Arkitektura proiektu pedagogikoaren laguntzaile

2013-01-20
Espazioen antolaketari buruzko jardunaldietan, Euskal Herriko bi haur eskolatako esperientziak ezagutarazi zituzten, Oiartzungo  Udal Ikastola Partzuergoko haur eskolakoa eta Baztangoa. Biek ala biek espazioa proiektu pedagogikoaren arabera diseinatu eta antolatu dute, hezitzaileek eta arkitektoek elkarrekin egin baitute lan haur eskola berriak eraikitzeko garaian, eta baita bi herrietako udalek ere.
Baztango haur eskolaren esperientzia aurkeztu zuen Kristina Goñi zuzendariak. Elizondon kokatua dagoen haur eskola honen abiapuntuan hiru gako daude, Goñik azaldu zuenez. “Batetik, arras ongi pentsaturiko proiektu pedagogiko bat; udalaren konfiantza osoa eta beste hainbat proiekturen ezagutza”; Reggio Emiliako udal haur eskolak ezagutu zituzten, baina baita Euskal Herriko beste zenbait ere. Abiapuntu horrekin eta “borondate izugarrizkoarekin” hezitzaileak, udala eta arkitektoak elkarlanean hasi ziren.
 
 
Arkitektura proiektu pedagogikoaren laguntzaile
“Umeak zoriontsu izango ziren leku bat” nahi zuten hezitzaileek, euren beharrak —loa, jana, komunekoak…— asetzen lagunduko zien espazioa, irakaskuntzarako eguneroko ohiturak oso inportanteak direla ikusten baitute hezitzaileek, baina baita  aske mugitu ahal izango zuten leku bat eta bakoitzari bere nortasuna lantzeko eta garatzeko aukera emango zion eskola. Familiei leku egingo zien eskola bat nahi zuten, halaber, eta gardena izango zena.
0-3 urte bitarteko haurrak hartzen dituzte, Nafarroako haur eskola gehienek bezala, eta adinaren arabera bereizten dituzte geletan. Hezitzaileek bikoteka egiten dute lana talde pedagogikoan. Umeentzat, hezitzaileentzat eta gurasoentzat plaza bat dute eskolako sarreran eta, gelez gain, bi tailer dituzte,  eta horietan esperientziak eskaintzen dizkiete umeei, baina jarduera horiek ez dizkio hezitzaileak gidatzen, “gure lana tailerra prestatzea da, estetikoki erakargarria izatea, baina umeak aukeratuko du zer egin, nola landu bere kreatibitatea”. Tailerrez gain, haurraren nortasuna lantzeko eremu berezitua dute, non argiarekin eta itzalekin jolas handiak egiten dituzten.
Altzariei dagokienez, gutxi baina arras ongi pentsatuak eta eurek diseinatuak jartzea erabaki zuten, funtzionalak, eta  haurrei mugitzeko eta arakatzeko aukera emango dietenak, eskailerak eta aldapak dituztenak. 
Kanpoko espazioari ere garrantzia handia ematen diote, paraje berde ederrean baitago kokatua haur eskola. Belardiz inguratua eta malda baten ondoan, plastikozko elementurik ez jartzea erabaki dute, elementu naturalak lehenetsiz. 
Oiartzungo haur eskola berriak urtebete dauka, eta berau diseinatzeko garaian ere hezitzaileen proiektu pedagogikoa oso kontuan izan zuen Ager Iñarra arkitektoak. Kasu honetan ere, arkitektoaren prestasunaz gain, udalaren jarrera ere giltzarri izan zen haur eskola berria eraikitzeko garaian. 
Oiartzungo Haur Ikastola Partzuergoaren barruan dago zentro berria, eta herrian banandurik dauden beste hiru zentroetako proiektu berbera jarraitzen du. Guztietan 
0-3 urte bitarteko haurren heziketaz arduratzen dira, zikloa ez haustea eta bere horretan mantentzearen aldeko apustua egin baitzuen udalak, eta gainera, ratioak ohikoak baino txikiagoak dira.
Haur eskola berria eraikitzeko garaian, Oiartzunen ere proiektu pedagogikoak 
izan zuen lehentasuna, Mari Jose Arozena zuzendariak azaldu zuenez, eta hango hezitzaileen urte askotako eskarmentua nahiz Euskal Herriko hainbat zentrotara eginiko bisitak (Iruñeako udal haur eskoletara, Lazkaokora, Pasaiakora…) lagungarri izan ziren espazioa diseinatzeko garaian.
 Lehenik eta behin, kokagunea bera da aipatzekoa, goizeko eguzkiari garrantzia 
eman baitiote, eta horregatik, eki-hegoaldera biratua dago eraikina. Inguruneari dagokionez, barrukoari bezala, kanpoko antolaketari garrantzia handia eman diote, eta harri txintxarra, egur enborrak, hondar eremua eta uraren txokoak dituzte haurrek esploratzeko eta jolasteko. Ondoan, gainera, malda dute, eta leku garrantzitsua bilakatu da berau umeentzat, baratzea bezalaxe. Ingurunea ordea, ez da bukatzen haur eskolako atarian, haur eskola kanpora ateratzeko filosofiarekin lana egiten baitute guraso eta hezitzaileek, herrira, soroetara eta auzoetara zabaldu  nahi baitute proiektua. 
 Barrualdeari dagokionez, plaza edo sarrera nagusi batek hartzen ditu umeak, hezitzaileak eta gurasoak, eta bertatik sukaldera 
ere gerturatu litezke, sukaldea ikastolako gune garrantzitsua baita, eta haurrek eta familiek sukaldariekin komunikazio zuzena dute.