Ikastolak diru publikoarekin lagundu ahal izateko lege koadro berri bat aztertzeko bilkurak hasi dituzte

2013-02-06

Bilkurak eta mobilizazioak egiten ari dira Baionako Suprefetak Hendaiako Herriko Etxeak ikastola laguntzea mehatxupean jarri ostean.

Seaskako lehendakari Paxkal Indo eta Colette Capdevielle diputatu sozialistak bilkura egin dute Falloux legea nola egokitu edota ikastolen diruztatze publikoa ahalbidetuko duen lege berri bat nola osatu aztertzeko. Legea egokitu ezean, eta 1850eko Falloux Legea aplikatuz, Hendaiako Herriko Etxeak ezingo luke hango ikastola lagundu Suprefetak mehatxu egin zuenez, eta Seaskako beste hamaika ikastolaren etorkizuna ere zalantzan egon liteke.

 
 

Izan ere, 1850eko lege horrek debekatu egiten du ikastetxe pribatuei diru edo eraikin publikoak ematea. 

Bestalde,  Frantxua Maitia EEPko presidenteak eta Paueko prefetak eta Baionako suprefetarekin bilera egin dute Pauen, eta jarrera baikorra azaldu dute guztiek. Bi eskari egin dizkie Maitiak Estatuaren ordezkariei. Batetik, Hendaiako ikastolarentzako soluzioa bilatzea galdegin die, eta, bestetik, lege koadroa aldatzeko aterabidea aztertzeko. 

Bilkuretatik haratago, Falloux Legea dela-eta ikastolen inguruan sortu den krisiari aterabidea eskatzeko, mobilizazioekin jarraituko dute irakasle, ikasle, guraso eta herri ordezkariek.