Horren inguruan azalpen asko eman dira, eta gehienetan tontakeria asko esan izan dira. Uste izan da gizonak gaizki senti-tzen ginela, doluan sartzen garela amak umea edukitzean gizonaren beharrik ez daukala pentsatu izan delako. Baina hori ez da horrela, orduantxe dauka emakumeak maitatua, ukitua eta mimatua izateko beharra, eta bikotearen arteko harremana kaltetua ateratzen da hori identifikatu ezean. 

 

Lehen bost urteen garrantzia aipatu duzu, hor gauzak ondo bideratuz gero, ondorengoak urte errazak izaten direla. Baina nerabezaroa, ostera ere, garai gatazkatsu gisa ulertzen dute guraso askok.

Zibilizazio bateko ziklo amaieran gaude, eta hori oso kontuan eduki behar dugun puntua da. Euskal Herrian oraindik erroak ditugu, baina hala ere, egitura tradizionalak apurtu egin dira, hor aurrean dugun horrek [eliza seinalatzen du] zuzenduriko egitura bat behera erortzen ari da, eta orientabiderik gabe dago jende asko. Helduak bidea guztiz jakin barik baldin bagaude, pentsa nola egongo diren gaur eguneko nerabeak! Heziketa krisi gogorra ari gara bizitzen Europa osoan. Eta, gazteentzat ez dago helburu sozialik, ez helmuga eta ideal argirik. 

 

Nerabezaroa garai handia da haur garaietako heziketa akats handiak konpontzeko. Zer arazo? Nerabezaroko sumindura heziketako minaren mendekua da. Gurasoek seme-alabak ondo tratatu badituzte –konfiantzan, errespetuz eta duintasunez— nerabe horiek ez daukate euren gurasoen kontra jarri beharrik, askatasuna beharko dute, http://bit.ly/RAEn5N eta euren bidea egiten utz diezaieten. Umeek euren kasa ibiltzeko premia daukate txikitatik, ez denbora guztian gurasoen eta irakasleen begiak bizkarrean dituztela ibiltzekoa. Gauza bera gertatzen da nerabezaroan, horrexegatik dauka gauak halako erreklamoa, ez baitaude gurasoen begiak, eta gaztetxoak aske sentitzen dira. Konfiantzan hezi den ume bat libre sentitzen da, eta ez dauka gurasoekin hausteko beharrik. Desados egon liteke, eztabaida dezake, baina ez du zertan mundu hori hautsi beharrik. 

 

“Umeak badaki nahi bezain urrun joan litekeela portu seguru batera itzultzeko aukera baldin badauka”

Instintuei buruzko azalpen zabalak eman dituzu liburuan, haurra ezagutzea haren ahalmenak gara-tzen laguntzeko bide dela baitiozu. Liburuan agertzen duzunez, instintuak kronologikoki pizten dira, lehenik atxikimenduarena; gero esploratorioa; ondoren beldurrarena edo ihesaren instintua; erasoarena; sexuala, eta zaintzarena edo gurasotasunarena ondoren. Atxikimendu senari erantzuten ez bazaio, zer gertatzen da?

Oso akats handia da atxikimenduari uko egitea. Gaur egun oraindik aurreiritzi handiekin funtzionatzen dugu. “Amazulo izango da; ez ezazu besoetan hartu; gaizki hezi behar duzu…” Bada oraindik mentalitate hori, umeari erantzuten badiozu pertsona ahul eta mimosoa egiten ari zarela uste duen pentsamoldea. Eta hori ezjakintasun handi bat da. Gizakia primatea da, eta primateak egun osoan amari helduta egoten dira, eta gizarte tradizionaletan ere halaxe egoten dira umeak. Umearentzako ama —edo atxikimendu osoa ematen dion pertsona hori— bere maitasuna da, laugarren hilabetean irribarre gehien atera-tzen dizkion pertsona da; negarra lasaitzen dion pertsona. Hau gero helduaroan maitasun harreman erotikoetan birsortzen da. Umetan, lehen harreman horretan, ez badu segurtasunik izan, bere beharrei ez amak ez inork erantzun ez badie, pertsona horrek helduaroan nabaritu egingo du gabezia hori, berak horrela harremantzen ikasi duelako lehen-lehen unetik. Jeloskor, posesibo eta horrelako harreman asko gabezia horien ondorio dira, oina-rrizko konfiantza eraikitzeko momentuan hutsune bat egon baita. 

 

Guztiok nahi dugu gure seme-alabak pertsona seguruak izatea; mundu zail honi aurre egiteko gai izatea; ikerlaria izatea, munduan barrena ibiltzea… Oso ondo! Baina hori nola egiten da? Umea zure presentziaz asez eta umea zure maitasunaren objektu sentiaraziz. Lau-bosgarren hilabetean, esplorazioaren sena pizten den garaian, segurtasun portu bat izango du nahi duen guztian itzuli ahal izango duena; ume horrek —eta gero heldu horrek— badaki nahi bezain urrun joan litekeela beti portu seguru batera itzultzeko aukera baldin badauka. Portu hori gero eta seguruago izan, segurtasun handiagoa edukiko du pertsona horrek. Horretarako, lehen maitasun harreman hori ongi eraikitzea oso inportantea da, konfiantza eraikitzen ari delako.

 

Besotan ez hartzea bezala, negarraren inguruan ere mito asko daude. 

Lehenik eta behin, umearen negarra ezagutu behar dugu. Bata negar naturala da, bizitzako lehen sei edo zazpi hilabeteetako negarra, mina, gosea, hotza… daukanean egiten duen negarra da. Gero, zazpi-zortzigarren hilabeteen bueltan umea inteligentzia garatzen hasten da, eta badaki behar duen hori lortzeko zein bide egin behar duen, bitartekoak eta helburuak ezagutzen hasi baita. Kasu horretan, bigarren negar mota hori ateratzen da, negar faltsua, naturala ez, eta instrumentala dena. Jendeak —bai gurasoek, irakasleek eta baita pediatrek ere— nahastu egiten dituzte bi negar mota hauek, baina desberdinak dira. Hasieran esan duguna bete-tzen bada, eta ume bat konfiantzarekin tratatua bada, haur horrek ez dauka plantak egin beharrik eran-tzun bat jasotzeko. 

 

Beste mito bat da prohibizio, zen-tsura eta zigorrei buruzkoa, sarri ez baikara jabetzen mehatxuak erabailiz komunikazio eredu bortitz bat ari garela ezartzen.

Guri helduori ere gustatzen zaigu gure nahiak kontuan izatea, ezta? Bada, berdin ume txiki baten kasuan ere. Haurrak behar duena da agindu gutxi eta informazio asko. Berarekin konfiantza baldin badaukazu, errespetuarekin eta samurtasunarekin tratatzen baduzu, eta azaltzen badiozu entxufearen zuloan hatzak sartuz gero mina hartuko duela, berak ulertu egingo du. Umea pertsona da, eta inor okertua baldin badago, gu helduok gara okertuak gaudenak. Haurrak nahiak ditu, baina nahi horiek askotan gure planteamenduen aurka doaz: lagunekin gelditu gara eguerdian eta umea oraindik jolasean ari da; nola konpontzen da hori? Denbora apur bat errespetatzen badiozu, berak onartuko du zure eskaera, umeak oso esker onekoak baitira.

 

Gaur egun daukagun arazo handia da lan asko egiten dugula, eta oso nekatuak iristen garela etxera. Orduan, objektu bat harremanagatik ordezkatzen dugu, objektua ematen diogu isilik egon dadin, eta hori perbertsioa da. Gero, haurra zintzoa izan dadin nahi dugu!